"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Pelikula honen oinarri, ardatz, inor gutxik ezaguturiko antzerkigile baten lana dugu. Abizen ospe handikoa, oiartzun misteriotsua: Shelley. Izena ere ez zuen edolonakoa: Elsa, Charles Laughtonen emazteak bezala; Elsa Lanchaster, Frankensteinen kreatuaren bikotekidea gorpuztu zuena. Elsa Shelleyena da Muriel Boxen Too Young to Love film ausartaren abiapuntu atrebitua. Izan ere, izenburutik beratik atrebimendu hori sumatuko dugu: Pick Up Girl, kaleetan, prostituta izan barik, gizonezkoen arrantzan, ehizan dabilen neska. Gizonetan diharduena. Diru truk? Ez da ezinbestekoa. Izan daiteke saloi eder batean elkarrekin edango duten champagnekopa baten truke. Soineko luxuzko bat izan daiteke ordainsaria. Kotxe dotorean emandako paseoa. Zilarrezko eskumuturra. Larruzko lepokoa. Kontua da pick up girl horiek jasaten duten bizimodu petraletik atera nahi dutela. Arratsalde batez. Dantzaldi batez. Gau batez. Noizbehinka, bai. Noizbehinka, dantza saio horretatik, paseo horretatik, kopa horretatik hoteleko gela baterako pausoa, saltoa txikia da. Pentsatu gabe maten diren horietakoa.
Murielek filma egin baino 14 urte aurretik Elsaren antzerkilana Londresen estreinatu zen. West Enden, The New Lindsey Theatre Clubek taularatua. Arrakasta majoa izan zuen. Jendeari epaitegietan izan ohi diren dramak gogoko ditu. Arras laket eta atsegin. Hitzez beteriko dramak. Aktoreen abileziak frogatzen dituzten horietakoak. Frogatu edo kolokan jarri.
1959. Muriel eta Sydney senarra Welbeck Films ekoiztetxearen jabeak dira. Elsaren lana pantailara eramatea erabakitzen dute. Atrebentzia osoz. Gaur, bizi dugun garai kasto horretan, onartuko ez zena, ziur asko.
Hona hemen emaitza. Emaitza bihoztuna. Kontatzen duenaren oldarrari fier eusten diona. Beldurrik gabe. Makurtu gabe. Hitzak dira askotan gordinak. Kontakizuna da maiz zakarra. Baina Murielek eta Sydneyek ez dute amore ematen, ez dira inoiz belauniko jartzen. Laguntza eta konplizitate ezin hobea dute. Aktoreek ez diote errezelu horren hurbil, horren zelatari, horren salatari duten kamerari. Objektiboa luzaturiko erronkari heltzen diote urguilu garbiaz. Urguilu bera erakusten du Murielek. Eta konplizitate fina pertsonaia guztiekin. Aldamenean argazki zuzendari markakoa du: Gerald Gibbs. Juntatu zirenerako, Gerald bazen 1949ko Alexander Macendricken Whisky Galore komedia itzela argiztatu zuen teknikari primerakoa. Ez, ez ziren nolanahikoak film balent hau aurrera atera zutenak. Ez zioten beldurrik izan lau pareta artean hertsi filmatu behar izateari. ‘Sifilis’ bezalako hitzak erabili behar izateak ez zituen atzera bota. Gizarteak hutsaren parekotzat duten horien alde jartzen da zeluloidezko kuadrilla osoa. Harro. Hertfordshire konderriko Borehamwoodeko National Studioetan filmatzen zutelarik, bazekiten, seguru, zerbait balentriosoa ari zirela egiten. Garai horietarako ausarta. Egun, sinetsi ere! Are balientiagoa. Ez zuten espero ez Murielek, Sidneyek eta besteek urteak joan, mendeak etorri, euren lan hau guk balentria jotzea.
Begoña del Teso