72SSIFF - 2024ko irailak 20/28
Hizkuntzak
Babesle
Ofizialak
Media
Partner
Beste hainbat jarduera

Zinema, garapena eta jasangarritasuna

Bigarren urtez jarraian, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentzia (AECID) Zinemaldiarekin elkarlanean arituko da. Laguntza hori giza eskubideekin eta kultura aniztasunarekin engaiatutako herritargo global bat eraikitzeko helburuan txertatzen da, eta ekintza hauetan zertzen: Espainiako Lankidetzaren saria banatzea, Koprodukzio Foroan Europa eta Latinoamerika arteko koprodukzioei buruzko mahai-inguru bat antolatzea, eta "Zinema, garapena eta jasangarritasuna"ri buruzko saio bat non, hiru proiektu aurkeztuz, agerian jarri nahi baita zer ahalmen duen zinemak gizartea eraldatzeko eta sentikortzeko eragile gisa: "Mujeres de cine": liburu kolektibo bat da, Eugenio Fontanedak koordinatua eta AECIDek eta Notoriusek argitaratua. 20ko eta 30eko hamarkadetako Hollywoodeko produkzio handiek Espainian eta, zehazkiago, garaiko espainiar emakumeen gain izandako eraginaren berri ematen du. David Felipe Arranz, Guillermo Balmori, Jesús Cano, Inmaculada Corcho, Matilde Eiroa, Eugenio Fontaneda eta Moisés Rodríguezen testuak bildu dira liburuan, eta Isabel Coixetek idatzi du hitzaurrea. Urte haietako Hollywoodeko emakumezko aktore garrantzitsuenen lehen planoak jasotzen dituen fotograma bilduma batek irudiztatzen du (José Romero Sampedrorena da), eta besteak beste, bilduma hauetatik lortutako zenbait irudik: ABC Museoa, Enrique Alegrete bilduma eta Administrazioko Artxibo Nagusia. "Nómadas": Jorge Martínezek zuzendutako film dokumental bat da. Martín Caparrós idazlearen ahotsak eta hitzek eta Samuel Aranda argazkilariaren irudiek bat egingo dute, RESCATE GGKEaren babesa jasotzen duen abeltzain nomaden komunitate baten bizitzari buruz gogoetatzeko, Maliko txoko babesgabe batean. Han, Saheleko lurretan, milurteko eta mehatxupeko bizimodu baten salbuespenezko lekuko izango dira Caparrós, Aranda eta Martínez. Dokumentala AECIDen eta RESCATEren artean Saheleko abeltzain-erkidegoen bizi-baldintzak hobetzeko sinatu duten Hitzarmenaren fruituetako bat da. El cine y las 5 P: AECIDen babesarekin, Manuel Serrano ekoizle eta zuzendariak ikus-entzunezko hitzaldi bat prestatu du, zinemak 2030 Agenda lortzeko nola lagundu dezaken jorratzeko. Agenda 2030 egitasmoak bost ardatz nagusi ditu: PLANETA, PERTSONAK, OPAROTASUNA, BAKEA eta ALIANTZAK –ingelesez, 5 P deituak: Planet, People, Prosperity, Peace, Parnertship–. Hitzaldia 5 P-ekin lotutako filmen bost sekuentzia oinarri hartuta eraiki da, espiritu kritikotik proposamen positibora igarotzeko: hizkuntza zinematografikoak balioak komunikatzen ditu, galderak proposatzen eta jokabideak transmititzen: azken batean, giza eskubideetan oinarritutako garapen jasangarri batek plazaratutako erronkarekin bat egiteko gonbita luza diezaioke ikusleari. Saioan, besteak beste, Jorge Martínezek, Martín Caparrósek, Samuel Arandak, Eugenio Fontanedak eta Manuel Serranok parte hartuko dute.
PROGRAMA
Kursaaleko Prentsa Kluba Irailak 19 19:00

Gas Natural Fenosak Espainian ekoitzitako Branded Contenteko lehen film luzea aurkeztuko du

Gas Natural Fenosak zinema eta efizientzia energetikoa lotuko ditu, hirugarren urtez jarraian, Zinergia proiektuaren barruan. Ekimen horren bitartez, energiaren erabilera arduratsu baten garrantziaren kontzientzia sortu nahi da, zinemaren bitartez energia aurrezteko aholkuak eta kontsumoa murrizteko ohitura sinpleak azalduz. Aurtengo edizioan, zuzendari eta aktore berriak ez ezik, formatu ezberdin eta berritzaile bat ere izango dugu: "En tu cabeza" izeneko film luze bat, elkarri lotutako lau film laburrek osatzen dutena, eta Daniel Sánchez Arévalok idatzia. Aurtengo film laburrak Kike Maíllok, Borja Cobeagak, Alberto Ruiz Rojok (Zinergia Talentua sariaren irabazlea) eta Sánchez Arévalok berak zuzendu dituzte, eta Michelle Jenner eta Hugo Silva dituzte protagonista. Gainera, Espainiako industria zinematografikoko lehen lerroko antzezle sorta zabal batek ere parte hartu du, hala nola Adrián Lastra, Daniel Guzmán, Fernando Tejero, Rossy de Palma, Maxi Iglesias, Concha Cuentas, Luis Varela, Ana Morgade eta Natalia de Molinak. En tu cabeza Andrea 2052. urteko biztanle bat da. Haren lana iraganera bidaiatzea da: gure buruan sartzen da, eta efizientzia energetikoak ingurumena zaintzeko duen garrantziaz kontzientziatzen gaitu. Bidaia horien helburua munduaren patua aldatzea da, baina Andreak berea aldatu nahi du, bere iraganeko Andreak gaur egun hainbesteko damua sorrarazi dioten akatsak egin ez ditzan. "En tu cabeza"ren lehen atala, "Cabra y oveja", Kike Maíllok zuzendua, irailaren 16an aurkeztuko da Donostia Zinemaldian (Zinemaldiaren babesle nagusia da Gas Natural Fenosa). Doan ikusi ahal izango da Gas Natural Fenosaren Etxe Eraginkorrean, Boulevarden (kioskoaren aurrean), irailaren 16tik 24ra. Gune horretako ekintzetan parte hartzen dutenek, gainera, sariak lortu ahal izango dituzte Zinemaldian zehar.
PROGRAMA
Gas Natural Fenosaren Etxe Eraginkorra, Boulevarden (kioskoaren aurrean) Irailaren 16tik 24ra Doako sarrera

Udako zinema

Movistar+ bira egiten ari da uda honetan, eta zinemako 13 etapatan ari da bidaiatzen penintsulan zehar. Aire zabaleko zinema-emanaldiak dira, doakoak eserlekuak bete arte. Irailaren 17 eta 18an, Katalunia plazan izango da, Donostia Zinemaldiarekin batera. Telesailen lau set ere izango dira proiekzio-areto eramangarriarekin batera, ikusleek beren telesail gogokoenen eszenatokietan argazkiak egin ahal izan ditzaten: Dragoiaren set-a, "Juego de Tronos" telesailekoa Burdinazko tronuaren set-a, "Juego de Tronos" telesailekoa Zeldaren set-a, ”Orange is the new black” telesailekoa “Penny Dreadful” telesailaren set-a
PROGRAMA
Katalunia plaza Irailak 17 12:00 Zootropolis 19:00 La vida secreta de los niños 20:00 Mr. Robot* 21:30 2017ko Oscarretan Espainia ordezkatzeko hautagaia Irailak 18 12:00 Hotel Transilvania 19:00 Occupied * 20:00 Happy Valley* 21:30 Embarazados *Occupied 18 urtetik gorakoentzat, Mr. Robot 16 urtetik gorakoentzat eta Happy Valley 12 urtetik gorakoentzat.

Aladinaren ekintza: Achuchón

JLCk eta Aladinak ahaleginak batuko dituzte Aladina Fundazioaren aribideko proiektu bat babesteko, "Achuchón" (besarkada) izenekoa. Proiektuaren helburua dirua biltzea da, Madrilgo Niño Jesus Ospitaleko ZIU-atala berregituratzeko. Proiektu horren barruan, pertsona ospetsuak gure aretora etortzera eta argazkiak ateratzera animatuko ditugu, ondoren Aladinaren mikrogunera igo, eta JLCri proiekturako dohaintzak biltzen laguntzeko. Irailaren 17an JLCren zuzendari exekutibo batek, Laurent Vinayk, Carolina Herrerak eta Paco Arangok (Aladinaren sortzailea) lankidetzaren berri emango dute, eta JLCk Aladinari zer-nolako babesa ematen dion azalduko dute. Carolina Herrera pertsona nabarmena eta aski ezaguna da; Carolina Herrera diseinatzailearen alaba izateaz gain, zinemaren munduarekin ere harremana du. Prentsaurrekoan, JLCk parte hartzen duen proiektua azalduko zaie hedabideei eta Barretstown Camp ekimenari buruzko bideo labur bat erakutsiko zaie (JLCk azken urteotan lagundu duen proiektu bat da).
PROGRAMA
María Cristina Hotela (Elcano aretoa) Irailak 17

Hispasat 4K jaialdiko sari-banaketaren gala

HISPASAT komunikazio-sateliteen Espainiako operadoreak, espainierazko eta portugesezko edukien banaketan liderra denak, Hispasat 4K Nazioarteko Jaialdiaren bigarren edizioa bultzatu du. Jaialdia 4Kn oso-osorik grabatu eta postproduzituriko film laburren munduko lehen lehiaketetako bat da. Hispasat 4K Nazioarteko Jaialdia Donostia Zinemaldiaren babeslea da aurten, eta beraz sari-banaketaren gala zinema-arloko gertakari garrantzitsu horren barruan egingo da. Galan, gainera, irabazle suertatu diren film laburrak ere ikusi ahal izango dira. Hispasat 4K Nazioarteko Jaialdiak edozein nazionalitate eta generotako lanak onartzen ditu. Filmek 25 minutuko iraupena izan behar dute gehienez ere, eta 4K formatuan grabatu eta postproduzituak izan behar dute. Honako kategoria eta sari hauek zehaztu dira: - ZUZENDARI ONENAREN CINE365 FILM SARIA: Film luze bat zuzentzea. - FILM LABUR ONENAREN HISPASAT SARIA: 3.000 € + Samsung SUHD telebista bat. - EPAIMAHAIAREN SAMSUNG SUHD SARIA: 1.000 € + Samsung SUHD telebista bat. - SOINU ONENAREN DOLBY SARIA: 1.000 € + Dolby Atmos soinu-masterizazioa, Ad Hoc Studios-en lankidetzari esker. - ZINEMA-ESKOLA BATEKO FILM LABUR ONENAREN RTVE SARIA: 1.000 € + film laburra "Versión española" programan ematea. - ARGAZKI ONENAREN FUJIFILM/SGO SARIA: 1.000 € + Fujifilm argazki-kamera profesional bat.
PROGRAMA
Tabakalera (1. aretoa) Irailak 20 19:30

Emanaldi Bereziak Time out of mind

Richard Gere aktorea Time Out of Mind filmaren emanaldi berezi bat aurkeztera etorriko da, Oren Moverman zuzendariarekin batera. Hark zuzendutako Rampart 2011ko Sail Ofizialean lehiatu zen. Time Out of Mind filmean, etxerik gabeko pertsona bat hezurmamitzen du Gerek, eta norbait ikusezin nola bihurtu daitekeen kontatzen du. Emanaldia programa zabalago baten parte da: prentsaurreko bat ere izango du, Gere bera, Alejandra Silva RAIS Fundazioaren babeslea, etxerik gabeko pertsonen alde lan egiten duen RAIS Euskadiko Jordi Albareda eta Donostiako alkate Eneko Goia izango direlarik. SINOPSIS George gero eta etsiago dagoen gizon bat da. Badirudi bizitza konturatu gabe joan zaiola. Ez duenez nora joan, New York hiriko kale gupidagabeetan dabil, nora ezean. Ostatu aukera guztiak agortu ondoren, Bellevue ospitalean bilatuko du aterpea. Gizon etxegabeentzako babes-etxe handiena da Manhattanen. Giro gogor eta nahasgarria da, baztertutako pertsonez betea. Baina George babes-etxean bizi den beterano batekin adiskidetzen denean, berriz aurkituko du bere alaba urrunduarekin harremana berreskuratzeko itxaropena.
PROGRAMA
KURSAAL 2 Irailak 24 16:00

Liburuaren aurkezpena

2015ean ehun urte bete ziren Espainiako lehen animazio-lana ekoitzi zenetik: El apache de Londres film laburra. Zoritxarrez, ez da lan horren kopiarik geratzen. Urte hauetan, Espainiako animazioak film luze, animazio-sail eta film labur oso garrantzitsuak ekoitzi ditu; horrez gain, hainbatetan aurrendari izan da animazio-munduaren aurrerapen teknologikoei dagokienez. Mendeurren hau obra interesgarriz eta zuzendari berdingabez beteta egon da, eta nazioarteko maila artistikoa erakutsi du. Argi eta garbi ikus daiteke hori kontu handiz aukeratutako eta formatu handiko liburu batean bildutako ia 200 obra hauetan. Liburuan, Espainiako animazioaren adierazgarriena bildu dute Canva Ma koordinatzaileak eta Pilar Yébenes, Rodrigo Mesonero, José Antonio Rodríguez eta Samuel Viñolo idazleek. Aukeraketa honek Espainiako animazioaren balioa nabarmendu nahi du, hala alderdi artistikori nola teknikori dagokienez. Sektore honek asko du eskaintzeko, maila artistiko bikaina eta enplegua sortzeko gaitasun handia duelako.
PROGRAMA
Keler Gunea Irailak 20 19:00

Juanma Bajo Ulloari buruzko Euskadiko Filmategiaren liburuaren aurkezpena | Juanma Bajo Ulloa. Cine en las entrañas

Juanma Bajo Ulloa Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorraren irabazlerik gazteena izan zen, 1991n, "Alas de mariposa" bere lehen film luzearekin irabazi zuenean. Bere istorio klaustrofobiko, gogor eta hunkigarrietatik hasi, eta umore erradikaleko eta eszenaratze frenetikoko bere eztandetaraino, edo musikarekin erlazionatutako lanetaraino, Bajo Ulloak filmografia heterodoxo eta heterogeneoa sortu du hogeita hamar urte luzean. Zeharo independentea, Bajo Ulloak zinema negoziaezina, kritikoa eta bere-berea egiten du. Orain, Euskadiko Filmategiak euskal zinemei buruzko bere bildumako azken liburuaren protagonista bakar bihurtu du. "Juanma Bajo Ulloa. Cine en las entrañas" liburuak, Antonio Santamarina eta Jesús Angulo espezialistek idatzia, haren zinema disekzionatu dute 350 orrialde baino gehiagotan.
PROGRAMA
Kursaaleko Prentsa Kluba Irailak 20 12:00

Filmaren aurkezpena

"Non" filmaren zuzendariek eta ekoizleek beren aribideko lana erakutsiko dute Dabadaba klubean. Hogei minutuko laburpen bat proiektatu ondoren, zuzendariekin eztabaidari emango zaio bide. "Non" proiektuan hiru egitura elkartu dira, zinematografiako ezohiko lan bat egiteko: ALDUDARRAK BIDEO euskal kooperatiba, Le Petit Théâtre de Pain konpainia eta Derrière Le Hublot arte-zentroa.Capdenac-Garen, 5000 biztanleko udalerri batean, herri guztia engaiatu da Non proiektuarekin; baliabide ekonomiko oso urriekin, filmaren plano bakoitza ezinetik atera da, istoria kontatzeko pozez eta bide onetik goazen ziur. SINOPSIS Jeansé, Bruno, Christine eta Pierre lanetik kaleratu dituztenean lortu duten kalte-ordaina "ospatzeko" bilduko dira. Etxerakoan, Brunok uko egingo dio poliziaren kontrol bat egiteari. Haserre, poliziako agentea joko du amaieran. Orduan hasiko da iheslariaren ehiza, absurdora jotzen duen gurpil zoro bat. Lagun eta senide taldea banantzen joango da, Brunok zauritutako agentearen mendekuaren aurrean.
PROGRAMA
Dabadaba Mundaiz kalea, 8 Irailak 23 12:00

Filmaren aurkezpena

Prentsarekin bilduko gara, "El guardián invisible" proiektu zinematografikoa aurkezteko. Filmaren metrajearen hamar minutu proiektatuko dira. Ondoren lantaldeko kideek hitz egingo dute, eta aurkezpena amaitutakoan kazetarien galdera-txanda irekiko da. Fernando González Molina (zuzendaria), Luiso Berdejo (gidoilaria), Dolores Redondo (idazlea) eta Marta Etura, Elvira Mínguez, Patricia López eta Itziar Aizpuru aktoreak izango dira prentsaurrekoan. El guardián invisible filma Zaindari ikusezina liburuaren moldaketa zinematografikoa da. Dolores Redondoren Baztango Trilogia literatura-fenomonoaren lehen liburuak jada milio bat irakurle bildu ditu Espainian, eta Estatu Batuetan argitaratu berri da.
PROGRAMA
Príncipe zinema-aretoak Irailak 18 10:30

Dokumentalaren aurkezpena

"Omega" dokumentalaren parte baten lehen emanaldia. Espainiako musikaren historian gaur egun disko gutxik dute "Omega"k duen izen ona. El Europeo Músicak 1996an editaturik, Enrique Morente abeslaria eta Lagartija Nick Granadako taldea elkartu zituen proiektu hark, eta berriro heldu zion Camarón de la Islak urte batzuk lehenago "La leyenda del Tiempo" (1979) diskoan esperimentatua zuen flamenkoaren eta rockaren arteko fusioaren bideari. José Sánchez-Montes gidoilariak eta Gervasio Iglesias produktoreak lau eskutara zuzendu dute "Omega" dokumentala, diskoaren hogeigarren urtemuga gogoan eta Universalek udazkenean egingo duen berrargitalpenari laguntzeko. Filmak "Omega" diskoak egindako ibilbidea deskribatzen du, hasierako ulertezintasunetik hasi, eta kultuzko obratzat joa izan zen unera arte. Garai hartako soinu-artxiboa eta ikus-entzunezko edukiak baliatuta, preprodukzio, produkzio eta errealizazio prozesuak jasotzen ditu, baita orain arte ikusi eta entzun gabeak ziren tema eta dokumentu ugari ere. Filmak hainbat pertsonaren lekukotasunak jasotzen ditu: Estrella Morente (haren gogo beroa funtsezkoa izan zen aitak —2010ean hila— Lagartija Nick-en proposamena onar zezan), Antonio Arias (bandako liderra), Tomatito, Vicente Amigo eta Alberto Manzano poeta, kazetari eta idazlea (berak bideratu zuen Morenteren eta Leonard Cohenen arteko topaketa). Izan ere, "Omega" ez da soilik flamenko-rockeko disko bat; Kanadako kantautorearen abestiak eta Federico García Lorcaren poemak ere egokitu zituen. Hain zuzen ere, dokumentalean poetaren iloba eta haren omenezko fundazioaren presidentearen, Laura García Lorcaren, ahotsa ere jaso da. Aurkezpenean, filmeko lantaldeak parte hartuko du.
PROGRAMA
Príncipe zinema-aretoak Irailak 19 17:00

Zinema musika Belodromoan | FUNDACIÓN SGAE / EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOA

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, SGAE Fundazioak ea Donostia Zinemaldiak Euskadiko Orkestrak jaiadiaren programazioaren barruan eskainiko duen kontzertua aurkezten dute. Zinema eta zuzenean joko diren soinu-banden topagune jendetsu honek Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Donostiako Orfeoia batuko ditu oholtza gainean, biak David Hernando Ricoren zuzendaritzapean. Kontzertuari, gainera, ikusizko osagai bat gehituko zaio: filmetako eszenen muntaketa bat proiektatuko da, zuzeneko musikari loturik, 400 m2-ko pantaila batean. Irudien muntaketa kontzertu honetarako egin du berariaz Morgan Crea sormen-agentziako Carlos Rodríguezek. Konpositoreetako batzuk Belodromoan izango dira.
Irailak 17 Belodromoa 12:00 Doako sarrera
PROGRAMA
Roque Baños: “Alatriste” (18’) Joan Valent: “Mi gran noche” (15’) Sergio Moure: “Lobos de Arga” (7’) Pascal Gaigne: “El ladrón de sueños” (14’) José Nieto: "Pasión revolucionaria", “Libertarias” filmetik (9’) Mikel Laboa: “La pelota vasca” (8’) I. Txoriak-Txori II. Baga-Biga

Lorca(s) telesailaren aurkezpena

Granadako poeta hil zutenetik 80 urte igaro dira, eta oraindik ez da filmatu haren obrari edo pertsonari buruzko ezer sakontasun sentimentaletik, sexu-askatasunetik, mugarik gabeko irudimenetik, genero-ikuspuntutik, enpatia emozionaletik... Horixe proposatzen du LORCA(S) proiektuak: egileari eta/edo haren obrari buruzko 8 begirada, haren munduarekin bat egiten duten 8 zuzendarirenak. Iberoamerikako nazionalitate ezberdinetakoak dira zuzendariok, baita belaunaldi ezberdinetakoak ere, begirada kaleidoskopikoa eta miresmenez eta esker onez betea eskaintzeko.
PROGRAMA
Keler gunea Asteazkena, irailak 21 18:30

Welcome Mr. Hitchcock (Erakusketa)

1958ko uztailaren 21ean, Alfred Hitchcock britainiar zuzendaria eta haren emaztea, Alma Reville, Miarritzeko aireportuan lurreratu ziren. Vértigo filma 6. Donostia Zinemaldiaren barruan estreinatzen zelako etorri ziren bisitan. Euskal Herrian izan ziren 4 egunotan, Miarritze, Hendaia, Donostia, Donibane, Baiona eta Lourdes bisitatu zituzten. Bisitan argazki ugari atera zizkieten eta material horixe da Welcome Mr. Hitchcock erakusketaren oinarria. Bidaia bat Euskal Herrian barrena, urriaren 14ra arte 2016 Gunean ikusgai egongo dena. Gunea erakusketa hartzeko birmoldatu dute, eta Pedro Usabiaga argazkilaria izan da komisarioa, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak antolatu du eta Donostia Zinemaldiaren lankidetza izan du. Erakusketak zinemagileak eta haren emazteak 1958ko uztailaren 21,22, 23 eta 24an egindako urratsak berrituko ditu, eta, hain zuzen, ordutegi berezia izango du Donostia Zinemaldiarekin bat datorren egunetan: astelehenetik igandera egongo da irekita, 10:30etik 20:00etara, ordutegi jarraian.
PROGRAMA
2016 Gunea. Europako Kultur Hiriburutzaren egoitza. Easo kalea, 43 Urriaren 14ra arte

2015/2016 kurtsoan Larrotxene Kultur Etxean egindako lanen erakustaldia.
Osteguna, irailak 22 Trueba, 2. aretoa 20:30

Artisautza-azoka

Azoka artisauen topagune gisa ulertzen dugu. Tailerretan egiten dugun lana erakutsi eta saltzeko gune bezala. Azoketan eskaintzen ditugun produktuak praktikoak edota apaingarriak izaten dira eta diseinua eta sormena nahasten dituzte, lana eta artea. Beste garai batzuetan egiten zena irudikatzetik urrun, gure helburua garai bateko ezagutza teknika berriekin nahastea da, objektu artisau batek soilik izan dezakeen nortasun ikutua lortzeko. Lur Koletiboak aukeratu zer artisau parte hartuko duten azokan, Gipuzkoako artisau tailerren erroldan inskribaturiko tailerrei emanez lehentasuna. Azoka arteen diziplina desberdinak ordezkatzen dituzten hogeita hamar artisau-standez osatuko da. Azoka girotzeko Zinemaldiak aurtengo ediziorako antolatutako atzera begirako tematikoa izan da inspirazio-iturria: The Act of Killing. Zinema eta indarkeria globala. Azokaren egitura bera erabiliko da euskarri gisa, eta Koro Albisu dekoratzailearen instalazio bat jarriko da, inprimatutako biniloz egindako lau panelez eta plastifikatutako lau kuadrante tolestuz egina.
Irailaren 22tik 28ra (Inaugurazioa: irailaren 22a, 16:30ean) Gipuzkoa plaza. Donostia. 10:30etik 14:00etara eta 16:30etik 20;30era.

City Street Festival

Donostia Zinemaldiaren azken hiru edizioetan presentzia eduki du modak, tendentzia-sortzaile ospetsuen –hala nola, Victorio & Lucchino, Ágatha Ruiz de la Prada eta Custo Barcelona–, desfileen, "Cut Off" birziklatze-ekitaldien eta abangoardiako beste diziplina batzuen bitartez. Aurten, Donostiaren kultur hiriburutzari begi-keinua eginez, jantziaren eta gastronomiaren munduak modu historikoan igaroko ditu City Street Festivalak, Cook & Fashion ekimenaren bitartez, denboran atzera joanez eta 20ko hamarkadan bi eremuotan zueden usadioak ezagutzera emanez. Kaleetan, halaber, ekitaldi garaikideago bat egingo da; izan ere, artista grafikoen makro-erakusketa batek hiriko gune enblematikoenetako bat beteko du, abenduaren lehen astera arte.
PROGRAMA
1/ Artisten makro-erakusketa, Bretxa kanpoko horma-ataletan Data.- Irailaren 17tik azaroaren 30era arte Erakusketan, Bretxaren kanpoaldeko hormak dekoratuko dituzte diseinatzaile grafiko hauek, Donostia hiriarekin eta kulturarekin zerikusia duten motiboak erabiliz: Amaya Quiroga, Raúl Compadre, Jaime Bueno, Diego Besné, Juan Sebastián Cárdenas, Nia Moore King, Miguel Ángel Cazo, Amaia Arrazola eta Merche Pérez.

Saltokietako erakusleihoen kustomizazioa

Zinezko shoppinga San Sebastián Shops Donostiak antolaturiko ekimen bat da, merkataritza Donostia Zinemaldiarekin harremanetan jartzeko. Ekimen honen bitartez, sektorearen eta hiriko ekitaldien arteko elkarrekintza sustatzen da, eta merkataritzak kultur eskaintzaren eragile gisa duen posizionamendua hobetzen da. Hiriko lau saltoki pertsonalizatuko dira kustomizazioaren bitartez, eta film ezagunetako eszenetan ageri diren dendak bihurtuko dira horrela, hiria zinemako eszenatoki baten parte balitz bezala aurkezteko. Etorkizunari begira proiekzio handia espero zaion proiektu pilotu honetan, Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Goi Eskolak (ESCAC) parte hartu du, haiek arduratu baitira dekoratuak egiteaz. Horrez gain, San Sebastián Shops Donostiak karpa bat jarriko du aurten Txurruka kalean, informaziorako eta jardueretarako gune gisa. Irailaren 17tik, ostirala, 24ra, larunbata, egongo da karpa, eta erakusketa iraunkor bat barne hartuko du, kustomizaturiko denden eraldaketa-prozesua azaltzeko. Inaugurazioa irailaren 17an izango da, 18:30ean. Irailaren 24ra arte zinemarekin erlazionatutako askotariko ekitaldiak antolatuko dira bertan, Donostiako saltokien eskutik: zinezko orrazkerak, merkataritzaren jaia, zinema-pertsonaien karakterizazioa, makillajea, eta abar. Karparen ondoan photocall bat jarriko da, ESCACek egina. Bestalde, Zinemaldi osoan zehar, kanpainari atxikitako ia 90 saltoki nabarmenduko dira, alfonbra gorriekin eta erakusleihoetan zinemako dekorazioa ezarrita, eta eskaintza bereziak egingo dituzte, beren artikuluak merkatu batean kalera aterata. Saltokietan jarduera-agenda harrigarriro bete bat eskainiko dute Zinemaldian zehar, hala nola dastaketak, katak edo tailerrak.
PROGRAMA
Txurruka kaleko karpa batean eta hiriko 90 saltokitan Irailaren 17tik 24ra

Jacques Cousteauren itsaspeko mundua birsortzen

Haurrentzako tailer bat da; haren bitartez, Tolosako TOPIC museoak gorazarre egin nahi dio Jacques Cousteau naturalista handiari. Haren bizitza da klausura-filmaren protagonista. Tailer honen bitartez, hark gu guztiokin partekatutako itsaspeko mundu zoragarria birsortu nahi dugu, eta haurrei ezagutarazi nahi diegu. Itsas-hondo bat prestatuko dugu, argi beltzaren teknika erabiliz; hor, modu magiko batean, igerian ibiliko dira tailerrean egingo ditugun arrain eta izakiak.
PROGRAMA
Kutxa Kultur (Tabakalera) Irailak 24 11:00 - 13:00

Yto Barradaren erakusketa

Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak Yto Barradaren (Paris, 1971) Espainiako lehen bakarkako erakusketa aurkeztuko du. Tanger eta New York artean bizi eta aritzen den artista horrek bere jatorriari buruz hausnar eginez garatu du bere obraren zati handi bat, eta Europari begirako gune gisa erretratatuz Afrikako kostaldeko inguruak. Yto Barradak bere identitatearekin erlazionatzen du Marokoren legatu koloniala; jolas-estrategiak eta umorea txertatzen dizkio bere obrari, eta heroei gisa goraipatzen dituen pertsonaiak erretratatzen ditu; haien keinuak erresistentzia-bide bihurtzen dira. Erakusketa honetan, paleontologiari eta fosilei buruz egin duen lan berriko bideo, argazki eta eskulturak aurkeztuko ditu artistak, baita lehenagoko pieza batzuk ere, historiarekin, geografiarekin, tradizioaren asmakizunarekin eta moderno denaren esanahiarekin zerikusia duten kontuei heltzen dietenak. Artistaren jardun zinematografikoa nabarmendu dugu. Tangerreko Zinematekaren sortzaileetako bat eta presidentea da, eta haren azken filmak, Faux Départ (2015, erakusketan ikusgai), film laburraren sari onena eraman zuen Rotterdameko 2016ko zinema-jaialdian.
PROGRAMA
Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa Andre zigarrogileen plaza, 1 Urriaren 9ra arte Asteartetik ostegunera: 21:00-20:00 Ostiralak: 12:00-21:00 | Larunbatak: 10:00-21:00 | Igandeak: 10:00-20:00
 
Babesle Ofizialak:
Media Partner:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: