Maysaloun Hamoud zinegile palestinarrak diskurtso feminista duen pelikula bat aurkeztu du Zinemaldian. Arabiar gizartearen ikusmolderako film apurtzailea da Bar Bahar (In Between) eta, seguraski, arazoak ekarriko dizkio urrian bere lurraldean estreinatzen denean. Izan ere,
abentura honetan sartzea erabaki zuenetik, ez da egon pausu errezarik. Baina bera ez da kokiltzen den horietakoa. “Lagun asko film honetan parte hartzearen beldur ziren eta taldea biltzea kostatu zitzaidan. Adibidez, oso zaila izan zen aktoreak topatzea, jorratzen genuen gaiagatik. Erronka hutsa izan zen proiektua aurrera ateratzea. Filmaren une guztiak errealistak eta sinesgarriak izan behar ziren eta casting-a oso inportantea zen”.
Israelgo pasaportea duten hiru neska palestinarren istorioa kontatzen digu filmak. Tel Aviven bizi dira, sorlekutik urrun eta etxebizitza partekatzen dute. Horietako bi errebelde samarrak dira eta askatasunezko bizimodu bat bilatu dute hiriburuan. Hirugarrenak, aldiz,
tradizioa eta gizarte musulmanaren arauak betetzen ditu. Hirurak ari dira maitasun bila, baina palestinar gazteak diren heinean, beraiek aukeratutako harreman bat lortzea ez zaie
erraza izango.
Budapesten jaioa, Maysaloun Hamoudek bi urte zituela familiaren sorterrira itzuli zen, Dir Hanara. Ekialde Ertaineko Historia ikasi zuen Jerusalemeko Unibertsitatean eta ondoren zinema, Tel Aviveko Minshar Zinema Eskolan. In Between lehen film luzea du. “Filma emakume arabiarraren askatasunaren aldeko oihu bat da”, adierazten du argi eta garbi. Istorio honetan,
emakumeek gizonaren aginteari aurre egiten diote.
“Gizonezkoek agintea dutela azaldu nahi dute, baina filman ikusten den bezala, ahulak dira. Beraiek ere erlijioaren biktimak dira eta gizarte horren ondorioak sufritzen dituzte. Horren adierazle maitemindurik dagoen pertsonaia gaztea da: ez da ausartzen familiari bere neskalaguna aurkezten eta erlazioa apurtzen denean minak jota geratzen da”. Badago
beste pertsonaia bat zeinak bere frustrazioa itotzeko bortxaketa erabiltzen duen. “Bikotekidearekiko duen boterea erakutsi behar du, baina egiten duenarekin bere ahulezia
erakusten du”.
Palestinar herriak Israelgo Estatuarekin duen gatazkaren gaia esplizituki isolatzen ez bada ere, Hamoudek esaten du film hau “politikoa” dela, “guztiz politikoa. Palestinar eta juduen arteko harremanetan ikusten da”.
Datorren hilabeteko estreinaldiaren aurrean, “kezkatuta” dago baina “ez beldur. Ez da erraza izango. Dena dela, argi daukat horrelako film bat egin behar zela, pentsamoldeak aldatzeko eta belaunaldi berriei itxaropena emateko. Eta gu prest gaude horretarako”.
KAROLINA ALMAGIA