"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Senide batek kontatutako benetako istorio zahar batetik abiatzen da Baúles (Kutxak) film dokumentala egiteko ideia. Juanmi Gutiérrezi istorio ederra iruditu zitzaion Leongo mendialdeko Julián Lópezen bizitza misteriotsua. 1931. urtean, Lópezek kutxa handi batean sartu zituen bere gauza guztiak eta, haren emazte Candelasi ez beste inori ezer esan gabe, Mexikorako bidea hartu zuen. Berrogei urte geroago, eta Candelas hil dela hiru urte igaro direnean, ustekabean, Mexikotik gutun bat iritsiko da haren herrira, Loisera, Julianen heriotzaren berri emateko.
Leongo familia-etxean, txoko batean, Julianek Mexikora eramandakoaren antzeko kutxa zaharra aurkitzen dutenean, hirugarren kutxa baten bila hasten da zinemagilea. Bien bitartean, Espainiako familiaren eta Mexikoko familiaren arteko topaketaren lekuko da kamera. “Bi familien ikuspuntuetatik kontatu nahi zuen istorioa”, dio zuzendariak, “diptikoa da, filma, ondo bereiztutako 45 minutuko bi zatirekin”.
Juanmi Gutiérrez Márquezek ibilibide luzea egin du ikus-entzunezkoen arloan, bai sorkuntzan bai maila teorikoan. Dokumental ugari egin ditu eta gehienak zinema-jaialdi honetan aurkeztu ditu. Honela dio: “Zortea da hemen egotea, nahiz eta jakitun garen jokatu behar dugun mailan jokatzen dugula”. Bere lan egiteko modua “zaletu ilustratuena” gisa deskribatzen du.
Julian Lópezen ihesaren barne- -barneko arrazoiak atzeman ezean, hark Mexikora zer lotu zuen aurkitzen saiatzen da zinemagilea dokumental honetan. Espainiako familiak Ameriketara egindako bidaiaren kronika da filmaren bigarren zatia. “Elkarrenganako liluramendua sortu zen bi familien artean; bigarren belaunaldiak egiten du Lópezen bi bizitzen arteko lotura lana”, azaldu du egile gipuzkoarrak. Eta bidean, heriotzaz, bizitzaz, familiaz, norberaren askatasunaz eta memoriaz hausnartzeko aukera topatzen dute batzuek zein besteek.
I.E.