Bere burua protagonistarena eginez zuzendu du Baltasar Kormákurrek Sail Ofizialeko lehiaketara ekarri duen Eidurinn filma. Thriller moral moduan eraikitako lan honetan indarkeriak jende arruntaren bizitza nola suntsitu dezakeen erakusten da. Finnur bihotzeko zirujau bat da, bi seme-alabaren aita. Haren familia-bizitza korapilatzen hasiko da Anna
bere alaba droga-trafi katzaile batekin harremanetan hasten denean. Senargaiak gero eta kontrol zorrotzagoa ezartzen du Annarengan eta familia osoarengan, eta Finnur-ek
neurri drastikoak hartu beharko ditu.
“Hollywoodeko thrilleretan tiro asko daude eta ez dago ondoriorik -adierazi du zuzendariak-, nire filmean berriz tiro bakarra dago eta gizon baten bizitza gainbehera etortzen da. Horra hor aldea. Zilegi al da muturreko neurriak hartzea zure alaba eragin txarretatik aldentzearren, eta ondoriorik ez jasatea?”. Zentzu horretan Eidurinn ondorioei buruzko filma da.
“Filmak -esan du Kormákurrek-, aitaren dilema morala mahaigaineratzen du: bera ez da gaizkilea, baina norbait hil du. Eta hasiera batean justiziaren atzaparretik libratzen bada
ere, harrapatuta sentitzearen beldurra izango du betirako zigor”.
Hartara, Gísli Örn Gardarsson islandiar aktore gazteak, filmean senargai gaiztoarena egiten duenak, bere zuzendariaren planteamendua berresten du: “Islandian horrelako kasuak ugari dira, klase altuko neskak droga kontutan sartuak”. Eta honen antzezkide Hera Hilmarrek ere arrazoia ematen dio: “Ez dakit paisaia hotz eta giro gogorraren eraginez izango ote den baina, oso zabalduta dago droga kontua Islandian. Urte batzuetatik hona gainera, lehen ingurune undergroundetan bakarrik ematen ziren droga arazoak klase altuen giroetara pasa dira”.
Aitatasunaren gaia ere zorrotz jorratzen du zuzendari islandiarrak: “Aita izatea oso gauza konplikatua da. Bost seme-alaba dauzkat, horietako bi nerabeak. Ez dakit zuek baina, nola kontrolatu hamalau urteko nerabe bat, ezinezkoa da. Ez dago munduan aita izatea baino gauza zailagorik”. Eta gaineratzen du, “filmatzen ari naizenean setean ni naiz nagusi, baina etxerakoan gero, kontua oso bestelakoa da”.
Bestalde, Kormákurren aburuz, “thrillera modu erakargarria da gizarte arazoak adierazteko, esate baterako, maskulinitate galduaren kontua. Nire filmean argi dago emakumezkoen nagusigoa, zeren eta protagonistaren inguruan dauden pertsonaia gehienak emakumezkoak baitira: alabak, emaztea, ospitaleko buruzagia, bere atzetik zelatan dabilen
emakume polizia... Zalantzarik ez dago mundua aldatu egin dela eta hori ere erakutsi nahi izan dut nire pelikulan.
Baltasar Kormákurrek 2000. urtean egin zuen debuta zuzendari eta gidoilari gisa, 101 Reikiavik filmarekin, zeinean aktore lanak ere egin zituen. Islandian eta Estatu Batuetan
egin du lan, eta honako film hauek zuzendu ditu gaur arte: The Sea, A Little Trip to Heaven, Jar City, White Night Wedding, Inhale, Contraband, The Deep, 2 Guns eta Everest. Trapped
telesailaren ekoizlea eta sortzailea ere bada, eta kapituluetako batzuk ere zuzendu ditu.
SERGIO BASURKO