"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Dantza filma ez da lehiatuko Urrezko Maskorra lortzeko, ordea, euskal dantzen ikuspegia mundu zabalera hedatuko duen pelikula ederra egin du Esnalek.
“Urteak neramatzan pentsatzen dantzaren munduarekin zerbait egin behar genuela”, adierazi du Esnalek. Behar horretatik abiatuta, Jauregirekin lanean hasi eta Urbeltzekin harremanetan jarri ziren, “dantzen atzean dagoen sinbologia” ezagutzeko asmoz. “Eta ohartu ginen sinbologia hori oso aberatsa zela”. Orduan, Jauregi eta Esnal filma irudikatzen hasi ziren, eta pelikularen unibertso estetiko eta plastikoaz arduratu den artistak aitortu duenez, filmaren koloreak eta jantziak “pentsatzeko eta birpentsatzeko” denbora izan zuten, hasieran ez zutelako “sosik ere” proiektua aurrera ateratzeko.
Zuzendariarentzat, film honen prozesua ez da nolanahikoa izan. “Zein dantzakera mota erakutsi nahi genuen erabaki behar izan dugu. Pelikulan dantza gutxi batzuk azaltzen dira, askoz gehiago daude euskal dantza tradizionalaren errepertorioan; beraz aukeratu eta kokatu behar genituen dantzak gure istorioa uler zedin. Ni dantzari izateak erabateko abantailak eman dizkit arlo horretan”.
Esnalek bi film egin zitzakeen: bata, fikziozkoa, aurkeztu duena, edo dokumentala bestela. “Nik Dantza-n beti pentsatu dut bi pelikula egon zitezkeela. Bat zen egin dugun pelikula, hasieratik nahi genuena; fikzio bat egin, sinbologia hori erabili eta istorio bat sortu. Eta bestalde, uste dut pelikula honek dokumental batzuk egiteko aukera ematen digula eta horretan ari gara, sinbologia hori guztia esplikatzen duen dokumentalsorta prestatzen. Hasierako asmoaren arabera, pelikula hau egitea zen, fikziozkoa, baina azkenean biak gauzatuko dira”, azaldu du.
Dantza-ren filmaketa Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia, Lapurdi eta Zaragozako hainbat tokitan egin da. Dantzariei dagokienez, berriz, Euskal Herriko hainbat dantza taldeetako, hala nola, Argia (Donostia), Duguna (Iruñea), Arkaitz (Añorga), Kezka (Eibar) edo Haritz (Elgoibar) 8 eta 82 urte bitarteko berrehundik gora dantzarik hartu dute parte filmean. “Ordu eta erdiko entseguak egiten zituzten, eta gero filmazioan dantzara eraman. Askotan 10 orduz izan ditut dantzan. Errepikatu, hemendik egin behar da, beste aldetik... Oso gogorra izan da, badakit”, onartu du. Eta haienganako esker oneko hitzak izan ditu: “Ez dira aktoreak, interpreteak bai ordea, ohituta daude oholtzara igotzen. Ez dakite aktoreak direla, baina badira”.
Horri lotuta, begiradarekin sentimenduak transmititzeko zailtasuna nabarmendu du Ainara Ranera dantzariak. “Ni administraria naiz; ez aktorea!”. Otamendik eta Irigoienek, beraien aldetik, esan dute esperientzia ezberdina izan dela, baina eroso sentitu direla dantzatzen zuten bitartean. “Gertuko planoetan pixka bat urduritu arren”, gehitu du Irigoienek.
Ezpatadantza eltxoen ziztadekin parekatu duen Juan Antonio Urbeltzen aburuz: “Pozik nago emaitzarekin, oso egokia izan da Telmok, Koldok eta dantzariek egin duten lana. Lorpen bat da. Pelikula honek ohorezko matrikula merezi duela iruditzen zait”. Eta gu, Victoria Eugeniako dantza aretoko erredakziotik, bat gatoz euskal folklorearen maisu zaharraren iritziarekin.
Sergio Basurko