"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Sunset Song filmarekin iazko Sail Ofizialean parte hartu ondoren –harrera ona izan bazuen ere ez zuen saririk jaso– Terence Davies zinemagile britainiarra, Zinemaldiko aspaldiko laguna, Donostiara itzuli da pertsonaia historiko baten bizitzan oinarritutako drama berezi eta oso pertsonala aurkeztera. Zuzendariak berak idatziriko gidoia oinarritzat hartuta, ohi duen dotoreziaz eta sentikortasun neurrigabeaz baliatuta gozo bezain gordin eta ederki filmaturiko lan hau, aurten lehenengoz lehiaketa izaera duen Zabaltegi-Tabakalera sailean ikusgai daukagu.
Aipatutako pertsonaia historikoa XIX. mendean bizi izan zen Emily Dickinson olerkari estatubatuarra da, eta Daviesek (Distant Voices, Still Lives,1988) haren bizitza zail eta enigmatikoaren bertsio erdi aske eta nahiko pertsonala eskaintzen du. Esan ohi da, bai, filmak erakusten duen moduan, Dickinson etxekoei lotuta bizi izan zela, Massachusettsen, anaia-arreba eta gurasoen alboan beti, eta ez omen zuela etxeko lau hormetatik at ia ateratzeko indarrik izan bere bizitzako azken urteetan. Daviesek erakusten duen moduan, halaber, oso mundu itxi batean sartuta bizi izan zen, bere pentsamenduek eragindako minek erotuta, nolabait.