"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Léa Mysius gidoilari eta zuzendari frantsesak zinemajaialdi ugari ezagutu ditu bere ibilbidean, film laburren zein luzeen egile edo kolaboratzaile gisa. Egunotan, jaialdi baten barrunbeak ondo ezagutzeko aukera emango dio Donostia Zinemaldiak. “Oso pozik nago, urtebete daramat nire lehen film luzea, Ava, jaialdietan erakusten eta Donostiakoa aukera ederra da beste ikuspuntu bat edukitzeko eta film ugari ikusteko”.
Literatura ikasi eta gidoigintzan graduatu ostean, hainbat zinemajaialditan aukeratutako eta saritutako hiru film labur zuzendu zituen Mysiusek: Cadavre exquis, Les oiseauxtonnerre (Canneseko Cinéfondatión sarirako aukeratua eta 62. Donostia Zinemaldiko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan hautatua) eta L’ îlejaune, Paul Guilhaumerekin batera zuzendua.
Zinema guztiak interesa pizten diola aitortu du zuzendari frantsesak. Hala ere, naturalistak diren pelikulak ez ditu oso gustuko nahiz eta salbuespenak daudela aipatu: “kontatzeko modu berritzailea duten filmak atsegin ditut, batik bat, hegan egiten uzten dutenak”, dio Mysiusek. Egile batek unibertso bat eraikitzea, berezko mundu bat izatea baloratzen du gehien zuzendari frantsesak. Eta, azaldu duenez, aurtengo Zuzendari Berriak sailean horixe aurkitu du. “Herrialde askotako pelikulak daude, oso begirada desberdineko jendearena, unibertso propioa duen jendearena”, esan du.
Mysiusen adinari erreparatuta, norbaitek pentsa zezakeen zuzendari berri talde honen zinemagintzarekin sintonía berezia senti zezakeela. Baina ez da zuzena. “Globalizazio moduko bat badago, baina nik ez daukat zerikusi handirik zuzendari gazte hauetako askorekin”, dio Léa Mysiusek, “40. hamarkadako pelikula argentinar batengandik gertuago sentí naiteke, adibidez”. Bere esanetan, zaharkituta geratzen diren pelikula berri asko daude eta, aldiz, gaur egun oraindik modernoak mantentzen diren film zahar asko daude.
Eskarmentu handia du Mysiusek ikusle bezala, baita egile bezala ere. Bere lehen film luzea Ava izan zen, 2017an estreinatua, Canneseko zinemajaialdiko SACD sariaren irabazlea. Azken urte hauetan, beste zuzendari batzuekin ere aritu da lanean. Arnaud Desplechinekin batera Les fantômes d’Ismaël idatzi zuen, 2017an Canneseko zinemajaialdiari hasiera eman zion filma, eta 2018an Les ennemisidatzi du André Téchinérekin eta berriz ere aritu da Arnaud Desplechinekin elkarlanean Roubaix, une lumière filmean. Gaur egun Claire Denisekin lanean dabil, gidoi berria idazten. Donostian igarotzen ari den egonaldian elkarlanean ari dira lau eskutara gidoi bat sortzen. “Niretzako idaztea zein beste norbaitentzat idaztea berdin gustatzen zait, nahiz eta oso ezberdina izan”, esan du zuzendari frantsesak. Bien bitartean, bere bigarren film luzea idazten ari dela aurreratu du, “lehendabizikotik oso desberdina izango dena”.
Taldeko erabakia
Epaimahai gisa aste honetan duen egitekoari buruz galdetuta, Léa Mysiusek kontu bat argi dauka: “gustu kontua da zinema, baina epaimahai batean, nahiz eta asko eztabaidatu, erabakia taldean hartu beharra dago”. Epaimahaiko kideek batera ikusten dituzte filmak. Ondoren, gutxi hitz egiten omen dute. “Nahiago dugu pelikulari arnasa hartzen utzi, pausatu; pelikulek heltzen uztea ona dela uste dut”, dio.
Irene Elorza