"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Imma Merinok Zinemaren historia eta Hedabideen analisia irakasten ditu Gironako Unibertsitatean, eta Sormen dokumentala, aldiz, Pompeu Fabra Unibertsitateko Zinemako eta Ikusentzunezko Ikasketa Garaikideen masterrean.
“Oso harreman luze eta maitekorra dut Zinemaldiarekin –aitortu digu zinemaaditu katalanak–; uste dut 1985ean izan zela lehen aldiz, Filosofia ikasketak amaitu berritan. Lagun zaharrago batzuk kotxez ekarri ninduten Bartzelonatik eta Igeldoko kanpinean egon ginen. Laupabost egun eman genituen bertan eta atzo izango balitz bezala gogoratzen dut La corte de Faraón, The Purple Rose of Cairo, Desperately Seeking Susaneta Prizzi’s Honor ikusi genituela. Gero, 1989az geroztik, urterourtero etorri naiz.... Inoiz etortzeari utziko banio, sekulako hutsunea sentituko nukeen. Horregatik, José Luis Rebordinosek epaimahaikide izateko hots egin zidanean izugarrizko ilusioa sentitu nuen. Zinemaldiarekiko nire fideltasunari aitortza moduko bat bezala hartu dut gonbita”.
Irakaskuntzatik kanpo, “El Punt” egunkariko (orain, “El Punt Avui”) zinemakritikaria eta kulturakazetaria den Imma Merinok adierazi digunez, film bat ikusterakoan ez du ezer zehatzik bilatzen. “Filma da proposamenak egin behar dizkidana: xehetasun poetikoak, narrazioak uzten duen arrastoa nahiz ezustekoren bat... Egunerokotasuna bera ere ezin ederragoa izan daiteke. Detaile txiki horietan baitago, izan ere, zinemaren poetika. Pelikula batean ez dut perfekzioa bilatzen, ideia ahaltsu, ausart edo ezustekoren bat baizik”, argitu digu.
Zuzendari berrien lanak epaitzeko ardura duen epaimahaiaren lan dinamikaz hauxe kontatu digu: “Normalean elkarrekin goaz zinemara eta filma ikusi aurretik eta ondoren komentatzen dugu. Oraingoz nahiko ados gaude, baina aurreraxeago ez legoke gaizki pixka bat liskartzea. Petsona xarmagarriak dira nire epaimahaikideak, profesional interesgarriak, adin ezberdinetakoak, sentikorrak, atseginak..., oso eroso sentitzen naiz beraiekin”.
Eta batbatean, zinemaadituari barruan daraman filosofoa atera zaio: “Gizakiok sentsazioz, zirrarez eta pentsamenduez osatuta gaude. Aitzitik, film intelektualek ere dardararaz nazakete. Azken finean, guztiak ikusleak gara eta pelikulen aurrean bizi izan dugunaren, pentsatzen dugunaren edo irakurri dugunaren arabera erreakzionatzen dugu. Bizitu, pentsatu eta sentitu. Horrekin nahikoa dugu film bat ulertu eta aztertzeko”.
Ikusle moduan, Muriel Boxi eskainitako atzera begirakoaz gozatzen ari dela esan digu Immak: “Ustez zineman aditua izanik, aitortu behar dut ez nuela Muriel Boxen lana ezagutzen. Haren lau film ikusi ditut eta ahal izanez gero, gehiago ikusteko asmoa dut. Izugarri interesatzen zait emakume zinemagileen lana, esate baterako, orain pare bat urte Zinemaldiak Dorothy Arzneri eskainitako zikloarekin zoratu egin nintzen”.
Gaur egun, “Pensar una pel·lícula: Carol” liburuaren argitalpena prestatzen ari da, eta bertan bilduko ditu zenbait egilek Todd Haynesen filmari buruz idatzitako testuak.
Sergio Basurko