"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
2022ko abenduan, garai hauetako ohiko ospakizunez gain, beste bat ere izan genuen: Donostia Zinemaldiak, bere 70. urteurrenari amaiera emateko, publikoari ireki zion bere artxibo historikoa, lau urtez egokitzeko, katalogatzeko eta ikertzeko lanak egin ondoren. Bi leihoren bidez egin zuen: batetik, artxiboaren webgunea argitaratu zuen (unera arte egindako lan kolektiboa jasotzen zuen) eta, bestetik, artxiboa lehendabizikoz tokian bertan kontsultatzeko estandar eta berme profesionalak ziurtatu zituen.
Aurkezpena abenduaren 13an egin zen Madrilen Estatuko Loteriak eta Apustuak erakundeak babestuta, eta, lau egun geroago, proiektuaz arduratu den taldeak zenbait hitzaldi egin zituen Donostian 2018az geroztik egin dituzten lan-prozesuei buruz. Programa publikoak, lehendabizikoz, "Z70: historia posible guztiak" martxan jartzen lagundu duten instituzio antolatzaile eta kolaboratzaile guztiak bildu zituen.
Artxiboa proiektu bizi bat dela diogunean, bi asmorekin esaten dugu. Batetik, Zinemaldiaren artxiboari buruzko webgune berria garatzeari esker. Hain zuzen ere, hilero eduki digital berriez elikatzeko diseinatu da. Taldeak, aldi berean, katalogora sartuko diren material berriak deskribatzen jarraituko du. Eguneratze-lan horiei esker, webguneak material horiek argitaratzen diren unetik proposatzen dituen gurutzaketa infinituen mapa aberasten jarraituko da.
Bestetik, artxiboak bizirik jarraituko du Zinemaldiaren eta Elías Querejeta Zine Eskolaren taldeek proposatuko dituzten ikerketa-ildoei esker, baina baita lehiaketaren historia material honen kutxetan ezkutatzen diren kronikak eta kontakizunak aztertu nahi dituztenen kanpo-bisitei esker ere. Urtarrilaz geroztik kontsulta daiteke artxiboa tokian bertan, eta, bisita prestatzeko, formulario hau erabil daiteke:https://artxiboa.sansebastianfestival.com/eu/bisita-eta-artxiboaren-kontsulta/sartzeko-eta-erabiltzeko-baldintzak/
Artxiboa ikertzea sustatzeko eta tokiko ikerketa bultatzeko helburuarekin, Donostia Zinemaldia beken proiektu batean lan egiten ari da. Beka horiei esker, ikertzaileei ondare material honetan oinarritutako ikerketak egiteko espazioa eta euskarria emango zaie. Laster emango da deialdiaren berri.
Azkenik, artxiboaren webgunearen atal bizienetako bati jarraitutasuna emateko (material argitaragabea erakusten du hilero), urte berria inauguratzeko dokumentu bat argitaratu berri digu. Donostia Zinemaldiaren artxiboan kontserbatzen den kartelik zaharrena da, 1955ekoa. «Chumy»k diseinatuta, posterrak Prestakuntza Zinematografikoaren Astearen bigarren edizioa iragartzen digu. Zinemaren Nazioarteko Bulego Katolikoak antolatzen zituen dibulgazio-ekintzetako bat izan zen ekitaldi hori. Dokumentuari buruzko informazio gehiago duzu hemen: https://artxiboa.sansebastianfestival.com/eu/bilduma-digitalak/hilabeteko-dokumentua/