BENT HAMER
Krudela da oso hor, eskailerari begira, mugitzeke so dagoen kamera. Kupidagabea da oso inoiz isiltzen ez den irrati horren soinua. Bihozgabeak dira Canneseko Hamabostaldian plazara atera zen Noruegako zinegileak behin eta berriro, gurpil zoro eta ohiko batean errepikatzen diren keinu, mugimendu, instant eta zertzeladak. Halare, kontu harrigarriak, ohi ez bezalakoak, gertatzen dira bi agure horien bizitzan. Pasadizo horiek ere ankerrak dira. Bizimodua bezain ankerrak. Pelikulako arraultzak bezain petralak.
ZHANG YUAN
1.994ean, Time aldizkariak Zhan Yuan datorren mendean mundua gidatuko duten gazteen artean aipatu zuen denon ahotan izan zen zerrenda batean. 1.963an jaiotako zinegile hau Asian eta Estatu Batuetan txalotu dituzten bideo musikal askoren zuzendari eta ekoizlea da. 1.995 urtean Rotterdam harrapatu zuen ezustean Erzi filmearekin. Ondo baino hobeto ezagutzen duen Beijing hirian bizi den famili honen erretratuak hainbat garaikur garrantzitsu lortu zituen bertan.
ZHANG YUAN , DUAN JINCHUAN
Zinemaldi askotako egile kuttuna, ( Nantes, Locarno, Singapur, Hawai, Rotterdam eta San Franciscoko zine erakusketan sariak lortu ditu) Zhan Yuanek dokumental luze, sakon, mamitsu honetan idazle, ekoizle eta zuzendari arduretan ihardun du. Filme honekin mundua korritu ondoren, Erzi zuzendu zuen eta Behind the Forbidden City filmatzeari ekin zion. Egitasmo berezi berezia dugu azken hau egungo Txinan bizi diren homosexualak gai, hizpide eta eragile ditu eta.
Sergei Bodrov
Gerrako filmea dirudien arren askoz gehiago da El prisionero del Caúcaso. Abenturazko pelikula ematen duen arren askoz sakonagoak dira bere erraiak. Western jenerotik ere hainbat puntu ta kontu hartu baditu ere bestelako zerbait da Kavkazski Plennik hau. Sergueï Boudrovek gerraren kontrako parabola ohikoa izan zitekeena urrunago eramaten du aspalditik zeluloidezko salaketa horiek dituzten mugak errez gaindituz. Boudrovek ez du juiziorik egiten, ez du atarramendu moralik eskeintzen eta, seguruenik, bukaera ez da guk uste bezain baikorra.
AIVARS FREIMANIS
Estokolmon saritua, Ligzda aberria birsortzeko prozesuan parte hartu nahi duen Letoniako zinemagintzaren eredu gardena da. Bertako zinegileek badakite zinema kontzientziak astintzeko arma ikaragarria dela. Ez pentsa ordea zuribeltzezko argazki zoragarria duen lan hau didaktiko hutsa denik. Ez horixe. Ligzda, ibilkera pausatua badu ere, indartsua da bere erritmo dramatikoan eta errez egiten dio ihes zelaietako edertasunari huts hutsean heltzeko tentazioari.
ROSA VON PRAUNHEIM
Filme honetako une eta gune anitz dira arras, oso, zeharo jostariak, erabat libreak, izugarri probokatzaileak. New Yorken kazetari-ikerlariak bizitzen dituen pasadizoak mundialak dira. Rosaren amarekiko eszenak ez du, bestalde, parerik. Ama argazki bilduma bati dago so. Rosa agertzen da irudi batean. Hauxe amaren gogoeta:" Munduko bi gerrateetan zehar iraun dut bizirik. Rosarekin bizitzea hirugarrena izan zen". Egundokoa dugu muntaketa lana eta gainditzen zaila bai filmeari darion ironia bai bere erritmo basa.
YIM HO
Zhang Yu aktoresak antzezten du Berlinen irabazi zuen filme honetako emakume maitemindua. Zhang Yu benetako izarra da Hong Kongen eta handia da bere eragina bertako zinemagintzan. Ez da harritzekoa ba, Yim Horen lan hau berak diruz sostengatua izana. Herri bateko egia begi aurrean jartzen duen istoriorako argi aproposa aurkitu zuen Zhao Feik. Zhao, Zhang Yimouren La linterna rojan izan zen argazki zuzendaria.