"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bada gurean Yukio Mishima euskaraz leitzeko beta. Primerakoa. Japonieratik zuzenean itzulia, Hiromi Yoshidak ekarria. Horra hor, apaletan Arratsaldeko Atoiuntzia. Bada sarean Zinemaldiak dakarren Schraderren Mishima: A Life in Four Chapters maisu berritutako harribitxia euskarazko azpitituluekin dastatzeko aukera. Bada zinemak sortutako zauri urrezko honetaz egun gozatzeko/sufritzeko tenorea. Tenore ezinbestekoa.
Mishima, Yukio; Schrader, Paul; Glass, Philip; Ogata, Ken. Gidoian beste Schradertar bi, Leonard anaia eta honen emaztea den Chieko idazle japoniarra. Ekoizle/babesle/lagun, kide/ konplize lanetan, afanetan, balentrietan Francis Ford Coppola eta George Lucas. Arte eta Jantzi Zuzendaritzan pareko gutxi izan zuen Eiko Ishioka emakume aparta. Francis Forden Drakularen diseinu osoa da berea. Cronenbergen M. Butteflyrena ere. Argazki kontuetan nor eta John Bailey, Panavision markako hainbat eta hainbat leiar garatzen lagundu zuena. Biek batera, John eta Eiko, Eiko eta John, Cannesen irabazi zuten ikur berezia Schradertarren pelikulan erakutsitako merituengatik.
Mishima. Bizitza bat.Lau kapitulutan. Mishima, Yukio. Idazlea. Soldadutza egin ez zuen samuraia. Samurai Zoroa. Ez eroa, zoroa baizik. Japonia salbatu behar zuen armada pribatua sortu zuena. Herrialdeko soldaduak erreboltara deitu zituena. Oihuka eraso zutela eta askotan idatzitako «Garaipena kaskarkeriaren alde da sarri» esaldia buruan zein bihotz minduan borborka, bere buruaz beste egin zuena. Sepukku erritua azken harriraino eramanaz. Lagun/zerbitzari gazteak moztu zion burua. Ez lehengo ebakiaz. Dar dar baitzituen eskuak.
Mishima. Bizitza bat.Lau kapitulutan.Barrokoa. Teatrala. Zuri beltzean pasarte askotan, non Mishima, Yukio San Sebastiani (Sebastiane gurea) so dagoen. Done Sebastian gurea, bai. Geziz urratua bere gorputz ederra. Martirioaren oinazea eta estasia. Gure patroiarena. Mishima, Yukiorena.
Zuri beltzean noizbehinka. Beluseko dir-dir egiten duten kolore itsugarrietan beste hainbatetan. Mishima. Bizitza bat. Lau kapitulutan. Taxi Driver, El placer de los extraños, La última tentación de Cristo, El reverendo filmak zuzendu edo idatzi izan dituen Schraderrena. Schradertarren atrebentzia. Coppola eta Lucasen konpainian. Heriotzaren antzerkia deitu izan dute pelikula hau. Sortzaile bikaina, markaz kanpokoa izan zen sasi buruzagi eskuineko baten portreta paregabea. Japonian ezin izan zuten estreinatu bere garaian. Mehatxatu baitzituzten zinema-jabeak.
Mishima. Bizitza bat.Lau kapitulutan.Desiratu zuen berak Nobel Saria. Ez zuen ez lortu. Nola eskuratuko zuen? Sekula ez baitzen politikoki ortodoxoa izan. Aspaldi zaharrean desagerturiko Inperio bat ametsetan. Samurai zaharren kodearen mireslea. Zigortu izan zuen gorputz berea gerlari batena bilakatu zedin. Zigortu gorputza. Zigortu arima. Zigortu idazkera. Garbitu arte. Findu arte. Orbangabea izan arte.
Mishima. Bizitza bat.Lau kapitulutan. Homoerotikoa. Sadomasokista. Ezohikoa. Gaurko/Biharko klasikoa.
Begoña del Teso