"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Filipa Ramos Lisboan jaiotako idazle eta argitaratzaile bat da; Londresen bizi da, eta bertan argitaratzaile nagusi gisa lan egiten du, arteari buruzko artikulu esperimentalak argitaratzen dituen art agenda edizio- eta artxibo-proiektuan. Arte garaikidearen eta zinemagintzaren arteko harremanek pizten dute haren interesa, eta artisten film, bideo eta instalazioetan ingurumen- eta ekologia-gaiak nola jorratzen diren eta espezie arteko harremanak (gizaki, ez-gizaki eta makinen artean) nola sustatzen diren ikertzen du nagusiki.
Ramos irakaslea da, orobat, Kingston Unibertsitateko Experimental Film MA eta Central Saint Martins-eko MRes Art Moving Image masterretan, biak ala biak Londresen. Horrez gain, Elías Querejeta Zine Eskolako irakasle-taldeko kide da eta maiz kolaboratzen du Basileako Institut Kunst-eko master-programan.
Artista bisualen eta zinemagileen filmak proiektatzen dituen Vdrome programako kuradore eta sortzaileetako bat da, halaber. Aurrez, Manifesta Journal-eko argitaratzaile elkartua eta Documenta 13 (2012) eta 14 (2012) erakusketetako kolaboratzailea izan da. Arteari, zinemari eta animaliei buruzko bere idatziak nazioarteko hainbat aldizkari eta katalogotan argitaratu dira. Duela gutxi, Animals editatu du (Whitechapel Gallery / MIT Press).