"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
66. Donostia Zinemaldiko bost sailetan banatutako hamabost filmen artean bat aukeratzeko ardura dute Karmelo Vivancok, Amaia Revueltak eta Olga Cruzek. Mundu osorako estreinatutako euskal ekoizpenik onenari Euskal Zinemaren Irizar saria ematea “ardura handi” bat bezala bizi dute hirurek.
Karmelo Vivanco ekoizlea da, Baleuko etxearen bazkide sortzailea izateaz gain, Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiako eta Ibaia elkarteko kidea da. Bera da Irizar saria emango duen epaimahaiaren presidentea. Amaia Revuelta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean eta Donostia Kultura Zinema Unitatearen arimetako bat da. Olga Cruz, berriz, zinemako ile-apaintzailea da eta, besteak beste, 2018ko Goya saria irabazi zuen Ainhoa Eskisabelekin eta Gorka Agirrerekin batera Handia filmarengatik. Zinemagintzako hiru arlo desberdinetatik datoz hirurak, beraz, eta elkarrekin epaia emateko ikuspegi osoago bat izateko esperantza dute.
Revuelta eta Cruz aspaldiko ezagunak dira eta biek ala biek aurtengo jaialdian ezagutu dute Vivanco. “Komunikazio ona daukagula iruditzen zait, eta hori oso inportantea da”, adierazi du epaimahaiaren presidenteak. Bakoitza esparru diferente batetik etortzeari ondo deritzo Olga Cruzek: “Gauza ona da, ikuspegiak zabaltzen ditu eta hori konpartitzea biziki interesgarria da”.
“Askotariko hamabost film lehian aritzeak asko esaten du euskal zinemagintzaren orainaz”
Epaimahaiak funtzionatzeko duen moduaz galdetuta, askorik ezin dutela esan erantzunez desenkusa- tzen dira. “Ikustaldi gehienak publikoarekin izan dira, eta gutxi batzuk pribatuan, baina ezin dugu askorik kontatu”, dio Revueltak. Filma ikusi ondoren hausnartzeko beta hartzen
omen dute, Cruzen arabera, “espazio apur bat behar da, eta behin material osoa ikusita balorazioak egiten hasten gara, denon artean iritziak aberasteko”.
Aurtengo sarirako hautagaien artean aurkitu duten aniztasunarekin eta kalitate mailarekin txundituta daude epaimahaikideak. “Hainbesteko ekoizpena izatea zoragarria da”, dio Revueltak, “askotariko hamabost film lehian aritzeak asko esaten du euskal zinemagintzaren orainaz”. Une interesgarri bezain ederraren lekuko garela esatean ados daude. Vivancok kalitatean jartzen du begia: “Modu esponentzialean hazi dela irudipena daukat, talentu itzela dagoela ikusten dut”. Beteranoetan oinarrituta lanean ari diren gazte oso profesionalak daudela azpimarratu du ekoizleak.
Aurtengo Irizar sarirako lehian ari diren hamabost lanen artean denek pizten diete interesa hirukoteari. Ba- tzuk gertutik ezagutzen dituzte, beste batzuk deskubritzen ari dira aste honetan. “Musika, sukaldaritza, animazioa, dokumentalgintza… Oso anitza da eskaintza”, dio Cruzek. Zinemagintza mundua barrutik ondo ezagutzen dutenez, bereziki baloratzen dute lan bakoitzaren atzean suma- tzen duten lana. “Gehiago edo gutxiago gustatuko zaigu, eta bukaerako emaitza mugatzen duten hamaika baldintza daude, baina guztien atzean lan itzela dago beti”, dio Amaia Revueltak.
Finantziazio edo ekoizpen arazoak egon badauden arren, ofizioa azaleratzen ari dela uste du epaimahaiaren presidente Vivancok: “lehiakortasun maila handia lortzen ari da, dela Donostia Zinemaldia dela EiTB, dela fakultate edo azpiegiturak direla medio”. “Izan ere”, gehitu nahi izan du Olga Cruzek, “azpiegitura da guztia hazi eta industrializatu ahal izateko oinarria”.
Irene Elorza