Anthony Mann
Timothy Kane doktoreak Connie korista salbatu du, publizitate amarru batean eraikin batetik jauzi egitera doanean. Gero, hiltzaile baten heriotzan korapilatuta ikusiko du bere burua, honek aspaldi galdu zuen alabari 100.000 dolar eman diezaizkion laguntza eskatu baitio; baina hori egin ahal izan aurretik, mafiak hiltzailea akabatu eta bere kutxa gotorreko giltza ostu dio. Medikuari hilketa leporatzen diotenean, bere errugabetasuna erakusteko, gaizkileak harrapatzen lagundu eta mafiak bahitu duen Connie salbatuko du.
Anthony Mann
Johnny Norton baseball-jokalaria ezezik, abeslari ere bada, baina hotzeria duenean bakarrik kantatu dezake. Bere taldea izandakoak Habanan udaberriko entrenamenduak egiten dituen bitartean, Johnny klub bateko abeslari gisa hasiko da. Zailtasun ekonomikoak dituen Blue Sox bere taldeak berriro onartzen duenean, agertokia eta estadioa txandakatuko ditu, Patsy Clark, taldeko jabearen alabaren besoetatik, Gloria, klubeko abeslari eta bere benetako maitearen besoetara igaroz. Gau-klubaren ate-zabaltzea arrakasta itzela izango da eta Johnnyren sonari esker taldeak babeslea aurkituko du.
Anthony Mann
Kitty O?Hara, ikuskizunen munduko famili bateko senidea, kafetegi batean ari da lanean. Bere sendiak ordea neska ere agertokira igo dadin nahi luke, eta horretarako, Johnny McCloud izeneko konpositore hasiberriaren musika lortzen diote. Kittyk azkenean amore ematen du eta Johnnyk talentua duenez, Broadwayko produktore eszentriko batek ikuskizuna finantzatu dezan saiatuko da. Johnny soldadutzara deitzen dutenean baina, Kittyk ikuskizuna mutilaren kanpamenduan antzeztu dadin lortuko du.
Anthony Mann
Flamarionek vaudeville-ikuskizunetan tiratzaile izatea du ogibide. Emakumeak gorrotatzen ditu duela hamabost urteko amodio istorio zaputz baten ondorioz. Connie Wallace, bere laguntzailearen senarrak ere berarentzat lan egiten du. Conniek harekin maiteminduta dagoela sinestaraziz, Flamarion limurtzen duenean, honen senarra ?ustekabean? hilko da. Neskak Flamarion utzi eta Eddierekin alde egingo du, bizikleta-saioak burutzen dituen gizon batekin, eta honekin ezkonduko da. Flamarion Mexiko Hiriraino neskaren atzetik joango da.
Anthony Mann
Ted Allisonek kolpe handi baten ondorioz, amnesia dauka. Hilketa baten ikerketan murgilduta ikusiko du bere burua eta zantzu guztien arabera, bera da erruduna. Patty, emakumezko taxilari batek, bere izena garbitzen lagunduko dio. Tedek balakada bat jasotzean, oroimena berreskuratu eta errugabe dela frogatuko du.
Anthony Mann
Bigarren Mundu Gerra bukatzean New Yorkera itzultzen den gerra-korrespontsal harroputza da Steve Kimball. Tropentzat emanaldiak eskaintzen ari zirela, Europan lau urtez harrapatuta geraturiko nerabe-talde baten ardura dauka. Taldean Bridget Forrester sartu da ustekabean, gerrak bere aita kazetariarengandik banandu zuen neskatxa. Horiei Kay Lawrence gehituko zaie, etxerako itzuleran datorren kantari amerikarra. Steve eta Kay elkarrekin maitemindu dira eta gazteek etxerako bidean bere emanaldia itsasontzian eskainiko dute.
Anthony Mann
Nora Goodrich ikerketan diharduen kimikaria da, asmatu berri duen anestesia bere buruarekin frogatu nahi duena. Injektatu ondoren, bizitza erabat aldrebestuko zaio. Stephan Lindstrom bere senargaiak utzi egingo du, xantaia egingo diote eta leherketa suntsitzaile batek aurpegia desitxuratuko dio; baina hau guztia anestesiak eragindako amets bat baino ez da.
Anthony Mann
Louise Anderson Manhattango klub bateko abeslaria da, Eddie Clark bertako jabe delarik. Bertan B-29ko pilotua ezagutuko du, Patrick Ransom. Gau erromantiko baten ostean, Ransom Pazifikorantz abiatuko da. Adarra jo nahian, bere tripulazioak Louiseren aurpegia marrazten du hegazkinaren muturrean, zeinarekin korazatuak hondoratu eta japoniar hegazkinak lurreratzen dituen. Eddiek hegazkinaren eta honen izenaren, ?The Bamboo Blonde?, ospeari abantaila ateratzen dio bere kluba, bertako abeslaria eta izen bereko produktu-lerro bat sustatzeko, eta horiekin guztiekin zeharo aberastuko da.
Anthony Mann
Steve Randall kamiolari ezkonberriak, ezustean bere burua larruen biltegi bateko lapurretan nahastuta ikusiko du, zeinean polizia bat hilik gertatu den. Gaizkile-taldeko kide bat atxilotu, epaitu eta aulki elektrikoan hiltzera zigortzen dute. Walt Radak, taldeko buruak, Steve endredatzeko asmoa du, honek hilketa aitortu dezan, ezetz badio, Ann bere emazte hiltzearen mehatxupean. Steve eta Annek mendi aldera ihes egingo dute eta senide batzuren basetxe isolatu batean ezkutatuko dira.
Anthony Mann
Duke Martin balak lurrinean bustitzen dituen hiltzaile psikopata da. Lapurreta bat gertatzen da, apaindegi batean, zeina apustu-etxe estalia den. Lapurretan polizia bat hilik gertatu da eta lapurretako bat, Cowie, atxilotu egin dute. Galdeketak egiteko ospital batera daramate, eta Poliziaren presiopean, Steve Ryan bere laguna salatzen du, delituan parte hartu ez duen mutil bat. Rosie, Steveren arrebak Mickey Ferguson detektibeari kasua berriro ikertu dezan erregutzen dio, bere anaiaren errugabetasunaz sinetsita baitago.
Anthony Mann
Dennis O?Brien eta Tony Genaro, Altxorraren Departamentuko bi agente, ikerketa bitartean beste agente baten heriotza eragin duen faltsutzaileen sarea desegitekotan dabiltza. Beren buruak gaizkiletzat aurkeztuz, Detroiteko mafiako familia boteretsu batean infiltratuko dira. Hartara, Los Angelesen lan egiten duen munta txikiko handiputz bat, ?Azpisugea?, sarea agerian uzteko giltza izan daitekeela ohartuko dira eta O?Brian Mendebalderantz abiatuko da haren bila. Sarean sartzea lortuko du billete faltsuak egiteko plantxa bat duela esanez.
Anthony Mann
Joe Sullivan egin ez duen delitu baten zigorra betetzen ari da. Garai bateko bere bazkideek berari egotzi zioten errua, baina kartzelatik ihes egin orduko mendeku hartuko duela erabaki du. Pat bere amorantearen laguntzaz presondegitik ihes egingo du. Preso zegoen bitartean, Ann Martin, gizarte-laguntzaile baten bisitaldiak zituen, eta Poliziak aurkitzen badu, bahitu on bat izan daitekeela pentsatu du, hortaz, neska bahitu eta harekin Rick Coyle eta bere gaizkile-taldearen bila bidaiari ekingo dio.
Alfred Werker, Anthony Mann (kreditatu gabe/uncredited/sin acreditar)
Davis Morgan joera psikopatak dituen elektronikaren jenio bat da. Material elektronikoko denda eta biltegietan lapurretan ibiltzen da, behin aldaketak egin ondoren, Paul Reevesi saltzen dizkion ekipoak lortzeko. Los Angelesko Poliziak ez du lapur honekin asmatzen, ez baita ohartzen bere irrati-katea ere sintonizatua daukala eta honek haren bila non dabiltzan jakin dezakeela. Oso modu bizkorrean, bere modus operandia aldatzen du bere lana beste lapur batek egin duela itxurak egiteko, eta mozorrotzean ere abila da oso. Marty Brennan sarjentuak eta Breen kapitainak azkenean Reevesen fabrikan harrapatuko dute.
Anthony Mann
Jack Bearnes amerikar agenteak eta Pablo Rodriguez mexikarrak elkarrekin dihardute Kaliforniako Owen Parkson arrantxo-nagusiaren soroetan lan egiteko mexikar langileak modu ezlegalean sartzen dituen sare bat agerian uzteko. Bearnes munta gutxiko gaizkile baten itxurak eginez Parksonen taldean sartuko da eta Rodriguezek gainerako langileekin modu ezlegalean sartzea lortuko du. Bearnesen iruzurra bistan geratuko da eta orduan traktore batekin harrapatuko dute; begira ari zaien Rodriguezek, berriz, ez du ezer egiten asmatuko.
Anthony Mann
1794an, Lafayette markesak atzerritik Charles D?Aubigny bere mandataria bidaltzen du Robespierrek botere diktatorialak bere gain har ditzan galarazteko. D?Aubignyk Duval fiskal berria hilko du, zeina Robespierrek ez duen sekula ikusi, eta bere tokia hartzen du. Madelon izeneko emakume eder bat da D?Aubignyk Barras oposizioko buruzagiarekin duen kontaktua. Robespierrek ?Duval? informatzen du, koaderno beltz batean heriotzera zigortutakoen zerrenda bat idatzi duela esanez, bere batzordeko hainbat kide ere tartean dela, baina galdu egin duela aitortzen dio, eta hogeita lau ordutan berreskuratzen ez badu, berari ere heriotza-zigorra ezarriko diotela.
Anthony Mann
Joe Norson postariaren emaztea, Ellen, haurdun dago. Gizonak bizimodu hobea eman nahi lioke, baina ez du horretarako baliabiderik. Etsi-etsian, bere banaketa-ibilbideko bulego batean aurkitu duen diruz betetako gutun-azal bat ostu du. Dirua hilketa batzurekin loturiko xantai baten ordainketa da. Joek diruaren zati bat bere bizimodua hobetzeko erabiliko du, baina azkenean errudun sentituko da eta beraz, dirua itzultzen saiatuko da. Lapurtu zuen leku berera eramaten du, baina han ez dirudi inork ezer dakienik.
Anthony Mann
Lin McAdam bere aitaren hiltzailearen atzetik dabil. High Spade lagunarekin Dodge Cityra iritsiko da uztailaren 4ko ospakizunak bitartean. Wyatt Earpek kanpotarren armak bildu eta bere bulegoan gordetzen ditu herritik alde egin arte. Lin tabernara sartu eta bertan Dutch Henry Brown topatuko du. Biak pistolen zorroetara eramaten dituzte eskuak, baina hutsik daude. Gizon biak tiro-txapelketa batean aurrez aurre jarriko dira Winchester ?73 errifle berria eskuratzearren. Azkenean Linek irabaziko du, baina hiritik alde egin aurretik, Brownek eraso eta kendu egingo dio. Hortik aurrera, McAdam Browni itsuki segika ibiliko zaio.
Anthony Mann
Lance Poole Gettysburgeko batailan Kongresuaren Ohorezko Domina irabazi duen xoxone indiar bat da. Wyomingera, etxera itzuli eta Verne Coolanekin gatazkan sartzen da, tradizioz indiarrenak diren lurrak kendu nahi dizkien aurreiritziz beteriko abokatuarekin, honek kolonoentzat lurrak uztearen aldeko lege berria defendatzen baitu. Poole bere leinuaren eta kolonoen haserrea baretzen saiatuko da, baita agintariei eskari hori eginaz ere, baina alferrik da dena. Indiarren leinua auzitegietan eta bataila-eremuan behin betikoz zapalduko dute.
Anthony Mann
T.C. Jeffords Mexiko Berriko arrantxo-jabe alargun bat da, aurki Florence Burnettekin ezkontzera doana. Vance bere alaba alferrik saiatuko da ezkondu ez dadin. Vancek bere amaordea erasotu du eta T.C.-k Juan izeneko arrantxoko langile ohi bat urkatzen duenean, Vancen lagun bakarra berau, neskak mendeku hartuko duela zin egiten du. Tabernako jabea den Rip Darrow bere amorantearekin batera, zeinaren aita T.C.-k hil zuen, honen galbide ekonomikoa eragingo du. Bere alabak negozioetarako duen argitasunaz harrituta, porrota onartzen du T.C.-k. Hori ospatzera hirurak elkarrekin doazela, Juanen amak T.C. bizkarretik tirokatuz hilko du.
Anthony Mann
John Kennedy, Lincoln presidente hautatu berriaren bizkartzain denak, hau hiltzeko konspìrazio bat agerian utziko du. Kennedyk bere nagusiei horren berri ematen die, baina horiek haren kontura barre egiteaz gain, txorakeria bat irizten diote. Baltimorera doan trenean, presidentea hiltzeko asmoz dabilen gizon horietako bat bertan dela jakiten du. Kennedyk banan-banan konspiratzaileei aurre egin eta pixkanaka bilbea askatzen joan beharko du.
Anthony Mann
Cole zaldiak lapurtzeagatik ia lintxatu dute Glun McLyntock, garai batean Missouriko lapurra izandakoak bizitza salbatu dionean. McLyntockek orain Oregon bidean doan basetxetar-talde baten gidari moduan ari da. Colek harekin bat egiten du eta elkarrekin karabana gidatzen dute. Xoxone indiar-talde baten erasoari aurre egin eta azkenik beren helmugara iritsi dira. Jeremy Balle, basetxetarren buru denak, Tom Hendricks kontratatu du jaki eta horniduraz arduratu dadin. Alabaina, bizigai hauek herri eraikiberrira iristen ez direla ikusirik. McLyntock eta Balle bizkor Portlandera abiatuko dira zer gertatu den jakitera.
Anthony Mann
Steve Martin eta Johnny Gambi petrolio bilatzaile ausartak Mexikoko Golkoaren hondoan ?urre beltza? dagoela sinestuta daude. Kermitt MacDonald dirudunak ekonomikoki babesten du ekaitzen aurkako plataforma bat erakitzeko Martinen egitasmoa. Port Felicityko herriko bizitza otarrarrainxken arrantzak sustatzen du eta arrantzaleak ez dituzte euren garairik onenak bizi. Plataformak sortutako gorabeherek ez dute egoera hobetzen laguntzen. Tirabira larri hori eten egingo da Dominique Rigaud arrantzalearen bi alabak -Stella eta Francesca- hurrenez hurren, Martinekin eta Gambirekin maiteminduko direnean.
Anthony Mann
Tronboia jotzea atsegin eta musika sortzeko grina duen gazte bikaina da Glenn Miller. Coloradoko Unibertsitatean Helen Burger ezagutu eta maitemindu egiten dira. Bere eztei-gauean, Helenek senarra Harlemgo jazz-saio batean jotzen aurkituko du Gene Krupa, Louis Armstrong eta beste zenbait musikariekin. Berandu baino lehen bere banda sortu eta famatu bihurtzen da. Gerra hasten denean armadara doa, eta bertan batik bat soldaduentzat jotzen igaroko du denbora. 1944ko abenduan bere bizitza eten egingo da Mantxako Kanalean bere hegazkina misteriotsuki desagertuko denean.
Anthony Mann
Howard Kemp Gerra Zibileko beteranoa etxera itzuli denean, bere lurrak galdu dituela konturatu da. Lurrak atzera ere erosteko behar adina diru lortzeko saripeko ehiztari bihurtu eta Coloradoko lurralderantz abiatu beharko du ihesi dabilen Ben Vandergroat hiltzailea harrapatzera, zeinarengatik 5.000 dolarreko saria eskaintzen baituten. Vandergroatekin batera bakarrik geratu den Lina Patch doa, berarekin Californiara joan nahi duen neska bat.
Anthony Mann
Jeff Webster eta Ben Tatum bazkideak dira eta behi-talde bat Wyomingdik Kanadara daramate urre sukarrarekin sortutako hirietara dirutza baten truke saltzeko. Skagwayra iristean bere burua legearen agente izendatu duen Gannonek ganadua kentzen die. Jeffek ganadua berreskuratu eta Dawson hirira ihes egingo du. Tabernako jabeak, Rondak, Jeffi lagunduko dio behi-taldea atzera ere lapurtu nahi duten Gannon eta bere morroien aurkako borrokan.
Anthony Mann
Robert Holland Indar Armatuetara deitzen duten baseball-jokalari bat da. Bigarren Mundu Gerran ibili zen eta agintariek kiroletako izar izateagatik aukeratu dutela uste du. Alabaina, bere herriaren deiari erantzun beharko dio. Eskarmentuko pilotua denez, bere moduko gizonak behar dituzte bonba atomikoa garraiatzeko gai diren B-36 eta B-47 erreaktore berriak gidatzeko. Sally bere emaztea haurdun dago. Holland hain dago Aireko Aginte Estrategikoaren lanarekin txundituta ezen Airezko Indarrean jarraitzeko baseballeko bere jardunbidea bertan behera uztea erabakiko duen.
Anthony Mann
Will Lockhartek Laramie uzten du bere anaia hil zuten apatxeei errifleak saldu zizkien gizonen bila abiatzeko, eta Mexiko Berriko Coronado hirira iristen da. Lurraldearen zatirik handiena Alec Waggomanen eskuetan dago. Waggomanen gatzaga batzuk zeharkatzerakoan, honen semeetako bati, Daveri, aurre egin beharko dio. Willek ez du uste ezer desegokirik egin duenik, hala ere astindu, gurditxoak erre eta beren mandoak akabatuko dizkiote. Waggomanek apatxeei errifleak saltzen bere semeak ibili direla jakingo du gero.
Anthony Mann
Jed Cooper tranpa-jartzaile hirukote bateko kide da, zeintzuri indiarrek urtebetean harrapatutako larruak kentzen dizkieten. Hirurak zalditeria-fortera doaz eta esploratzaile gisa lana lortzen dute. Gotorlekuko biztanleak indiarren eraso baten eta komandante berriaren beldur dira, Marston koronela berau, zeina Gerra Zibileko bataila batean 1.500 gizon galtzeagatik bertara bidali duten. Jed Marstonen emaztearekin maiteminduko da eta honek borrokarako batere prestakuntzarik gabeko eta kopuruan indiarrak baino askoz gutxiago diren forteko gizon guztiei zera aginduko die, gerlari trebatuak erasotu ditzatela.
Anthony Mann
Damon Vincentik Kaliforniako mahasti batean lanean dihardu Kendall Hale izeneko emakume aberats batek kantari entzuten duenean. Neskak mutila izar batean bihurtu dezakeela uste du, baina aurki harekin aspertu eta eskultore batengatik utziko du. Damon abeslariarekin maitemindu da eta Kendallek uzten duenean, mutilak Metropolitanen eskaintzen dioten arrakastarako aukera zapuzten du, Mexikora alde egin eta gaisotu egiten da. Toreatzaile ohi baten alaba xarmantak, Juana Montesek, bere osaketan laguntzen dio. Ezkondu egingo dira eta mutilak ospea berreskuratuko du, Juanak ordea Kendallen eraginaren aurreran berea indartu beharko du oraindik.
Anthony Mann
Koreako Gerra bitartean, Benson tenientea ofizial gogor eta zaildua da, lur jota dagoen bere pelotoia salbatu nahi duena, eta Montana, berriz, gerrako neurosiak jota dabilen koronel bat kanpainako ospitalera eraman behar duen sarjentua. Bensonen ibilgailua hondatua dagoenez, honek Montanaren jeepa hartuko du, koronela barne dagoela, arerioa atzera botatzeko bere pelotoiak behar dituen munizioak eta ekipamendua garraiatzeko. Hara iristean, gehienak hil egin dituztela eta Bensonek pelotoia utzi zuen muinoa orain korearren esku dagoela ikusiko dute. Montanak eta Bensonek muinoa berreskuratu eta hildako soldaduei omenaldia egingo diete.
Anthony Mann
Morg Hickman, ordainsari-ehiztari eta komisario izandakoa, hirira iristen da dirusari bat kobratzera. Ben Owens da orain hiriko sheriffa, baina oraindik asko dauka ofizioaz ikasteko. Hickmanek arazo bat baino gehiagotik aterako du eta adiskide egingo dira; adinez zaharrena denak maisuarena egingo du, Owensek bere lana tajuz egiteko behar beste konfiantza bereganatzen duen artean. Bart Bogardus da bere aurkari nagusia, zeinak bi hiltzaile jazartzeko talde bat osatu, hauek harrapatu eta berak lintxatzea eskatuko dion komisarioari.
Anthony Mann
Ty-Ty Walden bere etxaldean altxor bat ezkutatuta dagoela uste duen Georgiako basetxetar bat da. Buck eta Shaw bere semeen laguntzaz hura bilatzen saiatzen da. Lurraldearen pusketa bat besterik ez du uzten zulatu gabe, gurutze batekin seinalatutako akre bat, bere elizari hamarren gisa emango diona. Haatik, altxor bila dabiltzala akre hori tokiz aldatuko da etengabe. Ty-Tyren suhiak bestalde kotoiko faktoria atzera ere martxan jarri nahi du, arrakastarik gabe ordea.
Anthony Mann
Link Jonesek Ft. Worthera doan trena hartzen du maistra bat kontratatzeko asmoz, bere emazte eta bi seme-alabekin bizi den Texasko herriskako biztanleek eman dioten diru-kopuru handia gainean daramala. Trenean Sam Beasley iruzurgilea, eta Billie Ellis, tabernako abeslari bat, ezagutuko ditu, eta hauek Billie maistra dela sinestaraziko diote. Dock Tobinen gaizkile-taldeak trena erasotuko du gero. Lapurretaren ostean, trena martxan jarriko da, Link, Sam eta Billie lurrean utziz, ordea.
Anthony Mann
Yancey Cravatek Sabra bere emazte gaztea Oklahomako lurralde basatira eramaten du eta bertan lurrak eskuratzeko lasterketan parte hartuko dute. Yanceyk gero egunkari bat sortuko du. Mendebaldeko bizimodu bizia gehiegi baretzen denean, Yancey desagertu eta Sabra argitaratzaile arrakastatsu bihurtuko da eta, azkenik, politikari. Yancey atzera ere petrolio eremuetan zulatzaile gisa lanean ari dela azalduko zaigu. Azken balentria batean, bere lankidetako baten bizitza salbatuko du. Sabra hura hil aurretik besarkatzeko garaiz iritsiko da.
Anthony Mann
AEB-Espainia-Italia
176 min.
XI. mendeko Espainian, erresuma kristauek mairuen etengabeko mehatxuei aurre egin behar diete. Gatazka baten ondoren, Rodrigo Díaz de Vivarrek (El Cid) emirrak aske utziko ditu Gaztela berriro erasotuko ez dutela hitz ematen badute. Bere errukia traiziotzat joko du Gormazko kondeak, Jimena maitearen aitak eta, bere ohorea garbitzeko, Cidek duelu batean kondea hil beharko du. Nahiz eta Jimenak mendekua agindu, Fernando erregeak neska Cidekin ezkontzera behartzen du, baina ezkontza-eginbideak beteko ez direnez, Jimena komentu batean sartuko da.
Anthony Mann
AEB-Espainia-Italia
180 min.
Marko Aurelio enperadoreak bere ahaide eta jarraitzaileak bilera batera Germaniako bere gotorlekura deitu ditu. Hiltzean bere legezko oinordeko Komodoren ordez bere semetzako Livio izendatuko duela esaten dio bere alaba Lucilari. Komodoren lagun Kleandro igarle itsuak Marko Aurelioren hitzak entzun eta hau pozoitu egingo du. Lucilak Marko Aurelioren nahiak kontatzen dizkio Liviori, baina honek uko egin dio tronuari eta Komodo zesar berria izan dadin utziko du. Inperioa ahultzen hasiko da, eta gero eta larderiatsuagoa den Komodoren jarreraren aurkako altxamendu-giroa areagotuz doa.
Anthony Mann
AEB-Britainia Handia
131 min.
Naziek okupatutako Norvegian, erresistentziako buruzagi Knut Straudek haran batean ezkutaturiko nazien fabrikan agente batek mikrofilmaturiko mezu bat helaraziko dio Rolf Pedersen unibertsitate-irakasleari. Naziek ?ur astuna? ekoziten ari dira, bonba atomikoak egiteko funtsezko elementu dena. Straudek eta Pedersenek mezua Ingalaterrako aliatuei eraman eta hauek fabrika suntsitzea erabakiko dute. Norvergiar biak jausgailuz botako dituzte berriro euren herrialdera beste zenbait gizonekin britainiar komandoen erasoa prestatzeko.
Anthony Mann, Laurence Harvey (kreditatu gabe/uncredited/no acreditado)
AEB-Britainia Handia
107 min.
Alexander Eberlin agente errusiarrak inteligentzia britainiarrean infiltratu eta hiru espioi britainiaren hilketaren arduradun den agente bikoitz errusiar bat hiltzeko mandatua jasoko du. Nahiz eta agente bikoitza Eberlin bera izan, inteligentzia zerbitzuko zuzendariek Pavel dela uste dute, haren Londresko kontaktua berau. Pavel jakinaren gainean jarri ondoren, bere estalkia gorde nahi badu hura hil beharko duela ohartzen da, baina errusiarrak jada arduratu dira hura garbitzeaz. Eberlinek mandatu batean esku hartzen du Berlinen, eta bera nor den hasieratik bazekitela eta hiriko sare errusiarra agerian uzteko berataz baliatu direla ohartzen da.