"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Agnes Johansen zinema-ekoizleak 1985etik dihardu zinemaren eta telebistaren industrian. Ikusle gazteentzako telebista-programen aurkezle eta ekoizle gisa hasi zen, eta 1998an bere gain hartu zuen Saga Film ekoiztetxearen ekoizpen-sailaren ardura, hura abian jartzen laguntzeko. 2001ean, Baltasar Kormákur zuzendari eta ekoizleak kontratatu zuen, bere bigarren film luzea, Hafið (The Sea), ekoizteaz arduratu zedin. Ondoren, Kormákurren Blueeyes Productions (Sögn ehf) konpainian hasi zen, eta ordutik dabil han ekoizle. 2012an telebistarako idatzitako proiektuak gehitu ziren konpainiaren jardueretan. Urte hartan bertan RVK Studios sortu zen, eta gaur egun RVK Studios etxearen etiketapean ateratzen dituzte ekoizpen guztiak, hala telebistako nola zinemako proiektuak. Ekoizle gisa lan hauek ditu bere filmografian: Mýrin (Jar City; Baltasar Kormákur, 2006), Kristalezko Globoaren irabazlea Karlovy Varyn; Djúpið (The Deep; Baltasar Kormákur, 2012), Fúsi (Virgin Mountain; Dagur Kári, 2015), Nordic Council Film sariaren irabazlea; Reykjavik-Rotterdam (Óskar Jónasson, 2008), 2012an Baltasar Kormákurrek zuzendutako Estatu Batuetako Contraband remakearen oinarria; eta Vargur (Vultures, 2018), Börkur Sigthorssonen lehenengo film luzea. Horrez gain, hamar ataleko Ófærð (Trapped ) telesaileko ekoizle exekutiboa izan da. Telesailak arrakasta handia izan zuen 2016an nazioartean, eta urte hartako fikzioko telesail onenaren Prix Europa saria irabazi zuen. Bigarren zatia, Trapped 2, postprodukzioan dago gaur egun.