Atzoko Donostiako aurkezpenera proiektuan parte hartu duten zuzendari gehienak eta aktoreetako asko joan ziren, Pablo Berástegui, Donostia 2016ren zuzendari orokorrarekin, Xabier Paya, kultur zuzendariarekin, Michel Gaztambide gidoilariarekin eta Jorge Gil, proiektuaren zuzendariarekin batera.
Donostiaren erretratu bat egitea, hamabi film laburren bitartez. Horretan datza Kalebegiaken proposamena: errealizadore ospetsuek, ibilbide handiko profesionalek eta hasiberriek parte hartzen duten produkzio bat egiten.
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak sustatutako talde-fi lm honen hamabi atalak iraupen eta euskarri anitzeko lanak dira, esaterako, Isabel Herguera eta Izibene Oñederraren Kutxa beltza animazio pieza. Izan ere, horietako gutxik erakusten baitute hiriaren alderdi topikoa. Ikus-entzunezko lan hauek hiriaren txokoak eta ertzak esploratzen dituzte, denboran bidaia eginez orobat: Koldo Almandozen Narcisso-k etorkizunera bidaiatzen du eta Julio Medemen La ballena real-ek, berriz, XX. mende hasierara garamatza.
Bestela ezin izan zitekeenez, labur gehienak kaira eta itsasora agertzen dira, adibidez Ekain Irigoienen Kresala izenekoa; eta Borja Cobeagaren Bidexka-k donostiar usadio gastronomikoaz trufa egiten du. Hiri eder eta idilikoaren irudipena hausten duten lan serioagoak ere badaude: Imanol Uriberen La casa del frío, kasu; zeinean kale gorrian bizi direnen ezbeharrak erakusten diren, edo Daniel Calparsororen Testimonio atal latza.
Aipatutakoen ondoan, Asier Altuna eta Telmo Esnalen Iraila, Luis Berdejok Los Angelesen gauzaturiko Los Angeles Observer edo Gracia Querejetaren Txintxorro izenburukoa, besteak beste, horiek denak Michel Gaztambidek koordinatuak.
Prentsa aurreko agerraldian aditzera eman dutenez, Kalebegiak diziplina anitzeko proiektu bat da, zeinean besteak beste, Musikenek, Itzulpengintza fakultateak edo Larrotxene kultur-etxeko zinema ikasleek parte hartu baizuten. “Gurea bezalako lurralde txiki batek eskaintzen duen zinemagile, aktore eta teknikarien zerrenda itzela Hiriburutzaren programan nolabait islatu behar zen”, gaineratu du Payak.
SERGIO BASURKO