Lady Macbeth filmearen izenburuak gaizkiulerturen bat edo beste sortu du ikusleen artean, batek baino gehiagok Shakespeareren antzerki-lan ezagunaren egokitzapena zela uste baitzuen. Ordea, Oldroyden pelikula Nikolái Leskov errusiar idazlearen ‘Lady Macbeth Mtsenskoa’ eleberri laburrean oinarrituta dago eta XIX. mendeko errusiar emakume burges baten krimenak kontatzen ditu.
Eta izurra izurtzeko zuzendari britainiarrak Ingalaterran lekutu du berez Errusian gertatzen den istorioa. Baina gatozen nahas-mahas honi testuinguru pixka bat ematea: 1865eko Ingalaterrako landa-eremuan gaude. Katherine nahigabean bizi da: maite ez duen eta adina bikoizten dion gizon erretxin batekin ezkonduta dago, eta haren sendia hotza eta kupidagabea da. Bere senarraren finkako langile gazte batekin istorio sutsua hasiko du, eta bere barruan sekulako indar ahaltsua azaleratuko da: ezertxok ere ez dio galaraziko nahi duena lortzea.
William Oldroydek hainbat antzerki lan eta opera zuzendu ditu, baina Lady Macbeth da bere lehen film luzea: “Jatorrizko obraren egokitzapena Alice Birch idazlearekin elkarlanean egin nuen eta nire kasuan bezalaxe harentzat ere zinemarako idazten zuen lehen aldia izan da. Antzerkian testua gailentzen da gainerako arloen gainetik, zineman aldiz, alderdi bisualak du garrantziarik gehien. Diferentziarik handiena denboran datza, antzerki-lan bati ekiterakoan bospasei aste izan ohi ditugu aktoreekin entseguak egiteko eta film honekin, aldiz, hamar egun
baino ez”, argitu du zuzendariak.
Cronin O’Reilly ekoizlearen aburuz, “jakin bagenekien anbizio handiko proiektu bati ekitera gindoazela eta epokako film bat gauzatzeko oso aurrekontu murritza genuela. Pelikulan ez dira luxuzko jantziak edo dekoratu handiosoak ikusten, dirurik ez baigenuen horretarako. Irudimena eta soluzio praktikoak baliatzea beste erremediorik ez dugu izan. Hortaz, XIX. mendean bizitu izan zitezkeen pertsonaia horien psikologia lantzera zuzendu genituen gure
ahalegin guztiak. Eta emaitza ikusirik bene-benetan uste dut sinesgarritasun hori sobera erdietsi dugula”.
NABARMENTZEKO MODUKOA
Hari horretatik tiraka, zuzendariak adierazi duenez, “jatorrizko istorioan pertsonaiak zirriborroa besterik ez ziren eta nik uste pelikulan nortasun-kimu horiek loratzea lortu dugula. Pertsonaiak dira dudarik gabe filmaren motorra. Denak bikain aritu dira baina bat bakarra aipatzekotan Katherinen pertsonaia nabarmenduko nuke. Florencek bere pertsonaiari eman dion bilakaera ezin sinistekoa da”.
“Gidoia irakurri nuenean -esan du Florence Pugh gazteak- Katherinen pertsonaiaren bilakaera izan zen gehien erakarri ninduena. Hasiera batean neska maleziagabe gisa
erakusten dena gauza ikaragarriak egin ditzakeen beste pertsona batean bihurtzen baita”. “Harrigarria da -gaineratzen du Oldroydek-, nahiz eta pertsonaia gaitzezgarria bihurtu, ikusleek haren alde egiten dute, begiko zaiela ematen du. Harik eta, umea burkoaz itotzen duen arte, hori bai”.
Barrualdeko nahiz kanpoaldeko eszenatokiek ere atentzioa eman dute. Filmaketa Oldroydek ederki asko ezagutzen duen kokaleku batean burutu zen, Ingalaterrako Ipar Ekialdean, Northumberlandeko paraje bakartuetan, hain zuzen ere. Etxe barruan gertatzen diren eszenetarako Chester-Le-Street herriko Lambton gaztelu aukeratu zutelarik.
SERGIO BASURKO