"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Euskara hutsezko Euskaldunon Egunkaria sortu zela 25 urte bete ziren iaz, abenduaren 6an, eta urteurrena aprobetxatuta, Gaur irekiko ditu ateak, egunkariaren sorrerari buruzko dokumentala osatu zuen Hamaika Telebistak, Eriz Zapirainen zuzendaritzapean. 1990eko abenduaren 6an kaleratu zuen lehen alea. “Iaz etorri zitzaidan Koldo Izagirre idazlea dokumentala berari egiteko eskatu ziotela esanaz, baina berak ezin eta ea nik egingo nuen, berehala interesatu zitzaidan gaia. Protagonistekin hitz egiten hasi eta Iñaki Uriak hasieratik esan zigun ez zutela itxierari buruz hitz egin nahi, istorio ilusionagarri, pozgarri eta itxaropentsua egin nahi zutela baizik. Akaso egunen baten itxierari buruz zerbait egingo dute, baina hau irekierari buruzkoa da. Anekdota gisa, frantseseko itzultzailearekin harremanetan jarri nitzanean azpidatziak egiteko, harek esan zidan, jendearengana iristeko modu egokiagoa iruditzen zitzaiola, oso baikorra, eta ni bat nator horrekin”, dio Eriz Zapirainek.
2003an, Espainiako Audientzia Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz, itxi egin zuten Egunkaria, ETAren tresna izatea egotzita, eta zuzendaritzako hamar kide atxilotu zituzten. Zazpi urte geroago, akusatu guztiak absolbituak izan ziren. Baina kaltea eginda zegoen. “Noski guzti honen erreferentziak daude dokumentalean, baina ez da gai nagusia”, gehitu nahi izan du zuzendariak.
Euskarazko egunkaria zen, XX. mende amaieran euskaraz argitaratzen zen egunkari bakarra, eta 1937an zazpi hilabetez martxan izan zen Eguna egunkaria zuen aurrekari bakar. “Euskara ez zegoen normalizatuta periodiko batean idazteko, literatura eta telebista bazegoen noski, baina egunerokotasuna ez zen erreza. Besteak beste ingelesetik sortzen ziren hitz berriak, adibidez gerra terminologia, ez zegoen batere normalizatua. Hizkuntzaren inguruko sekulako lana izan zen hura”, eta hori anekdota askorekin jantzita kontatu du Zapirainek.
Argazki eta testu asko bai, baina irudiak lortzea ez da erraza izan, ondorioz marrazkilari batek mural bat egiten du dokumentalean zehar gauzak kontatuz eta honek estetika eta gozotasuna eransten dio lanari.
Gaur irekiko ditu ateak dokumentalaren unerik hunkigarrienak Joxemi Zumalabe aipatzen denean suertatzen dira. “Torrealdaik berak esaten du Joxemirik gabe ez zela Egunkariarik egongo, berari buruz zein maitasunarekin hitz egiten duten izugarria da, beti kordialitate batera iritsi nahi izan zuen pertsona zen Joxemi, oso tipo interesantea eta zalantzarik gabe pertsona klabea sorrera prozesu honetan”, aipatu du errealizadoreak.
NORA ASKARGORTA