"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Peter Strickland zinemagile independentearen film berriak Italiako gialloaren kutsu nabarmena dauka, alegia, Dario Argentok eta beste zenbait italiar egilek 70eko hamarkada hasieran asmatu zuten azpigeneroarena, zeinean thrillerra eta beldurrezko zinema uztartzen diren. Gogoratu, besterik ez bada, Stricklanden Katalin Varga filmak Zilarrezko Hartza irabazi zuela Berlinen, 2009an.
Orduz geroztik, kultuzko zinemagilea bilakatzen ari den Stricklandek, beste hiru film egin ditu, Berberian Sound Studio (2012), The Duke of Burgundy (2014) eta atzo Sail Ofizialean aurkeztutako In Fabric. Hirurak film oso pertsonalak, zinemagile baten begirada erakusten dutenak.
Arestian esan bezala, In Fabricen, Italiako gialloaren estetika eta moldeak erabili ditu beldurra, umorea eta absurdoa uztartuz. Protagonista soineko gorri bat da, bere erosleak edo erabiltzaileak hiltzen dituena. Giro zehatz batean kokatu du filma zuzendari britainiarrak, 60ko hamarkadara atzera egiten duen arropa saltoki batera. Elementu fetitxistak eta erotikoak txertatzen ditu, eta lanak mundu gotikora eta banpirikora gerturatzen gaitu, halaber.
Strickland: “Zoragarria da gurea bezalako film bat Sail Ofizialean egotea”
“Saltoki handi horietan sartzea, eta batez ere Erresuma Batuan, beste mundu batean sartzea zen. Ez zen ohiko denda bat. Film hori garai hartan nintzen haurraren ikuspegitik egiten saiatu naiz. Ikusten genuen nola manikietan arropatinteek arrastoa uzten zuten. Arraroa izan daiteke hau, baina gorputzeko fluxuek arropan bukatzen dute, izerdiarekin gerta daitekeen bezala. Arropak giza gorputzean duen kontaktu horretatik abiatu naiz”, esan du zuzendariak.
Hilerokoarekin dagoen manikiaren bidez edo alutik barrura moda aldizkari zati bat sartzen duen dendariaren bidez, ikuspuntu erotikoak eta fetitxistak erantsi dizkio Stricklandek bere lanari. “Tinte gisa erabiltzen da menstruazio odola. Soinekoaren garrantzia hori aleatoria da”, nabarmendu du. Aleatorioa den bezala soinekoaren jokaera edo hiltzeko erabakia. “Minbizia bezalakoxea da, aleatorioki hiltzen du, nor den begiratu gabe”.
Andy Starke ekoizleak, bestalde, filmeko jantzien diseinatzaile Jo Thompsonen lana goraipatu du: “Mamu soineko hiltzaileak oso ezaugarri zehatzak behar zituen, soinekoa bera baita filmeko protagonista. Ehun natural eta arinekoa behar zuen izan, joskerak soinekoaren eroria mesedetu zezan, eta tonuak, noski, odol gorri kolorekoak. Dendako saltzaileek, berriz, viktoriar itxurako janzkera behar zuten, Dickensen eleberrietan deskribatzen direnen antzekoak. Emaitza ikusita esango nuke alderdi estetikoa filmaren lorpen garrantzizkoenetakoa dela”.
Bestalde, ezin aipatzeke utzi Marianne JeanBaptiste, Gwendoline Christie, Richard Bremmer eta gainerako aktorezerrendaren antzezpen ezin egokiagoak.
Kursaaleko emanaldian zehar ikusle batek baino gehiagok aretotik alde egin duen arren, filma Urrezko Maskorra irabazteko lehiatzen da. Egileak harritu egin ziren lehiaketan parte hartuko zutela jakitean, “gure lana lehiarako aukeratu izanak asko esaten du Zinemaldiaren ausardiaz”, ziurtatu dute.
Sergio Basurko