Matthew Libatique lehen mailako argazki-zuzendaria da eta Darren Aronofsky zinemagile berritzailearekin egin dituen lankidetzei esker egin zen ezagun. Zinemaldira datorren lehen aldia bada ere, bazuen Donostiaren berri: batetik, berak argiztaturiko Jonathan Dayton eta Valerie Farisen Ruby Sparks pelikula bertan izan zelako, eta bestetik, Aronofsky eta Javier Bardemekin oraintsu amaitu duen filmean Donostiaz oso ongi hitz egin diotelako. “Donostiara joan nahi dut, esan nion Javierri. Ez dakit hark zerbait egin ote zuen baina hurrengo egunean epaimahaikide izateko deitu ninduten”.
Epaimahaiko kide izatea lan gogorra dela deritzo: “eginkizun interesgarria izanik, ni ez naiz kritikaria, hortaz, nire lanarekin zerikusia duten alderdiei erreparatzen diet. Eta nik uste gainerako epaimahaikoek gauza bera egiten dutela. Gero, filmaz deliberatzen dugu, bakoitza bere ikuspuntutik, eta hori oso aberasgarria da”.
Txikitan hiru gauza izateko asmoa zuen: beisbol jokalaria, gitarra-jotzailea eta argazki-zuzendaria. “Aita argazki zale handia zen, astebururo goizean goiz esnarazten ninduen argazkiak ateratzera joateko eta bere zaletasun hori nire baitan hozituz joan zen”.
Robby Müller, Nestor Almendros, Vitorio Storaro eta haren Azken tangoa Parisen, Gordon Willis, edo Sven Nykvist bezalako argazki-zuzendari handiek izan dute Libatiquerekiko eragina eta zuzendarien artean Darren Aronofsky. Bost film egin dituzte elkarrekin: Pi, Requiem For A Dream, The Fountain, Black Swan eta, duela gutxi, Noah. Black Swan filmean egindako lanari esker, Oscar sarietarako bere lehen izendapena lortu zuen Libatiquek.
“Darren eta bion arteko harremana ikasle garaitik dator, 21 urte genituenetik. Lagunak gara eta 90eko hamakada hasierako kultur eragin berdinak ditugu, alegia, Linklater, Spike Lee edo Jim Jarmuschen zinema, baita hip hop musika ere. Elkarrekin hazi ginen eta orain elkarrekin zahartzen ari gara”, azaldu digu Libatiquek.
Arestian aipatu dugun bezala, une hauetan, Aronofskyren proiektu berria amaitu du. Filmak, izenik gabea oraindik, Jennifer Lawrence eta Javier Bardem ditu protagonista. Baina beste zein zuzendarirekin lan egin nahiko zukeen galdetu diogunean, besteak beste, Wes Anderson eta David Fincher aipatu dizkigu. “Halare, edozein zuzendari berrirekin ere kolaboratzeko prest nago, ahots zinematografiko propioa duela erakusten badit. Eta zentzu horretan -gehitzen du- zinema-jaialdiak toki aproposak dira talentu berriak aurkitzeko.
Teknologien aurrerakadaz ari garela, zera deritzo: “Nire lana neurri handi batean asmakizun teknologiko berrietan oinarritzen da, baina ezteknika eta tramankulu berrienesklabo izan nahi, hauek askotan inspirazioa lausotzen baitute. Film baten argazkigintza gidoian oinarritua behar du izan”.
Filmaketa batetik bestera ez dabilenean seme-alabekin egotea da gehien atsegin duena: “Beti nabil munduko punta batetik bestera, hilabete asko ematen ditut etxetik kanpo. Eta gauza guztien gainetik aita on bat izan nahi dut”.
Bukatzeko, Donostiaren argazkigintza nola planteatuko lukeen galdetu diogu: “Donostiara iritsi orduko itsasoa ikusi nuen, itsasoa hiriko arkitekturarekin bat egiten. Urdina da dudarik gabe hiri honen kolorea, itsasoaren urdina, eguneko ordu edo eguraldiaren arabera beti aldatuz doana”.
SERGIO BASURKO