Peter Monsaert errealizadore belgikarra Ganten jaio zen eta Ikus-entzunezko ikasketak egin ondoren, hainbat jaialditan hautatu eta saritutako lehen film luzea osatu zuen, Offline. Le ciel flamand bigarren film luzea du, Zuzendari Berriak sailean lehiatzera ekarri duena, hain zuzen ere.
Hiru emakume-belaunaldiren bizitzei eginiko begirada kontatzen duen pelikulak beste horren-beste urteko lan prozesua eskatu dio egileari: “Nik neronek idazten ditut gidoiak eta horrek ezagutzen ez duzun giro batez (burdelen mundua kasu honetan) dokumentatzea eskatzen
du; gaian janzteak eta finantzaketak eraman zidan denborarik gehien, baina gainerakoa parkean zeharreko paseo bat bezala izan da Donostiara iritsi arteraino”.
Izan ere, pelikula Mendebaldeko Flandria eta Frantzia arteko mugan filmatuta dago. Alde batetik, “inoren lurraldea dirudien geografi hura arras erakargarri gertatzen zaidalako, eta
bestetik, flandriera eta frantsesaren hizkuntz-muga paraje haietan kokatzen delako”.
Eline protagonista gaztea bere amaren eta amonaren lantoki misteriotsuarekin liluratuta dago, burdel bat dela ezjakin. Bertan, bakarti gajoei besarkadak ematen dizkietela kontatzen diote, halako batean ordea gertaera dramatiko bat gertatuko zaio familia-harremanak kolokan utziz. “Bi alaba biki ditut -azaldu digu Peterrek- eta horrek umeen sentimenduetan arakatzera bultzatu ninduen. Askotan gurasoek gehiegizko babesa
ezarri ohi dugu, umeak oso zaurgarriak direlakoan”.
Nolanahi ere, Esra Vandenbussche aktore gaztea topatu izanarekin oso pozik dago zinemagilea: “Berrehun hiruehun gazterekin egin genuen aktore hautaketa eta Esra aukeratzean Sara Vertongen (filmean honen amaren rola jokatzen duen aktorea) alaba
zela ohartu ginen. Primeran etorri zitzaigun bien arteko konplizitatea eta horrek asko erraztu zuen filmaketa. Gainera, Esra aktoresen harrigarria du, edozer gauza adierazi dezake bere
begiradarekin. Pentsa, garai hartan irakurtzen ere ez zekien eta bere hitzaldiak buruz ikasten zituen”.
Peter Monsaertek dioenez belgikar zinemak, baita flandrieraz egiten dena ere “oso osasun ona dauka”. Diru-laguntzak esleitzen dituen Batzordea agitz eskuzabala omen: “Genero oro laguntzen ditu, oso ikuspegi anitza baliatuz, eta hori guztiz mesedegarria da askotariko zinemagilerentzat”.
Amaitzeko, Monsaertek gehien atsegin duen zinemaz mintzo zaigu: “Dardenne anaiek egiten dituzten pelikulak gustatzen zaizkit, baita zinema ingelesa ere, gizarte drama psikologikoak
oro har. Ez dut uste inoiz blockbuster bat egingo dudanik”.
SERGIO BASURKO