"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zenbat aldiz ez ote garen konturatu nolakoa den gure ezezagutza Hollywoodekoa ez den zinemaz, hango ekoizpenaz, aktoreez, zuzendariez eta gidoilariez? Zenbat altxor eta begirada ezberdin ez ote zaizkigun zabaldu begi aurrean gure ohiko pantailetara inoiz iritsi ez ziren zuzendarien lanak ikusteko aukera izan dugunean?
Rattle of a Simple Man filmean, Manchester futbol taldeko zale koitadu eta konplexuz beteak prostituta baten etxean amaitzen du. Nola iritsi den horra, misterio. Bere talde kutunaren futbol partida ikustera hiriburura hurbiltzen den zaletu taldeko motzena da, ama musu bat ematera joan zaio autobusa abiatu baino lehentxeago, gainerako taldekideen algaren artean, baina strip-tease lokaleko barran zerbait edo norbaiten zain dagoen femme fatalek bera aukeratu du, seguru asko gizon on eta tolesik gabea ikusi duelako, edo aspertuta dagoelako zuzenean sexu bila datozen gizonekin. Edo konpainia xume eta atsegina nahi duelako, besterik gabe.
Harremana, beraz, atipikoa da hasieratik, eta hori da film honen ekarpenik handiena: ariketa fisiko axolagabeak ohe gainean egin ondoren Londreseko gau beltzera ematen duen terrazan te bat hartu nahi duen emakumearen eta amestu gabeko errealitatea aurrez aurre topatzen duen gizonaren arteko harremana nola bihurtzen den maitale berri biren arteko errealitatea.
Harrigarria da, era berean, garai hartan benetan ezohiko eta berritzailea zen sexualitatearen trataera, gaur egun ñoño samarra dirudien arren. AEBko Hollywoodeko filmetan 1964an ez zen ohikoa striptease bat edo emakumeak bikinetan ohe gainean ikustea. Ez zen ohikoa emakume ahaldunak ikustea, gaua nola eman nahi duten erabakitzeko gaitasuna eta konbikzioa duten emakumeak, hain zuzen ere. Eredua beste bat zen, noski: gizon dandyen protagonismoa ia erabatekoa; emakumearen bigarren mailako papera ia beti arduratsu eta eraman handikoa. Muriel Boxen filmetan, ordea, emakumea da gida bridatzen duena, gizona berak uste ez duen tokitik eraman nahi duena, pertsonalitate propioa daukana, ohe gaineko kaiera txuri batean mahaiko jokoetan aritzeko arazorik ez daukana, hain zuzen ere harreman bat bilatzen duelako, ez gau azkar eta hutsa.
Ingalaterrako filmak ez ziren, hala eta guztiz ere, Hollywooden estetikatik hain aparte, eta emakumearen apartamentuan girotzen den harremanaren eszenetan, elkarrizketetan, bada 60ko hamarkadako zinema amerikarraren isla, antzerkitik ere pixka bat: eszenatoki itxiak, espanturik gabeak, dena gidoiaren eta interpretazio bikainen mesedetan. Apartamentutik kanpo gertatzen den guztia, horrela, eszena nagusiaren osagarri moduko zerbait da, atrezzoa, zuzendariaren helburu nagusia zein den inola ere galarazten ez duen giroa: emakume baten eta gizon baten arteko solasaldi gizatiar eta sinesgarri bat eraikitzea.
Dena bukatzen denean, gizonak “eskerrik asko teagatik” esan ondoren bere burua goxotasunik gabeko kale gorrian berriro ikusten duenean, benetako errealitatea azaleratzen da: proxenetak, Londres gizatxarra, pasiorik gabeko bizitzara buelta. Eta, hala ere, beti geratuko da bigarren aukera, itxaropenerako leiho txiki bat. Baina aukerak aprobetxatu behar dira.
ALBERTO BARANDIARAN