Musikarik ez da min handia, tristura amaigabea eta joandako egun zoriontsu/malapartatu horien nostalgia menderaezina sortarazten dituen zeluloidezko mirakulu honetan. Musikarik ez? Ez baina… bai. Urrutiko, iluneko soinuak entzuten dira kaleetan, tabernetan, etxe txiro edo dotoretan. Zaunka ari dira txakurrak. Zaldi apo- hots dardaragarria, Patuaren oiartzuna dirudiena. Nakarrezko kirtena duten labanen txistu arin eta hilgarria. Gilotina xerraren azken zaztada… Soinuek osatzen dute Casque d´ Or en paisaia tragikoa.
Soinuak eta musika instant bi. Biek ez dute bueltarik. Biek markatzen dute betikotz protagonisten zoriOn/Txarra: Marie eta Manda dantza estrainekoz egiten dutela, George Van Parysen balsa delikatua entzuten dugu. Guk. Berariek ez. Mariek eta Mandak zainetan borbor egiten dien odola baino ez dute aditzen.
Filmaren bukaeran Mandak bere (ez) geroa sinatu duelarik, poliki eta polito agertzen da irudien artean doinu bat…. 1866an Jean Pierre Clémentek idatzi eta Antoine Renardek musikatu zuten Le temps de cerises, amodio eta borroka ereserkia. Bai, badago musika gurean malamentean París, bajos fondos izendatu zuten zinema puska harrigarri honetan.
Bada ere Eros. Bada ereTanatos. Bada ere Bellevue auzo paristarra. Eta Eros aske, aise, eroso dabil Beckerren kamera aurrean. Burlati eta… ernagarri. Pierre Auguste Renoirrek pintatu eta Jean Renoirrek berak filmatu zuketeen eszena batean, barteko amodio jokuek berotu zituzten izarak ikusten ditugu ohe gainean nahasiak. Marie lehio ondoan da. Maiteminez eta zoriontsu. Suelto du ilea eta ohe-atorrean, maitalearen usaina. Manda, zoriontsua ere, herabe baino orguiloz, zigarreta ezpainetan, kafe egin berria eskeintzen dio… Ez dago erotikoagorik mila filme artean.
Baina Tanatos da filme honen gidari iluna. Iluna eta ederra. Eder asko. Mandak Roland sastatzen duenean, hil hurren dagoen honek aurpegia laztantzen dio. Dandi apatxe apainak fereka egiten dio apatxea izan den arotz lirainari. Eta ikuslea sor eta lor, hunkiturik, harriturik geratzen da pantailari so.
Musika bada Zinemaz gainezka den Casque d´Or ren. Soinua bada. Zarata bada. Eros bada . Paris bada eta badira badira Apaches horiek; izen zoragarria zuten gaizkile dotore,apain, handiuste horiek. Lapurrak ziren. Iruzurgileak ziren. Dandiak ziren. Labanaz zein pistolaz, dohaitsuak. Alkandora ederrak eta dirdir egiten zuten zapatak jazten zituzten eta euren artean emakumeak askotan ziren pare. Pelikula honek betirako portreta egiten die. Hain baita motz gerezi garaia!
BEGOÑA DEL TESO