"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
“Kaixo Donostia –hasi da esaten jatorri koreareko Lee Sang-il zinemagile japoniarra–, atzo bertan iritsi nintzen Donostiara hogei orduko hegaldi baten ostean, eta lehen begiratuan oso hiri dotorea dela iruditu zait, zinema ikusle grinatsuez betea gainera”.
Galderen txandarekin hasi aurretik errealizadore japoniarrak hitz batzuk esan nahi izan ditu, eta bertan ginenok, jakina, adi-adi entzun ditugu: “Nire lan hau, aurreko biak bezala, Shûichi Yoshida idazlearen eleberri batean oinarrituta dago, zeinean hilketa kasu ikaragarri batek bikote barruko konfi antza eta pertsona batek bere iragana ezkutatzeko izan ditzakeen motibazio diferenteei buruz hitz egiten den. Beraz, besteekiko konfi antzaz diharduen filma dela esango nuke. Horixe baita, izan ere, istorioaren muina, krimenezko argumentutik harago”. Argi denez, Ken Watanabe aktoreak ez du atzean gelditu nahi eta berak ere bere hitzalditxoa eman du: “Pozik eta hunkituta sentitzen naiz Donostian egoteaz. Film konplexua da Ikari / Rage (Amorrua) muturrera eramandako giza sentimenduez diharduelako. Japonian onarpen zabala izan du, baina Donostian zer-nolako harrera duen ikusteko irrikitan nago”.
Testuinguru pixka bat jartzearren, hona laburbilduta, bi ordu eta erdi luzeko iraupena duen fillmaren bilbea: Gela batean, bortizki eraildako pertsona batzuen gorpuak agertu dira, eta hormetako batean, biktimen odolarekin idatzia, “amorru” hitza. Urtebete geroago, oraindik ez dute hiltzailea aurkitu. “Kasuak besteez fidatzeko jendearen gaitasunari eragin dio, bereziki Tokio inguruko arrantzale-herrixka bateko hiru bikoteri. Konfiantzatik harago, amorrua dago. Eta amorruak, bortizkeria ekartzeaz gain, hilketa baten atzean datzan misterioa argitara atera dezake”, azaldu du Lee Sang-il zuzendariak.
Indar handiko antzezpenak eta argumentu interesgarria duen lan honek generoaren topikoetan eta klixez beteriko kontakizunean erortzeko arriskua zuen -argitu gabeko hilketa bat, pertsonaia bakarzale misteriotsua, amorante gazteak, harreman homosexual bat; “badakit ezin izan naitekeela erabat objektiboa, baina, uste dut filma hasi eta buka artean ikuslea jakin-minez mantentzen duela”, irtitzi du zuzendariak. Japonian ez ezik estatubatuar ekoizpen ugaritan sarri aritzen den Ken Watanabe aktoreak bere pertsonaiarekin “nolabait identifi katuta” sentitu dela adierazi du. “Antzezpenaren eta norberak sentitzen duenaren artean oso lerro mehea dago. Askotan erraietatik sortzen zaizkizun sentipenak baliatzen dituzu pertsonaia eraikitzeko eta horrek animikoki lur jota uzten zaitu errodaje saioa bukatutakoan”.
2006ko Oscarretan Hula girls lanarekin Japonia ordezkatu zuen Lee Sang-ilek benetan argazkigintza ederra baliatu du bere film berrian eta ezin azpimarratzeke utzi, ez kuanto, Ryuichi Sakamotok konposaturiko soinu-banda: “Sakamotoren konposizioa primeran egokitzen zaio filmearen bizkarrezurrari eta kontrapuntu aproposa ematen die kontakizunaren une erabakigarriei”,
SERGIO BASURKO