"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Maysaloun Hamoud zuzendari israeldarraren lehen film luzeak, drama izanik ere umore ukituak dituen istorio gazte, samur eta oso entretenigarria bera, etxebizitza partekatzen duten hiru neska gazteen gorabeherak biltzen ditu.
Hain juxtu gaur egungo Tel Aviven kokatua, hirukote horren egunerokotasun ustez arrunta ezagutzera gonbidatuko gaitu, lehenik. Gazteak dira eta adin bereko gehientsuen bizimodu berbertsua daramate: egunez lanean, gauez parrandan, eta batzuetan alderantziz, lagunekin bilduta musika entzutea atsegin dute, solasean aritzea, tarteka porroren bat erre, edan eta dantza egitea. Alegia, inguruko beste edozein gazte bezala, hiriko gazte giroan integratuta daude.
Salma abokatua da, Laila berriz Dj eta tabernaria, eta Nur, azken horren lehengusina, Tel Aviven ikasketak burutzekotan haien etxean kokatuko den gazte tradizionala, zintzoa, eta hasieran behintzat, ohitura zaharrei eustearen aldekoa. Hiyabarekin irteten da kalera.
Euren eguneroko bizitzan barneratzen garen heinean, ordea, gizarteak ezberdin ikusten dituela konturatuko gara. Arrazoiren batengatik ez dituztela guztiz onartzen. Oztopoak jarri eta baztertu egingo dituztela lanean eta, batik bat, maitasun kontutan. Izan ere, hiruak jatorriz palestinarrak dira, musulmandarrak, eta beraiek nahi duten bakarra aske izatea bada ere, antza denez tradizioaren indarra handia da, oraindik.
Filmaren gai nagusia gizartearen eta familiaren onespenik ezean laguntasunaren garrantzia bada ere, zer esan handia du, halaber, gaur egungo gizarteaz eta gizarte horren beraren portaeraz. Jakina, Israelgo kaleetan nahasirik elkarbizi diren bi erlijioen arteko talka egunerokotasunean igartzen baita.
Batetik, ez datoz bat euren etxeko ohitura zahar eta itxiekin, non, adibidez, lesbianismoa zigortzen duten, jarrera matxistak defendatzen dituzten eta erlijioa praktikatzeari ezinbesteko garrantzia ematen dioten. Ondorioz, etxean mespretxatu egingo dituzte. Bestetik, ez dira guztiz onartuak izango Tel Aviveko juduen artean. Horra hirukote honek biziko duen gatazka. Ez han eta ez hemen, nor bere nortasunarekiko leial izateko bidean, benetako laguntasuna topatuko duten arte.
Salaketa film bezala sortua ez bada ere, Hamoudek tradizioaren zentzugabekeriak beldurrik gabe azaleratzen ditu, bai eta emakumeon eskubideen aldarrikapen argia egin ere. Kontuan hartzekoa da Mouna Hawa, Shaden Kanboura, Sana Jammalieh hirukotearen antzezpen lana, izan ere haien arteko konplizitateak ere asko laguntzen baitio istorioaren sinesgarritasunari.
A.M.