"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Euskal gizartean basoak eta egurrak izan duen garrantzia erakusten digu GUtik ZUra dokumentalak. Jon Maia bertsolariak zuzendu eta beraren eta Mari José Barriolaren gidoia du
egurraren eta honekin euskaldunak dugun erlazioan sakontzen duen lan honek. Horretarako, aukeratutako pertsonen bizi-esperientzia erabiliko dituzte, eta mundu osoan prestigioa duten espezialista batzuen iritziak ekarriko, historiaren eta istorioen konbinazio poliedriko baten bitartez basoaren eta zuraren gako nagusiak erakusteko: lehengoak, oraingoak nahiz gerokoak.
Proiektua, Barriolak bere lanbide heziketa ikasleentzat material bila hasi zenean jaio zen. Egurra berriz ere balioan jartzeko asmoarekin, ikerketa prozesua jarri zuen martxan adituei
elkarrizketak eginaz. Herri jakinduria dokumentatu nahi zuen, belaunaldiz belaunaldi pasatako jakintza. Orduan konturatu ziren egurraren inguruan galtzear zegoen ezagutza guztiaz.
Finantziazioa proiektuaren babesleak bilatu ondoren, Barriolak gaiak duen balio sentimentala islatu nahian, Jon Maia idazle, bertsolari eta zuzendariari eskatu zion proiektua zuzentzeko honek emango ziolakoan balio erantsi hori proiektuari.
Bikoteak egurraren ezagutza zabaldu nahi izan du GUtik ZUra-ren bitartez eta horretarako aditu
asko jartzen dute kamera aurrean. Besteak beste Albaolako Xabier Agotek, Sakanako basoetan moztu behar duten haritza erakusteaz gain, ondoren honekin San Juaneko ontziolan egingo duten itsasontziaren eraikitze prozesua erakutsiko du. Eta Anita eta Felipa Aierdi ahizpak ez dira hain ezagunak, baina gazte gaztetatik erabiltzen dute aizkora eta abilezia mantentzen dute.
Aizkolari gehiago ageri dira, Patxi Astibia eta Miguel Mindegia esaterako, garai ezberdinetako bi handi. Astibiak gainera datu interesgarria aipatzen du dokumentalean: garai haietan aizkolariak futbolariak baino ezagunagoak ziren. Eta Mindegiaren eskuak ageri diren planoek sekulako indarra dute. Mundu mailako bi adituen testigantzak ere jasotzen dituzte: Jairo Restrepo kolonbiar nekazal ingeniari eta idazlearenak eta ‘Ilargia, gau eguzkia tropikotan eta
hauen eragina nekazaritzan’ liburuaren idazlea den Ernst Zürcher suitzarraren hitzak. Arkitekturan egurraren erabileraz ere hitz egiten da filmean, belaunaldi askotan baztertuta izan
badute ere, gaur egun eraikuntzak, gero eta balio gehiago ematen dio zurari.
N.A.