"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Duela bi urte Love is Strange interesgarriarekin ikuslegoaren txalo zaparrada jaso zuen Ira Sachs zinemagile estatubatuarrak bere lan berria ekarri du Zinemaldira. Hartan bikote homosexual heldu baten inguruan aritu bazen, oraingoan bi mutiko dira protagonistak, eta haiena laguntasun harreman estu eta polita izango da, besterik ez. Ala bai.
Sachsek bere azken lanetan kide izan duen Mauricio Zacharias gidoigilearekin batera idatzi duen istorioak gaur egungo Brooklyn auzora garamatza. Udako oporraldi garaian girotua, kaleko jende arrunten artetik hartutako pertsonaia soil batzuen inguruan garatzen da.
Jake 13 urteko mutikoa eta gurasoak Brooklyn-eko kale tipiko horietako batean kokatutako etxebizitza batera doaz denboraldi batez. Hau da, aitona hil berriaren etxera. Hasieran gogoz kontra badoa ere, iritsi orduko Tony ezagutuko du, bere adineko mutila, beheko solairuan jantzi denda duen Leonor etorkin txiletarraren seme jatorra.
Elkarrekin egun zoriontsuak igaroko dituzte, parkean edo bideojokoekin jolasean, bata bere marrazteko grinarekin eta bestea aktore izatea amesten, ustekabean euren gurasoen artean konponbiderik gabeko gatazka ezatsegin bat sortuko den arte. Jaken aitonak aspaldidanik alokatzen zion lokalak Leonorrek ordaintzen duena baino askoz gehiago balio duelakoan, Jaken gurasoek alokairua igotzea proposatuko diote. Leonorrek berriz, ez du ordaintzeko modurik. Helduak adostasun batera iristeko gai ez diren bitartean, dagoeneko lagun min banaezinak bihurtu diren bi gizontxoek euren harreman estua kolokan ikusiko dute.
Sachsek aktore zuzendari bikaina dela nabarmen uzten du, berriro. Izan ere, guztiak daude handi eta oso sinesgarri. Theo Taplitz eta Michael Barbieri hasiberriek Jake pijoaren eta Tony kalekumearen roletan egindako lana miresgarria da; lehenaren gurasoak antzezten dituzten Greg Kinnear eta Jennifer Ehle txukun baino hobe daude, eta ezin ahaztu S. Lelioren Gloria (2013) filmean ezagutu genuen Paulina García txiletarra, Tonyren amaren rolean. Zuzendariak Love is Strange-eko Alfred Molinari rol txiki bat gorde dio, aurrekontu murritzeko film independenteen izaera duen komedia dramatiko gozagarri honetan.
ANE MUÑOZ