"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Berlingo azken ekitaldian Urrezko Hartza jasotako Gianfranco Rosiren dokumental miresgarri honek, Frantziak eta Italiak elkar ekoiztua, oso planteamendu interesgarri, ausart
eta berritzailea egiten du. Hau da, erdi-fikzioa eta errealitatea elkarnahasirik, batetik, Lampedusako ugarte txikiko biztanleen eguneroko bizitza arrunt eta lasaia erakusten du, eta bestetik, egunero bertara iristen diren ehundaka etorkinen tragedia.
Bertako biztanleen artean, Samuele txikia ezagutuko dugu. Oso mutiko bizkorra da, bizia eta bihurria. Eskolatik kanpo, tiragoma batez baliaturik, txoriak ehizatzera joaten da. Batzutan bakarrik, besteetan bere lagun minarekin. Samuelek bizitza lehorrean egiten du, nahiz eta laster itsasora joaten hasi beharko duen, ugarteko gehienek bezala arrantza izango baita bere etorkizuneko ogibidea.
Harrigarria da nortasun handiko mutiko maitakor horrek kameraren aurrean ageri duen naturaltasuna. Ikusentzuleak aho zabalik uzteko modukoa. Beste biztanleei begira, tokiko
irrati esatari batek, herritarren deiei erantzunez, eskatzen dizkioten kantak jarriko ditu. Tartean, filmaren izenburuak dioen “Fuocammare” abestia, emakume batek seme arrantzaleari eskainiko diona. Hain juxtu, abestia eskatu duen emakume adindu horren beraren eguneroko bizitza etxean hasi eta bukatzen da. Sukaldetik logelara, bere bakardadearen lekuko egiten gaitu, irratiaren hotsa lagun bakarra izanik. Lampedusako
betiko medikua, bertakoak ezezik ontzietan iritsitako etorkin gaisoak ere sendatu beharko dituena, bai eta gogoz kontra hilotzak aztertu eta forentsearenak egin beharko ere. Urpekari
batek itsaspeak arakatuko ditu.
Eta horiek guztiek euren bizimodu arrunt horri lasai asko aurre egiten dioten bitartean, metro gutxitara, euren lur eremu berean hain zuzen, herrialde ezberdinetatik datozen etorkinen tragedia.
Horrela, Samueleren eta Lampedusako beste biztanleen –sei mila inguru– eguneroko bizitza lasaia eta ia ezustekorik gabea erakusten duen bitartean, oso irudi gogor eta gordinak biltzen ditu bizimodu berri baten bila euren herrialdeak uzten dituzten etorkinen tragediaren inguruan. Gose, hotzak jota, gaisorik eta, askotan, hilzorian iristen diren etorkinak dira. Rosiren kamerak, inolako atseginik hartu gabe, noraezean galdurik ibili ostean bidean hiltzen direnen gorpuak erakusten ditu, bai eta bizirautea lortu dutenak
lehorrean nola tratatzen dituzten erakutsiko ere.
Gianfranco Rosi, Eritrean jaio eta herrialde ezberdinetan bizi izan ondoren italiar herritartasuna duen zuzendari arrakastatsuak, hainbat sari jaso izan ditu bere aurreko lanekin. Besteak beste, honekin lotura nabarmena duen Sacro GRA (2013) dokumentalak Urrezko Lehoia jaso zuen, Venezian. Hartan, GRA, Erroma inguratzen duen errepide nazional erraldoian murgiltzen diren biztanle baztertuez mintzo zen.
ANE MUÑOZ