"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Anjel Lertxundi (Orio, Gipuzkoa, 1948), idazlea eta kazetaria da izatez, eta lan egin izan du zineko eta telebistako gidoilari gisa ere. Literaturaren alorrean nobelagintza eta saioa landu izan ditu bereziki, eta bere obretan oinarritutako bi film zuzendu zituen (Hamaseigarrenean aidanez, 1985, eta Kareletik, 1987) euskal zinemagintzaren hastapenetan. Bere Zorion perfektua nobelan oinarritua dago Jabi Elortegiren izen bereko filma.
Saioaren alorreko Espainiako Sari Nazionala jaso zuen 2010 urtean Eskarmentuaren paperak lanarekin, eta Mentura dugun artean (2001) edo Italia, bizitza hizpide (2004) dira Lertxundiren beste bi saio aipagarri. Nobelagintzari dagokionez, bitan irabazi du Literaturako Euskadi Saria, 1983an Hamaseigarrenean aidanez nobelarekin eta 1999an Argizariaren egunak izenekoarekin. Halaber, bi aldiz jaso du Espainiako kritika saria narratibaren alorrean. Adituek diotenez, Otto Pette nobela giltzarria izan da euskara batuaren normalizazioaren bidean, eta erreferentzia ezinbestekoa euskal nobelagintza modernoan. Zu izeneko obra narratiboa du orain arteko bere azken lana. Lertxundiren obra gehienak itzuliak daude gaztelaniara, eta badu obra itzulia ingelesera, italierara, errusierara edo katalanera ere.
Euskaltzain urgazlea izateaz gainera, Euskal Idazleen Elkartearen sortzaileetako bat da eta bertako presidentea izan zen 1982-1985 urteetan. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialeko epaimahaikide izan zen 1983 urtean.