Céline Sciammak (Girlhood, 2014) Gilles Parisen liburuaren egokitzapen erdi askea egin eta gidoia Claude Barrasi pasa zion, etorkizun handiko zinemagile suitzar honek bere lehen film luzea filmatu zezan.
Hartarako, Barrasek stop-motion delako teknika erabili du, eta hilabete askotako lanaren ondoren, animaziozko irudi polit eta oso ikusgarriak sortuz, txikiek ezezik helduok ere, erraz maiteko dugun film eder eta gozagarria osatu du.
Ama alkoholikoaren heriotzaren arduradun sentitzen den hamar urteko umezurtz baten istorioa biltzen du. Berez Icare izena du, baina “Courgette” ezizena ama zenarengandik jaso duen gauza bakarra denez –tira, garagardo-poto huts bat ere jaso du!– aurrerantzean halaxe deitzea eskatuko die lagunei. Courgette txikia, ze jatorra.
Umezurtz-etxean ezagutuko dituen lagunak ez dira nolanahikoak. Maitagarriak, bihurriak, jostariak dira, zakar eta zailak ere, baina ederki asko erakutsiko diote Courgetteri elkartasun kontutan ez direla txarrak. Han bizi dira Simon zaila, bikote helduek ohean daudenean zer
egiten duten jakinguraz bizi den mutila, ama Afrikara bidali dioten neska txikia…
Ahal duenero bisitan joaten zaion Raymond poliziak, halaber, maitasun eta elkartasun handia erakutsiko dio txiki protagonistari. Beste baloreen artean lagunenganako elkartasuna eta maitasuna goraipatzen duen istorio samur honek ere badu zer esana zoriontsu izateko norberak bere burua onartu beharraren garrantziaz. Aldi berean, txikitan bizi izandako ezbehar
tragiko batek ez duela gugan zertan bizitza osoan eragina izan beharrik erakutsiko digu.
Errealismoa eta fantasia nahasirik, ukitu poetiko fin batez apainduz, sekuentzia politez josia dago. Elurretara egingo duten irtenaldia, adibidez, oso ikusgarria da.
Cannesen arrakasta handiz estreinatu zen, eta gurean, Publikoaren Sarirako hautagai kutunetakoa da, oraingoz. Barreak eragiten dituen aldi berean, areto ilunean malkoren bat isuritzeak dakarren plazerraz gozatzeko aukera ematen du. Hau bai harribitxi fina.
ANE MUÑOZ