"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Eraginkorra, ordenatua, zehatza. Esther Garcíak ondo antolatua du burua, eta buru horretan ezin hobeto kabitzen da duela urte asko jada -Rafael Romero Marchente Curro Jiménez telesaila filmatzen ari zenean eta herri hau trantsizio politikoari heltzen ari zitzaionean- deskubritu zuen mundua.
Goitik beherako emakumea da, bere bidea lantzen jakin duena: aprendiza, idazkaria, atalburua, zuzendaria eta produktorea. Baina luzea izan da bidea: 90 izenburutik gora, zinema eta telesailak kontuan hartuta. Hasi Mariano Ozoresengandik eta Fernando Colomoganaino, Fernando Truebagandik Gonzalo Suárez edo Álex de la Iglesiaganaino, Isabel Coixetengandik Lucrecia Martel, Guillermo del Toro, Diego Galán, Damián Szifron, Pablo Traperoganaino… Aurpegi gozo, hogeita hamar urteko baten itxura eta bost Goya sari dituen segoviar honek hamaika zinemagileren konfiantza irabazia du.
1986an, Pedro Almodóvarrekin bat egin zuen Matador filmean. Enkontru hura harreman estu baten hasiera izan zen, senar-emazteen arteko lotura baten parekoa ia, eta harrezkero Almodóvarren filmografiako izenburu guztietan aritu da, Julieta (2015) arte, zeinean Esther, produktore ez ezik, lagun, nagusi eta bidaidea ere izan den.
Produktore moduan egin dituen filmen artean, honako hauek nabarmendu daitezke: El clan (2015), Relatos salvajes (2013), Los amantes pasajeros (2012), La piel que habito (2012), El último verano de La Boyita (2010), Los abrazos rotos (2010), El patio de mi cárcel (2009), La mujer rubia (2008), Volver (2006), La vida secreta de las palabras (2005), La mala educación (2004) eta Mi vida sin mí (2003).