"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Charlie Hebdoko erredakzioaren kontrako erasoan hildako komikigileetako batek aitortzen du, dokumentalaren pasarte batean, Mahoma lehen aldiz marraztera abiatu zenean, zalantzaz beteta gelditu zela, harrituta. Ohartu baitzen ez zekiela nola marraztu behar zuen. “Are, ez nekien ezin zela Mahoma marraztu. Ateoa bainaiz”. 2015eko urtarrilean Frantzia osoa astindu zuten atentatu odoltsuen inguruko lan honen ekarpen interesgarriena, beharbada, hil aurretik hainbat komikigileri egindako elkarrizketen pasarte hauexek dira. Asko esaten baitute marrazkilarion bokazioaz eta lanaz. Pasarte horiek, eta komandoaren ekintza basatiaren lekuko zuzenak izan zirenen aitorpen xumeak.
Marrazkilarietako batek dio txakurrarekin zegoela erredakzio gelan hiltzaileak sartu zirenean, eta lortu zuela mahai baten atzean ezkutatzea. Handik gutxira animalia hurbildu zitzaiola, lasai, patxadaz, eta aurpegia miazkatzen hasi zitzaiola, babestu nahian edo. “Ikusia baitzuen besteei zer gertatu zitzaien”.
Erasoak minutu bat baino ez zuela iraun dio beste lekuko batek. Minutu bat baino ez, eta hamaika hildako: hamar gehi bat.
Dokumentalak jasotzen ditu, noski, ondorengo erreakzioak: manifestazioak, aldarrikapenak, izpiritu errepublikazalearen gaineko gogoeta burutsu eta sutsuak. Baina une eta aitorpen txikietan dauka indarra. Corinne Rey marrazkilariaren testigantza esate baterako, esaten duenean tiroek, bertatik bertara entzunda, tak-tak egiten dutela. Tak-tak baino ez. “Zerikusirik ez AEBetako filmekin”.
Alberto Barandiaran