"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Aski ezaguna den heroe batetik haratago dagoena islatzeko helburuarekin abiatu zuen Antonio Díaz Huertak bere lehen film luzearen proiektua. Bi urte igaro dira egitasmo hura 2016ko Donostiako Zinemaldiaren Koprodukzio Fororako aukeratu zutenetik, eta gaur aurkeztuko du emaitza Zinemira sailaren baitan.
Zuzendari madrildarra surfista zaletua da eta aspalditik ezagutzen zuen Aitor Franzesena ‘Gallo’ zarauztarraren ibilbidea. Aitor glaukoma batekin jaio zen, eta eskuineko begiko ikusmena galdu zuen hamalau urte besterik ez zituenean. Aholkuei entzungor egin eta surfa egiten jarraitu zuen, baina olatu batekin izandako zorigaiztoko istripu batean itsu geratu zen. Ordutik, iluntasunean aritzen da surfean.
“Beti kontatu izan da Galloren bizipenaren alde epikoa, baina niri gehiago interesatzen zitzaidan bere burua etengabe birsortzen ari den pertsonaren istorioa, bere izaera, edo bere alabarekin duen harremana”, azaldu du Díaz Huertak. Surfean aritzen den gizon itsuarengandik haratago doan azpitestu bat eraiki du zuzendariak, detaileetan oinarrituta. Horretarako, Franzesenak duen lagunsarea ezagutzera ematen du dokumentalak, adibidez. ‘Koala’k, Ibon Amatriainek, Izarrek eta inguruko lagunek garrantzi handia hartzen dute filmean, interesa mantenduz.
Pertsonaiaren muinera iristea ez omen da oso erraza izan, hala ere: “proposamena egin nionean berehala esan zidan baietz, baina pertsona hermetikoa da eta oso burugogorra, ez du alferrik borrokan egin 48 urtez gaisotasunaren kontra; horrek arrastoa uzten du nortasunean”. Díaz Huertaren arabera, “Aitorrek pertsonaia zoragarri bat eraiki du baina horren atzean zerbait gehiago dago”.
Euskal Herrian, Galizian eta Kalifornian sei astetan filmatu zen dokumental honi tonu eta tempo egokia emateko asmoz, argazkilaritza geldiaren aldeko apustua egin zuen egileak. “Optika finkoak aukeratu genituen, pertsonaia behatu nahi genuen, leundu eta humanizatu”, argitu du zuzendariak. Uretako irudiak grabatzeko, berriz, kameralari espezializatuaren laguntza izan zuten.
Hastapeneko proiektu hartatik gaur estreinatuko den dokumentalerainoko bidea biraketez beteta egon da, surf saio onak bezalaxe. “Errealitateak etengabe aldatu du proiektua, baina... hoberako”, dio Díaz Huertasek.
Irene Elorza