"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Nashen Moodley Sydneyko zinemajaialdiko zuzendaria da eta haren agintepean hazkunde handia izan du jaialdiak. Hazkunde jarraituko bederatzi urteren ondoren, iazko 64. edizioan 184.000 ikusle baino gehiago bertaratu ziren aretoetara.
“Jakina ezagutzen nuela Donostia Zinemaldia, entzute handia du zinema munduan, bereziki Espainiako eta Latinoamerikako filmez ari garenean. Pozik nago –aitortu digu Moodleyk– epaimahaikide zereginez aparte, jaialdiaren funtzionamendua barrutik ikusteko aukera izaten ari naizelako. Eta bestalde, asko motibatzen nauten filmak ikusteko eta zinemagile berriak deskubritzeko egokieran nagoelako”.
Sydneyko eta Donostiako zinemajaialdien eta hiri bien artean paralelismo ugari antzeman ditu zinemaaditu hegoafrikarrak: “Bi hiriak ederrak dira, bietan ere primeran jaten da. Haatik, garrantzitsuena publikoa da, ikusleek zinemarekiko duten jarrera eta maitasuna; aretoetara sartzeko ilara amaigabe horiek ikustean zinemak oraindik etorkizuna baduela konturatzen naiz”.
Nataleko Unibertsitatean, Hego Afrikan, gradua atera eta geroztik hainbat egunkari eta aldizkarirekin kolaboratzen eta zinemari eta kulturari buruz idazten du “The Guardian”, “The Daily News” edo “The Mercury” bezalako argitalpenetan. Zinemakritikaria ere bada eta hainbat jaialditako nazioarteko filmaukera gainbegiratzen du. “Zinemaldia beste jaialdi askotarako erreferente bihurtu da, baita Sydneykoarentzat ere, batez ere gaztelaniaz egindako filmen bila zabiltzanean. Sydneyn film horien falta sumatzen dugu. Eta Donostia toki aproposa da Espainian eta Latinoamerikan egindako pelikulak deskubritzeko. Beraz, Horizontes Latinos eta Made in Spain sailetako filmak ikusten saiatuko naiz aurkikuntzarekin bat egiteko nahian”, ziurtatu du.
Aurrez, Toronto, Rotterdam, Durban eta Tokioko zinemajaialdietan epaimahaikide izan denez, aurreko esperientzia haiekin zer alde nabari duen galdetu diogu: “Jaialdi bakoitzak bere berezitasunak dauzka eta hiri bakoitza desberdina da. Donostia oso hiri atsegin eta ibilerraza da. Hots, zinemaaretoak denak elkarrengandik hurbil daude eta filmen artean mokadutxo bat hartzeko dozenaka leku dituzu eskueskura. Zinemajaialdi eroso askoa duzue”.
Nolanahi ere, zuzendari berrien atalean konkurritzen duten filmetan zera bilatzen du epaimahaikideak: “Lehenengo eta behin, hunkituko nauten istorioak bilatzen ditut, bai horien ausardiagatik nahiz munduarekiko duten ikuspegiagatik; eta bigarrenik, euren lana ikusi eta gero halako lorratza uzten duten egileak, oraindik ernatu gabeko kimuak izanik, etorkizun oparoa erdiesteko aukerekin ikusten dituzun zuzendari berriak”.
New Directors sariaren epaimahaiko gainerako kideekin primeran moldatzen dela kontatu digu: “Orain arteko lan dinamika ez da erotzeko modukoa izan; egunero bizpahiru film ikusten ditugu, eta zinematik kalerakoan ikusitakoaz hitzaspertuan egoten gara pintxo batzuk eta txakolin trago batzuk hartuz. Laster Zinemaldiaren erdiko bilera egingo dugu irizpideak komunean jartzeko. Orain arte dezente ados gaude, baina beste jaialdietako nire esperientziaren arabera, ikamikaren bat edo beste izango dugu azken epaia eman aurretik. Halere, Profesional interesgarri eta jantziak dira denak. Egia esateko, oso esperientzia interesgarria izaten ari da”, amaitu du.
Sergio Basurko