"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
2029an, Ipar eta Hego Koreako gobernuek herrialdea bateratzeko plana iragarri eta gero, Sekta izeneko talde terrorista agertzen da gobernuari eta batasunari aurka egin nahian. Presidenteak polizia-dibisio berria sortuko du eraso horien kontra ekiteko. Baina, inteligentzia-zerbitzua, bere eragina murrizten dela ikusirik, azpikeriatan hasiko da Unitate Berezia suntsitzeko. Bi erakunde ultra boteretsuen arteko gatazkaren erdian, ‘Otso Brigada’ sekretua eratzen ari delako zurrumurruak agertuko dira. Giza arma horiei otso esaten zaie.
Lan hau Jin-Rô animaziozko film japoniarraren bertsio berria da. Izan ere, jatorrizko istorioa Mamoru Oshiiren sorkuntza da, Ghost in the Shell anime mitikoaren sortzailearena; azken hiru hamarkadetan izan den animegilerik talentuzkoarena. Ber- tsio berri honetan Kim Jee-woonek testuinguru berri batean kokatu du jatorrizko istorioa, Ipar eta Hego Koreako bateratze ahaleginaren testuinguruan. “Testuinguru aldaketaz gain –esan du zuzendariak–, animaziozko film baten eta benetako aktoreak dituen pelikula baten artean alde nabarmenak daude”.
Animea irudi errealean ematea ez dela erraza aitortu du zinemagileak, baina emaitzarekin konforme agertu da: “Jatorrizkoan pertsonaia asko dago eta oso lehorrak dira, hotzak, eta irudi errealak egiten duena da hezur-haragizko aktoreekin jokatzean emozioak ageriago daudela. Odol gehiago dago. Irudikatzen den mundua hotza da, baina emaitza emozio beteko filma da. Bestalde, erritmo oso bizkorreko akziozko pelikula da”, argitu du.
“Irudi erreala erabilita gizarteko arazo politiko eta sozialez jardun nezakeela konturatu nintzen, eta aldi berean protagonista oinazetuaren istorioa ere txertatu nahi nuen, mundu errealetik kanpo bizi dena baina neska ezagu- tzearen ondorioz hortik atera eta bere burua aurkituko duena”, azaldu du Jee-woonek. Jatorrizko lanean botere sekretuen arteko borroka dela nagusi ere esan du eta berak bi Koreen bateratzeaz jardutea erabaki zuela, batez ere gizarte korearrak bizi duen gatazka islatu nahi zuelako.
Filmeko gidoia idazten hasi zenean bere herrialdeko giroa “bestelakoa” zela ere esan du. “Aurreko gobernua indarrean zegoenean hasi nintzen idazten, gizartearen estutasun maila larriagoa zenean. Erakutsi nahi dudana da egoera hau gainditu egin behar dugula, etorkizunera begira jarri nahi badugu. Uste dut zinemak ez duela mundua aldatuko, baina mugimenduren bat eragin dezakeela sinetsita nago eta hori da, nire ustez, film honen eginkizuna. Eragin dezake, esaterako, gutxienez egoerak okerrera ez egitea”.
Itzulpenetan nahiko galduta ibili ginen prentsaurrekoan, poliziaren Unitate Berezi horiek otsoz mozorrotutako gizakiak ala gizakiz mozorrotutako otsoak ote ziren jakin ez bagenuen ere, 2010eko Zinemaldian I Saw the Devil lanarekin Sail Ofizialean lehiatu zen Jee-wooni ongi baino hobeto ulertu geniona zera da: “Netflix bezalako plataformak baliatu behar ditugu filmak egiten jarraitu nahi badugu”.
Sergio Basurko