Mikel Aramendi kazetariak hilabeteak eman zituen, 90eko hamarkadaren hasieran, Euskaldunon Egunkarian kolaborazioak idazten. Lerrokada honekin hasi zen 1993ko azaroaren 3ko zutabea: “3.672 egun betetzen dituzte bahituta gaur Jose Antonio Lasa Arostegi eta Jose Inazio Zabala Artanok. Baionako kale-bazter batetik eraman zituzten indarrez 1983ko urriaren 15etik 16rako gauean. Ez da haien berririk harez geroztik”. Ordutik aurrerako asteroko kolaborazio guztiak, guzti-guztiak, lerrokada berare-kin amaitu zituen. Haren salaketa isil eta, era berean, ageriko horri esker, Joxean Lasa eta Joxi Zabala etakideen izenak ezagunak egin ziren irakurle askoren artean. Haiekin zer gertatu zen inoiz ezagutuko genuen itxaropenarenaren izpia ere piztuta utzi zuen hainbatengan.
Esan izan da gutxi esploratu dela, zineman bezala literaturan, bortizkeriaren gaia gurean, Euskal Herrian. Oraindik goizegi ote den, esaterako 36ko gerrak sortutako ekoizpen artistikoa —dela ikusentzunezkoa, dela literarioa— berdintzeko. Film honetan, Pablo Malo zuzendariak euskal gatazkaren pasarte ilunenetako bati heldu zion, ETAren kontrako gerra zikinaren adibide basatienetako bati, eta bortizkeriaren, mendekuaren eta isiltasunaren inguruko hausnarketa proposatu zuen. Eta oraindik herritar askoren gogoan oso bizi dauden gertakari gordinak agerian utziz, ikuslea berez erraza ez den tokian jartzea lortu zuen: distantzia eskatzen duten gertakarien aurrez aurre, gupidarik gabe.
Filmaren ardatza bi gazteen desagerpenaren harira 2000. urtean burutu zen epaiketa da. Edo, hobeto esanda, epaiketa egitea posible egin zuten gertakarien mataza. Ze urratsak egin behar izan ziren Enrique Rodriguez Galindo, Angel Vaquero, Felipe Bayo eta Enrique Dorado guardia zibilen eta Julen Elgorriaga gobernu ordezkariaren aurka nahikoa frogak bildu eta epailearen aurrean azkenean eserarazteko. Horregatik, prozesua bera da filmaren haria. Eta Unex Ugaldek interpretatzen duen Iñigo Iruin abokatua, protagonista nagusia.
Tortura da, bestalde, giroa umeltzen duen etengabeko presentzia. Tortura esplizitoak batzuetan, gure filmetan gutxitan ikusitako eszenak eta giro basatia.
Eta, amaieran, zalantza bat: polizia komisario baten kezka pertsonalagatik izan ez balitz, zer edo zer jakingo ote genukeen gaur egun, edo Aramendik bere kolaborazioen amaieran lerrokada bera erantsiko zukeen oraindik ere; zenbat horrelakoak geratu ote diren estatuaren estolda lohien artean betiko estaliak; justizia ze berandu iristen den, batzuetan.
ALBERTO BARANDIARAN