"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Arnaud des Pallières zuzendariak emakume gazte baten bizi-drama ekarri du Donostiara. Orpheline-k ihesean bizi den emakume gaztea du protagonista eta istorioaren linealtasuna apurtzea du ezaugarri nagusi. Paristar zinemagilearen bosgarren film luzeak emakume baten bizitzan atzera egiten du flashbacken bidez, pertsonaia desberdinak bailiran. Azkenerako, ordea, pertsonaia horiek bat egingo dute pixkanaka, protagonista bakar bat eratzeraino.
Ikusleek kontakizuna jarraitzeko arazoak ez ote zituen izango galdetu zaionean, zuzendariak zera ihardetsi du: “Ez dut uste publikoak nire filma ulertzeko arazoak izan ditzakeenik. Egia da kontakizunaren linealtasun ezak ulermena zailtzen duela; aitzitik, sinestuta nago gaur egungo ikuslea istorioak kontatzeko era horretara ohituta dagoela, istorioak bere kabuz osatzeko gai dela, alegia”.
Orpheline-k kontatzeko modu berezi hori barne du, lehenbizi kronologikoki azkenak liratekeen gertakariak pantailaratuz eta atzeraka protagonistaren haurtzaroraino joaz. Izan ere, pertsonaiaren momentu bakoitza aktore desberdin batek jokatzen baitu; familia desegituratu baten baitan lehenik, gizon helduekin izandako harremanak erakutsiz bigarrenik eta azkenik, bizi nahi ez zituzkeen beste zenbait egoera pantailaratuz.
Emakumearen nortasunaren eraikuntza zatikatua haragitzen duten aktoreak antzezle ezberdinak izaki, “garrantzizkoena pertsonaiak adin diferenteetan agertzen duen indarra da. Hor antzematen da pertsonaia bera direla”, argitu du frantziarrak.
Egilearen esanetan “filmea pertsonaien begiradaren bidez eraikita dago, ikusleek haiek begiratzen dutena ikusten dute”. Are gehiago, “kamera aktoreen aurpegietan finkatzen da, eta hauek agertzen duten egiazkotasunari esker, istorioa sinesgarri egiten da egitura zatikatua gorabehera”, gehitu nahi izan du.
Horretan behintzat arrazoi du zinemagileak, Adèle Exarchopoulos-ek, Adèle Haenel-ek eta Solène Rigot-ek pertsonaia nagusiaren eraikuntza itxuroso askoa osatu baitute.
SERGIO BASURKO