"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Emmanuelle Bercot zinemagile frantsesaren fi lmak hasi zuen atzo Zinemaldiko Sail Ofizialaren lehia, Irène Frachon-en ‘Mediator 150 mg’ liburua oinarri harturik: Bresteko ospitaleko biriketako espezialista batek lotura zuzena aurkitu berri du zenbait heriotza susmagarriren eta Estatuak onartutako sendagai baten artean. Medikuak bere kabuz egingo du borroka egia argitara azal dadin.
Frantzian anitz ezaguna den Bretainiako emakume honen istorioa, justiziaren aldeko benetako oihua bilakatu zen. “Sinesgaitza da industria farmazeutikoak duen indarra, eta hartara pentsatu nuen haiei aurka egitea fikziozko pelikula baten bitartez. Herritar batek, sendagilea izanik ere, ezin du berak bakarrik botika-industriaren aurka borrokatu. Jendeak osasun eskandalu honen berri izan behar du bai ahala bai; izan ere, auziaren epaiketa ez da amaitu eta biktimak kalte-ordainen zain daude oraindik”, ziurtatu du zuzendariak, Sail Ofizialean lehiatuko den emakume bakarrak.
“Esango nuke emakumezkoei gehiago interesatuko zaiela filmak kontatzen duena, beraiek baitira pisua galtzeko, beraien burua hobeto ikusteko, botika hau gehien erabili dutenak eta honen ondorioak larrutik pairatu dituztenak. Halaber, medikuntzako profesional eta ikasleei, eta jakina, inoiz ‘sendagai’ baten albo- ondorioak jasan dituen edonori”, adierazi du zuzendariak.
Zuzendari gisa egiten duen seigarren film luzeari ekiterakoan aktore protagonista egokia aurkitzea izan zen haren buruhauste nagusia. Pertsonaia protagonistari heltzeko ez zuen ezein aktore frantses aproposik ikusten, eta proiektua bertan behera uzteko zorian izan zen bere lagun Catherine Deneuvek frantsesa bikain hitz egiten duen Sidse Babett Knudsen daniar aktorea proposatu zionean. “Sidse benetako Irènez oso bestelakoa da, baina haren kemen eta pasio guztia pantailara eramatea lortu du”, azaldu du Bercotek, antzezpena eta zuzendaritza bateragarri egitea lortu duen emakume honek.
Prentsaurrekoan izan da, halaber, istorioaren benetako protagonista, Irène Frachon medikua. “Botikaren ondorioak pairatzen ari ziren gaixoen aurrean nintzenean, zera esaten nion nire artean: pertsona hauen arazoa ez da gaixo egotea, pozoitu egin dituzte. Eta printzipioak dituen pertsona naizenez, farmazeutikekiko nire amorru guztia azaleratu zen. Horrek bultzatu ninduen haien aurka jotzea”.