Gaur hartuko dute erabakia. Hiruron artean adostu beharko dute zeinek merezi duen aurten Euskal Zinemaren Irizar Saria. Epaimahaiko presidentea, Anjel Lertxundi, idazlea eta kazetaria da, zine eta telebistako gidoilari gisa ere aritutakoa. Literaturaren alorrean nobelagintza eta saioa landu izan ditu bereziki, eta bere obretan oinarritutako bi film zuzendu zituen, Hamaseigarrenean aidanez, 1985, eta Kareletik, 1987, euskal zinemagintzaren hastapenetan. “Hori beste mundu bat izan zen. Epaimahaikide izatea eskaini zidatenean, berehala onartu nuen, Zinemaldi gusanilloa banuelako”, bere garaietan erredaktore lanak ere egin zituen aldizkari honetan, dio nolabaiteko nostalgiaz. “Zinea egin nuenetik idazterako orduan kamera bat ere badut buruan, jakinda noski une batzuetan kanpo utzi behar dudala. Zineari zinearena eta nobelari nobelarena”. Adibide gisa Hamaseigarrenean aidanez bere filma jarriaz, gai honetan sakontzen du: “Nobela bat zinera egokitzerakoan elementu ezberdin askok hartzen dute parte, eta batzuetan nobelaren gauza garrantzitsuren bat, zinean kanpo utzi dezakezu. Nire ezjakintasunagatik, nobelan inportantea zen Martxelina pertsonaia, zinean bigarren maila batean geratzen zen. Bere barne mundu eta mugimenduak nik ez nekizkielako zinean kontatzen”.
Maite Arroitajauregi eta Jon Garaño dira beste bi epaimahaikoak. Elkarren berri bazuten noski, baina ez zuten elkar ezagutzen. Bakoitzaren diziplinak hain desberdinak izanik, nahiz eta guztiak zinearekin lotura izan, bata bestearen iritzia ere aberastu dezaketela diote. “Gure artean hitz egin ondoren, Angelek eta Maitek nik nuen ideiari beste zerbait gehitu diezaiokete eta horren arabera gauzak aldatu”, dio Garañok.
Jon Garaño 2001ean, Moriarti ekoiztetxea sortu zuen, eta bertan dihardu lanean, zuzendari, produktore eta gidoilari gisa. Haren film laburrak ehunetik gora lehiaketatan saritu dira, eta 2010ean 80 egunean film luzea zuzendu zuen Jose Mari Goenagarekin batera. Filmak A kategoriako lau jaialditan parte hartu zuen. Hurrengo filma, Loreak Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zen, 2014an eta ibilbide oso arrakastatsua izateaz gain, Goya sarietarako ere izendatu zuten film onenaren kategorian, Oscar sarietarako hautagaia ere izan zen. Berriki, Aundiya filma zuzendu du, Aitor Arregirekin batera; okerrik ezean, 2017an estreinatuko dena. “Filma ikusi ondoren, bakoitzak bere barruan duen hori hausnartu, pelikulak zuretzat zer suposatu duen aztertu eta horren arabera epaitu. Nere ustetan, pelikulak zer ematen dizun da garrantzitsuena, istorioak jartzen ditut guztiaren gainetik. Honekin ez dut esan nahi trama denik garrantzitsuena. Istorioa, pertsonaiak nolakoak diren, beraien arteko erlazioa, kontatzeko modua eta abar luzea ere badira”, dio taldeko errealizadoreak.
HIRU DIZIPLINA, ERABAKI BAT
Hirukote talde honen azken erpina Maite Arroitajauregi dugu. Biolontxeloan lizentziatua da eta zenbait bandatan parte hartu ondoren, Anari, Lisabö eta Xabier Montoiarekin, besteak beste, 2009an Mursego sortu zuen, abangoardia, folklorea eta musika klasikoa hibridatu nahian. Arroitajauregik ibilbide oparo bati ekin dio ikus-entzunezkoen munduan. Hainbat film laburren musika idatzi du, eta besteak beste, 2015ean, Asier Altunaren Amama filmeko soinu-banda konposatu zuen, Javi Pezekin batera. Egun, Fernando Franco, La vida filmarekin Sail Ofizialean izandakoa, bigarren lana errodatzen dabil eta hari musika jartzen ari zaio. “Erabat ados nago Jonek esandakorekin, historia batek zein modutan aldatzen zaituen da politena. Nik ordea, onartu beharra daukat, musikan asko fijatzen naizela. Eta Anjelek eta Jonek musikaren gainean egiten dizkidaten komentarioak izugarri gustatzen zaizkit. Azken finean ez du zerikusirik musika konposatzeak edo filma batentzat soinu-banda bat egiteak”, dio eibartarrak. “Norberaren ofizioaren arabera, ez nuke esango ikuspuntua ezberdina denik, baina bai begiratzeko puntua. Batek garrantzia gehiago emango dio akaso erritmoari, tonuari eta musikari,eta beste batek ordea, beste zerbaiti”, gehitzen du Lertxundik.
Aurten, zortzi dokumental eta fikziozko film luze bakarra epaitu beharko dituzte, baina ez diote horri eragozpenik jartzen. “Dokumentalak ere istorioak dira, ikusitako batzuk oso narratiboak gainera. Hasieran beldurra nion dokumentalaren presentziari, ikusi dudanak ordea beste perspektiba bat eman dit”, dio Anjelek. “Aurtengo edizioan dokumental espositiboak, poetikoak, narratiboak, ez fikzioa…, denetik dago. Beraz fikzioa eta dokumentalak maila berean epaitzea zaila izan liteke, baina baita dokumental ezberdinak maila berean epaitzea ere”, gehitu du Garañok.
Anjelek eta Maitek, ikusi aurretik, nahiago ezer ez jakitea proiektuari buruz; Jonek ordea guztiak aldez aurretik ezagutzen zituen. Hala ere, ados daude hirurak pelikulak norberaren baitan usten duena dela garrantzitsuena, zinetik irtetean eta ondoren, onerako eta txarrerako. Hirukoteak batez ere, pelikulak gerorako zer usten dizun baloratuko du.