Donostia Zinemaldiko 66. edizioaren atzera begirakoak Muriel Box-ek idatzi eta zuzendu zituen 28 film luzeak eskainiko ditu.
Boxen (Surrey, Ingalaterra, 1905- Londres, 1991) obraren ezaugarri nagusia –1945 eta 1964 artean garatu zuen, hala zinema-zuzendari nola idazle gisa– gai konplexuak eta galaraziak tratatzea izan zen –prostituzioa, adingabeen abusuak, abortua, seme-alaba ez-legitimoak edo nerabeen arteko sexua–, eta aparteko buru-argitasunez eta ausardiaz tratatu ere, filmak zer-nolako testuinguru sozial eta politikotan egin ziren kontuan hartzen badugu. Zuzendari honek gai horietan egindako ekarpena funtsezkoa da berrogeita hamarreko hamarkadako eta hirurogeikoaren lehen erdiko zinema ingelesean.
Dorothy Arzner –atzera begirako bat eskaini zitzaion 2014ko Donostia Zinemaldian– eta Ida Lupino estatubatuarren kasuan bezala, haren filmografia berrikustea funtsezkoa dirudi gaur egun, diskurtso feminista batetik emakumezko errealizadoreek hainbat testuingurutan eta zinematografiatan jokatu duten rol garrantzitsua aldarrikatzeko. Zinemazaleen artean nolabaiteko prestigioa duen arren, azterlan gutxi egin dira bere obrari buruz, eta haren inguruko aipamen labur batzuk baizik ez dira jaso zinemaren historia orokorrean.
Muriel Box zinema independentearen kanonetan sailka daiteke, nahiz eta genero klasikoetako gaiak landu zituen, hala nola melodrama, komedia, poliziakoa edo zinema historikoa. Haren lana, zinema-zuzendari gisa, zinema britainiarraren aldaketa-aro batean kokatzen da: ordukoak dira Ealing produkzio-etxearen komediak, beste zinemagile independente batzuen lanak –Michael Powell eta Emeric Pressburger, esaterako– eta lan dokumental kritikoen jaiotza, gero Free Cinema bilakatuko zena.
1905eko irailaren 22an jaio zen New Malden-en (Surrey), Violette Muriel Baker izenarekin, eta script modura hasi zen zinemaren munduan. 1935ean Sydney Box idazlearekin ezkondu zen eta, bien artean, handik bost urtera, Verity Films produkzio-etxea sortuko zuten, gerra-propagandarako film laburrak finantzatzeko xedearekin, Bigarren Mundu Gerran. Sydneyren arreba, Betty Box –1950eko hamarkadako ekoizle ingeles eraginkorrenetako bat– lankide izan zuten. Murielek The English Inn (1941) film laburra egin zuen Verityrako.
Hainbat antzezlan idatzi zituen, senarrarekin batera, antzeztalde amateurrentzat. Gerra ostean, senarra Gainsborough Pictures-eko zuzendari egin zutenean, Muriel gidoigintza saileko arduradun izatera pasatu zen eta The Lost People (1949) gerraondoko drama zuzendu zuen. Bernard Knowles hasi zen aipatutako filma zuzentzen, baina Murielek osatu zuen metrajearen ehuneko hirurogei. Filma Alemaniako antzoki batean dago kokatua, non bi soldadu britainiarrek hainbat iheslari zaintzen baitituzte.
1951n, Sydneyk London Independent Producers konpainia sortu zuen, eta bertan Murielek garai hartan ongi ikusiak ez zeuden –ez zineman eta ez britainiar gizartean– hainbat gai tratatu zituen, ia beti Murielek berak eta senarrak idatzitako gidoiekin. Egile-begiradaren eta genero-zinemaren arteko nahasketa batetik abiatuta lan egin zuen, eta horixe da, hain zuzen, haren bereizgarri nagusietako bat. Pribilegio batzuk izan bazituen ere, zinema-industriako hainbat aurreiritzi maskulinori –eta femeninori– aurre egin behar izan zien: aurreko urtean Jean Simmons aktoreak ahaleginak egin zituen Murielek ez zezan So Long at the Fair (1950) filma zuzendu eta, azkenean, Terence Fisher-ek eta Anthony Darnborough-ek zuzendu zuten. Muriel Box erraz adoregabetzen zen zuzendaria zen, dirudienez, baina, era berean, goranahia, nekaezina eta saiatua ere bazen.
14 film luze zuzendu zituen 1949 eta 1964 artean –baita labur bat ere–. Horien artean, sexuen arteko gerraren inguruko komedia erromantiko bitxiak nabarmentzen dira: To Dorothy a Son (1954), Shelley Winters protagonista duena eta pertsonaia batzuek herentzia bat kobratzeko dituzten gorabeherak ardatz dituena; Simon and Laura (1955), Peter Finch-ek eta Kay Kendall-ek errealitatean bikotekide diren bi aktoreren rola jokatzen dute eta BBCko programa baten protagonista bihurtzen dira; The Passionate Stranger (1957), Ralph Richardsonek txofer baten papera egiten du, eta bere ugazabandrearen –Margaret Leighton– ideia oker bat osatzen du, hark idatzitako eleberri erotiko bat irakurri ostean; The Truth About Women (1957), Laurence Harveyk antzeztutako pertsonaiak hainbat kontinentetan izan dituen maitasun-istorio koloretsu eta exotikoak birbizitzen ditu; eta Rattle of a Simple Man (1964), zuzendariaren azken filma, non futbolzale barnekoi baten eta prostituta baten arteko harremana kontatzen baita.
Dramaren arloan ere titulu distiratsuak ditu: The Beachcomber (1954), W. Somerset Maugham-ek alkoholari, erlijioari, puritanismoari eta epidemiei buruz idatzitako obra klasiko baten egokitzapena; This Other Eden (1959), non Irlandako gaia jorratu baitzuen, IRAko kide bati estatua bat egin nahi dioten hiri txiki bateko tentsioak kontatzearen bitartez; eta Too Young to Love (1960), adingabeen prostituzio eta abortuaren inguruko istorio bat, Estatu Batuetako epaitegi batean girotua, Thomas Mitchell-ek interpretatzen duelarik epaile beteranoaren papera. Kontakizun kriminal bitxiak ere filmatu zituen: Street Corner (1953), emakume polizia baten eguneroko lanari buruzkoa, erdi-dokumental gisa kontatua; Eyewitness (1956), non emakume batek hilketa bat ikusten duen zinema-areto batean, gero autobus batek harrapatzen duen eta, ospitalean, kriminalek jazartzen duten; eta Subway in the Sky (1959), gerraondoko Berlinen girotua eta Van Johnson eta Hildegarde Knef protagonista dituena.
1946an, Murielek jatorrizko gidoi onenaren Oscar saria irabazi zuen, senarrarekin batera idatzitako The Seventh Veil filmagatik, zeina Compton Bennettek zuzendu baitzuen. Bera izan zen gidoi onenaren Oscar saria irabazi zuen bigarren emakumezkoa, Frances Marion-en ondoren (bi aldiz irabazi zuen azken horrek, 1930ean eta 1932an). Errealizaziora igaro aurretik, gidoilari edo ekoizle gisa, berrogei eta berrogeita hamarreko hamarkadetako zuzendari ospetsu askoren filmetan parte hartu zuen, besteak beste, Terence Fisher, Compton Bennett eta David MacDonald-enetan.
Zikloa zuzendariari buruzko liburu baten argitalpenarekin osatuko da; Quim Casas-ek eta Ana Cristina Iriartek koordinatua, Rachel Cooke, Hanna McGill, Eulàlia Iglesias eta Carlos Losillak parte hartuko dute bertan, beste egile batzuen artean.
Ziklo hau Espainiako Zinematekarekin batera dago antolatuta, Lyoneko Lumière zinema-jaialdiaren, Valentziako Kultur Institutuaren Filmotekaren, Euskadiko Filmategiaren eta San Telmo Museoaren lankidetzarekin.
Behin Donostia Zinemaldian proiektatu ondoren, atzera begirakoa Espainiako Zinematekan, Madrilen, Lumière zinema-jaialdian, Lyonen, eta Valentziako Kultur Institutuaren Filmotekan ikusi ahal izango da, hurrengo urrian eta azaroan.
Robinson senar-emazteek –adin ertaineko britainiar bikote bat– Mediterraneoan zehar itsas bidaia egiteko asmoa dute. Seme-alabek haiekin joateari uko egiten diotenean, Britainia Handiko hondartza batera joateko erabakia hartuko dute. Espero baino lehen itzultzen direnean, "probako ezkontza" batean aurkituko dute alaba, eta ezkondutako emakume batekin maite-kontuetan semea.
Suizidio-ahalegin baten ondoren, Francesca Cunningham, mundu osoan ospetsua den piano-jotzaile bat, Larsen doktorearen eskuetan jarriko da tratamendu psikologikoa jasotzeko. Haren subkontzientean barneratuko da doktorea, gaur egungo egoerara zerk eta nork eraman duten jakiteko. Francescak aurre egin beharko die Nicholas menderatzaileak, haren tutore eta musika-mentoreak, pizten dizkion sentimenduei.
Asmatzaile gazte bat bere emazte itogarriarengandik dibortziatuko da eta, emakumeak saihesteko, gizonez soilik osatutako Gerra Bulegoko departamentu urrun batean aurkituko du enplegua. Gayk, koronelaren alabak, haren bakea aztoratuko du; neskak trauma osteko estresa du eta ezin du hitz egin. Asmatzailea liluratuta geratuko da harekin, baita emazte ohi hiztunarekin konparatuta ikusten dion aldearekin. Laster harekin maitemindu, eta ezkondu egingo dira. Hala ere, ezkondutakoan, beste kommozio bat izango du Gayk eta hitz egiteko gaitasuna berreskuratuko du.
Gerran hildakotzat jotako britainiar ofizial bat, Parlamentuko kidea bera, familiarekin etxera itzuliko da ustekabean. Emaztea berriz ezkontzear da, baita Komunen Ganberan haren aulkia betetzear ere, eta guztiek moldatu beharko dute egoera berrira.
Lee Warren atzerrira egindako bidaia batetik itzuliko da, eta Vivien emaztea desleiala izan zaiolako probak aurkituko ditu; beraz, haren maitalea nor den aurkitu, hura akabatu, eta suizidioa izan delako itxurak egingo ditu. Baina hura hil orduko, harremana eten zutela eta emazteak beste maitale bat duela jakingo du. Beraz, maitale berria erruztatzen saiatuko da poliziaren susmoak berarengandik aldentzeko.
Huggett familia kanpaleku batera joango da oporretan, eta jende ugari ezagutuko du han: gazte haurdun bat eta haren mutil-laguna, jokalari talde bat, hurrengo biktimaren bila ari den hiltzaile bat, senar bila ari den emakume ezkongabe bat, eta ama ezindua zaintzen urteak eman ondoren lehenengo aldiz oporretan den adin ertaineko andrea.
Mary Lawson eskoziar umezurtza Skye irlara iritsiko da Macrae sendiaren etxean neskame aritzeko. Mary bertan egoteak Macrae eta McFarish klanen arteko liskar zaharra areagotuko du, eta Macrae klaneko bi anaien artean boterea lortzeko borroka piztuko da.
Carlyon, XIX. mendeko kontrabandista, Andrews marinelaren tutorea da. Tutoreak ezarritako diziplina zorrotza dela eta, jazarrita sentitzen da Andrews; beraz, Carlyonen itsasontziko tripulazioa salduko du, eta kontrabandista batzuek espetxean amaituko dute. Carlyonek alde egingo du, ordea, eta Andrews bilatzeari ekingo dio. Andrews Elizabeth izeneko neskato baten etxean gordeko da, eta auzitegian kontrabandisten aurkako testigantza emateko eskatuko dio hark.
Filma lau ataletan banatuta dago, eta kinieletan dirutza irabazteak lau pertsona mota desberdinen gain zer eragin duen jorratzen du bakoitzak. Familia zoriontsua zoritxarreko bihurtuko da, antza denez kinielarik egin ez zutela jakin arte. Langile lasai batek ez du jakingo nola esan bere buruzagi autoritarioari badoala. Kontrabaxu-jotzaile batek utzitako orkestraren falta nabariko du eta beste batzuk delitugile bihurtuko dira.
Eddie borrero dabil, berea ez den izen bat erabilita, eta bigarren lan hori ezkutatuko du ezkondu eta emaztearekin Tamesis ibaiko gabarra batean bizitzen hasten denean. Bertan, gabarra-negozio bat zuzentzen du. Tragediak gogor astinduko du, ordea, Eddieren laguntzaile Olaf haren emaztea limurtzen saiatzen denean, eta bi gizonen arteko liskar batean itxuraz itota hilko da borreroa. Emazteak bere buruaz beste egingo du, eta Olaf urkamendira zigortuko dute.
Filmaren hasieran, Lyla Lawrence nerabe arazotsuari aholkuak ematen ari zaizkio Thorpe andereñoa, adingabeen auzitegiko burua. Thorpe andereñoak esaten dio Gwen Rawlingsen antzeko hastapenak dituela haren bizitzak. Gwen beti okerreko jendearekin elkartzen zen nerabe bat zen. Aitak ere jipoitzen zuen; beraz, etxetik alde egin eta arazoetan sartu zen. Erreformatorioan hiru urte igarotzera zigortu zuten.
Lagun bati esker, bere nagusia (laguntza humanitarioko nazioarteko erakundeko administratzailea) funtsak erabilera pribaturako desbideratzen aritu dela jakingo du Lord Brasteden idazkari pribatuak. Gorabehera ugariren ondoren, delitua argitara ateratzea lortuko du.
Elisabet erreginaren aitor-entzule ohiaren gutun bati esker, Espainiako gortean sartzea lortuko du Kristobal Kolonek, eta agintariak konbentzitzen saiatuko da han, mendebalderantz nabigatuz Ekialde Urrunera iristeko plana babestu dezaten. Gorteko azpikeriak gainditu, eta haren plana praktikoa dela sinestaraziko dio erreginari.
Alemaniar irakasle batek alabaren berdin-berdina den neska baten erretratua ikusiko du arte-galeria batean. Ustez, gerra garaian hil zen haren alaba. Neskak amnesia du, eta bilatutako gerra-kriminal baten babespean bizi da Europan. Alemania okupatuan dagoen Britainia Handiko armadako maior batek ahaleginak egingo ditu burokrazian eta espioi-konspirazio batean zehar aurrera egin eta neskatxa salbatzeko.
Bigarren Mundu gerraren ostean, bortxazko laneko eta kontzentrazio-esparruetako lekualdatu batzuk beren herrialdeetara itzultzeko zain daude, Alemanian, britainiar soldaduek zaindutako antzoki batean. Baina, zenbait urtez faxismoari aurka egiteko elkartu ondoren, liskarrak sortuko dira lekualdatuen artean: serbiarrak kroaziarren aurka, poloniarrak errusiarren aurka, erresistentziako kideak kolaborazionisten aurka, eta guztiak juduen aurka. Jan eta Lily elkarrekin maiteminduko dira eta ezkontzeko erabakia hartuko dute.
Lord familia –senarra, emaztea eta seme-alabak– Britainia Handiko jaialdirako eraikitzen ari diren auditoriumetik gertu dagoen fruta-denda baten jabea da. Lillian Lord arduratzen da dendaz, eta senarra, Henry, erretiratzear dagoen tren-gidari bat da. Egun batean, diseinatzaileen akats bat dela-eta denda eta etxea eraitsi behar direla esango dio Filch izeneko goi-funtzionarioak Lord familiari; izan ere, kale bat eraiki behar da. Dena dela, diru-ordaina jasoko dutela eta beste etxe batera lekualdatuko direla ziurtatuko die.
Eguneroko lana eta emakumezko polizien errutina, hiru istorio harturik ardatz. Lehenengoan, denda batean lapurtzeagatik atxilotutako 18 urteko neska bat da protagonista; bigarrenean, armadako desertore bat, bigamia kasu batean nahasia; eta, hirugarrenean, aitak eta amaordeak gaizki tratatutako haurtxo bat, poliziaren lanari esker berriz ere amarekin elkartu ahal izango dena.
Gray jauna Welcome irletako britainiar biztanle berria da. Han hiru europar daude soilik: Martha eta Owen Jones anaia-arreba misiolariak eta Ted Ohoragarria, gizarteak baztertutako mozkorra, Ingalaterrako familiak haiengandik urruti bizitzeko ordaintzen duena. Irlak koleraren mehatxupean erortzen direnean, Marthak eta Tedek elkarlanean jardun beharko dute eta ahalegin guztiak egin beharko dituzte hedatu ez dadin.
Osabaren bi milioiko herentzia jasotzeko, Estatu Batuetako emakume batek Britainia Handira bidaiatuko du bere senar ohiak seme-alaba gehiago izatea eragozteko. Izan ere, senar ohiak data jakin baten aurretik semerik ez badu jasoko du emakumeak dirua. Baina senar ohiaren emazte berria haurdun dago.
Ekoizle bati ideia bat bururatuko zaio 50eko hamarkadan: familia-telesail bat egitea, bizitza errealean zoriontsu bizi den aktore bikote bat harturik oinarri. Foster senar-emazteak aukeratuko ditu, eta dirua behar dutenez programa egitea onartuko dute, baina egiaz, ez dira inondik inora zoriontsu.
Lucyk senarrarekin liskarra izan eta etxetik alde egingo du. Zinemara joango da, eta, han, kutxa gotorra lapurtzean gerentea hiltzen ikusiko ditu bi delitugile. Lapurrengandik ihes egiteko premian autobus batek kolpekatuko du eta bertako ospitalera eramango dute. Bi delitugileak atzetik ditu, hura hiltzeko aukeraren zain, horrela erditik kendu ahal izango baitute euren eta hilketaren arteko lotura ezar dezakeen pertsona bakarra.
Eleberrigile batek dama baten eta haren italiar gidariaren arteko maite-harremanari buruz idatziko du. Haren italiar gidariak eskuizkribua aurkitzen duenean, bere ondorioak aterako ditu.
Sir Humphrey Tavistock-ek maite izan dituen emakumeekin izandako harremanen berri emango dio suhiari, hura ez baita gai, ez emaztea, ez oro har emakumeak ulertzeko, eta haiek estimatzen lagundu nahi dio.
Berlinen, armadako sendagile bati sendagaiak legez kanpo saltzea leporatuko diote, egia izan ez arren. Errugabea dela frogatzea erabaki, eta ihes egingo dio polizia militarrari. Emazteak Lilli Hoffman kabaret-abeslariari alokatzen dion pisuan gordeko da sendagilea, eta errugabea dela frogatzeko lagundu diezaion konbentzituko du.
Nerabe bati etxean gizon helduak hartzea leporatuko dio bizilagun batek. Adingabeen auzitegira eramango dute, eta han epaile atsegin eta ulerkorra aurkituko du buruan. Neskatoak bere istorioa kontatuko dio. Gurasoengandik arretarik eta orientaziorik jasotzen ez duenez, lagun txarrekin elkartu, eta marinel batekin amodio-kontuetan ibili ondoren abortua izan du. Azkenean, prostituzioa dela-eta atxilotuta amaituko du.
Gerra napoleonikoetan, errefuxiatutako haur talde batek Pirinioetan zeharko ihesbidean laguntzen du, baina arazoa planteatuko zaie haien segurtasunerako arriskutsua den etsai zauritu bat agertzen denean: salbatu beharko al lukete?
Percy Winthram Manchesterretik Londresera joango da futbol-koparen finala ikusteko. Partidaren ondoren, Sohoko strip-tease klub batera joango da kideekin. Percy gizon xalo eta lotsatia da. Lagun batek apustua botako dio: ezetz eraman ilehori bat etxera gaua harekin emateko. Percyk onartu egingo du. Ilehoriak, Cyrennek, guztia entzun du eta berak ere baietz esango du. Cyrennek bere jatorri aristokratikoei buruz hitz egingo dio, eta, Percyk, txundituta, harro hitz egingo dio bere konkistei buruz. Pixkanaka, haien arteko konfiantza eta maitasuna areagotuko da.