Ramón Barea aktore eta errealizadoreak Zinemira saria jasoko du aurten. Donostia Zinemaldiak eta EPE/APV eta IBAIA ekoizle-elkarteek banatzen dute sari hori, euskal zinemaren pertsona ospetsu baten ibilbidea omentzeko. Hain zuzen, Euskal Zinema eta ETB Galan banatuko da Zinemira saria, Victoria Eugenia Antzokian, Agirre Lehendakaria dokumentalaren eta Igelak fikzio-film luzearen estreinaldia baino lehen.
Ramón Barea Bilbon jaio zen, 1949an. (Autodidakta, nahiz eta nahiago izango zukeen irakasleak eduki). Meza-mutila izan zen bere parrokian, baita atabalaria eta txakur-toreatzailea ere Bilboko Plaza Barrian. Gazte-gaztetatik liluratu zuen antzezpenak eta berehala, 70eko hamarkadan, Cómicos de la Legua eta Karraka izeneko antzerki independenteko bi talde sortu eta haietan jardun zuen aktore-lanetan. 24 urterekin espektakuluaren munduan bete-betean murgildu aurretik, enplegatua eta funtzionarioa izan zen, eta Hezkuntza Zientziak ikasi zituen. Taula gaineko bere lanagatik ez ezik, Barea dramaturgo eta antzerki-zuzendari gisa ere nabarmentzen da.
Gaur arteko obren artean, honako hauek nabarmendu daitezke: Bilbao Bilbao musikala, Oficio de Tinieblas 5 (Camilo José Celaren zenbait testutan oinarrituta), Okupado, Euskadifrenia, Ubú Emperatriz, La Palanca Gran Cabaret, Hoy última función, El hombre que confundió a su mujer con un sombrero, Orquesta de señoritas… ehun obra inguru, guztira.
Hauek dira aktore gisa egin dituen azken lanak: Los perjuicios del tabaco, A. Txekhovena, Ur Teatrorekin; Max Estrellaren papera Luces de Bohemia obran, Prósperorena William Shakespeareren La Tempestad obran, eta Meneniorena Coriolano obran, hirurak Helena Pimentaren zuzendaritzapean; On Kixoteren papera Morir cuerdo y vivir loco obran, Fernando Fernán Gómezek idatzia eta zuzendua, Zentro Dramatiko Nazionalerako eta Aragoiko Zentro Dramatikorako; El chico de la última fila eta Cartas de amor a Stalin, Juan Mayorgarenak, Ur Teatro konpainiarekin berriz.
Antzerkirako egin dituen lanen artean, nabarmentzekoak dira honako hauek: Pérez Galdós zaharraren papera, J. López Mozoren Puerta del Sol obran, Juan Carlos Perez de la Fuenteren zuzendaritzapean; Luis XV.aren papera S. Gitryren Beaumarchais obran, J.M. Flotatsek zuzenduta; Antzerki Klasikoko Konpainia Nazionalarekin, Ernesto Caballeroren zuzendaritzapean, En la vida todo es verdad y mentira, Calderónena, Focas tiranoaren paperean; Montenegro (Comedias Bárbaras), Zentro Dramatiko Nazionalean, Ernesto Caballeroren zuzendaritzapean, Juan Manuel Montenegroren paperean; Confesiones de San Agustín, Juan Carlos Perez de la Fuenteren zuzendaritzapean.
Antzerki-zuzendari gisa, hauek ditu lan berrienak: El hombre que confundió a su mujer con un sombrero, Oliver Sacks neurologoaren saiakeran oinarritua (dramaturgiaz ere arduratu zen); El hombre de los dados, Luke Rinhard-ena (dramaturgiaz ere arduratu zen); El buscón, Templanza Produccionesentzat; Emma, Howard Zinn-ena, Bilboko Arriaga Antzokirako; Bilbao Bilbao errebista musikalaren itzulera; Ecografías, Karmele Jaiorena, Makiescénicarentzat; Esencia patria, Pabellón 6eko Antzerki Laborategiarentzat; Orquesta de señoritas, Jean Anouilh-ena; Romeo y Julieta, Pabellón 6eko Gazte Konpainiarentzat.
Aipagarria da bere ibilbide profesionalean inoiz ez duela izan, eta gaur egun ere ez duela, agenterik.
Zinemari dagokionez, La fuga de Segovia filmarekin ekin zion bere karrerari, 1981ean, euskal aktore eta teknikarien belaunaldi oso batekin batera. Harrezkero eta etenik gabe ehundik gora film luzetan eta berrogeita hamar bat film laburretan parte hartu du. Enrique Urbizurekin lan egin du (Todo por la pasta, 1991), Pablo Bergerrekin (Blancanieves, 2012), Imanol Uriberekin (La muerte de Mikel, 1984; Adiós, pequeña, 1986; El rey pasmado, 1991), Álex de la Iglesiarekin (Muertos de risa, 1999; La comunidad, 2000; 800 balas, 2002), Montxo Armendárizekin (Silencio roto, 2001), Juanma Bajo Ulloarekin (La madre muerta, 1993), Gracia Querejetarekin (Cuando vuelvas a mi lado, 1999; Siete mesas de billar francés, 2007), Borja Cobeagarekin (Negociador, 2014) eta Lara Izagirrerekin (Un otoño sin Berlín, 2015).
Telebistan, azken urte hauetako telesail ezagunenetako batzuetan parte hartu du: Compañeros, Periodistas, Aquí no hay quien viva, Hospital Central, Policías, en el corazón de la calle, Plan América edo Acusados, baita minisailetan ere, hala nola Adolfo Suárez eta Yo soy el solitario sailetan. ETBrentzat, Detrás del sirimiri programako eszenaratzeaz arduratu zen, eta Flamingo Berria telesaileko gidoiak zuzendu eta koordinatu zituen. Fernando eta David Truebak zuzendutako TVEko El peor programa de la semana mitikoko kideetako bat ere izan zen.
Zinema-zuzendari gisa 1996an egin zuen debuta, Adiós Toby, adiós film laburrarekin, zeina Canneseko Kritikaren Asterako hautatua izan zen. Bere bigarren film laburrarekin, Muerto de amor, Cannesen izan zen berriro. Lehen film luzea 1999an zuzendu zuen: Pecata minuta, Elena Irureta eta Mariví Bilbaorekin. Zuzendu zuen hurrengo filma, eta oraingoz azkena, El coche de pedales izan zen, 2004an, Álex Angulorekin. Arte eszenikoei eta antzerkiko lan-prozesuei buruzko zenbait dokumental ere egin ditu Ur konpainiarekin.
Bere ibilbidean zehar jaso dituen sari guztien artean, hauek nabarmendu daitezke: Huelvako Zinema Iberoamerikarreko Jaialdiko aipamen berezi bat, Enrique Gabrielek zuzendutako En la puta calle (1997) filmagatik, eta Toulouse Midi-Pyrénéeseko Zinema Espainoleko Jaialdiko saria, El coche de pedales filmagatik. Antzerkian, bost aldiz jaso du Bilboko kritikarien Ercilla saria, zuzendari gisa egindako beste horrenbeste lanengatik. Hollywoodeko Oscarretaraino ere iritsi da, Borja Cobeagaren Éramos pocos film laburrean izan zuen parte-hartzeari esker.
Euskal Aktoreen Batasunaren saria, Arte Eszenikoen Max saria eta Antzerkiko Sari Nazionala ere irabazi ditu.