Alabaina, zero aletzat edo ale pilotutzat hartzea litzateke komenigarriena agian, sail izateko asmoz sortzen diren ikus-entzunezko proiektuekin gertatzen den bezala, lehendabizikoz irtetean sail osoan izango duten tonu eta unibertso berezia, trama eta gatazka nagusia eta aktore protagonistak aurkezteko modu gisa.
Halako aleak, halaber, iraupen edo luzera handiagoko kapituluak izan ohi dira, geroago etorriko denaren funtsak ezartzeko jomuga izaki.
Horri dagokionez, Z365 ekimenaren kapitulu pilotua biltzen duen istorioa 2015ean hasi zuen, Zinemaldiak Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren eraikinera eraman zituenean bere bulegoak. Bertan, Tabakaleraren kultura-proiektuarekin eta Euskadiko Filmategiarekin batera hasi zen bizitzen.
Donostia Zinemaldiak aspaldidanik zeraman bere buruaz gogoeta egiten eta nazioarteko zinema-jaialdien panorama aztertzen, festival study delakoak ugaritzen ari direla ikusirik. Bere buruari buruz hausnartze horrek (apika, hausnarketa teoriko eta akademikoagoa), Donostia Zinemaldiak nazioarteko zinema-jaialdien zirkuitu aldakor horretan duen lekua zehazteko xedea zuen.
2017an Elías Querejeta Zine Eskola sortu izanak eta Zinemaldiak haren kontzeptualizazioan parte hartu izanak, gainera, beste bultzada bat eman zion paradigma-aldaketa berri horri. Zinemaldia, hala, Zinemaldia Eraikitzen izeneko irakasgai bat ematen hasi zen Komisariotza-graduondokoaren ikasleentzat, bere artxibo historikoa eskuragarri jartzeaz gain, eta, EQZErekin batera, Zinemaldia 70: historia posible guztiak ikerketa-proiektua gidatzen ere hasi zen.
Sortu zenez geroztik lehen aldiz, Zinemaldia azterketarako abiapuntu bihurtu zen, aztergai, eta hortik aurrera, Zinemaldia bere buruaz gogoeta egiten hasi zen, zinema-jaialdien azterketaren testuinguruaren barnean.
Abiapuntu horretatik, Zinemaldiak bere buruari honako galdera hau egiten jarraitu dio etengabe: «Zer izan da lehiaketa? Eta zer da gaur egun? Norantz doa?»
Gaur egun, hola, aldarrikatu egiten dugu Donostia Zinemaldia bi gauza direla:
Alde batetik, zinema-munduaren eta -industriaren ospakizun komunitario bat da, irailaren bederatzi egunetan zehar Donostia hirian biziki gertatzen dena.
Bestetik, urtean 365 egunetan lan egiten duen erakundea da Zinemaldia, zinemari buruzko prestakuntza eta ezagutzen transmisioa sustatzen diharduena, zinema-proiektuak garatzen laguntzeko eta ikerketa eta dibulgazioa bultzatzeko.
Beraz, Zinemaldia ekitaldi gisa dugu batetik, eta Zinemaldia erakunde gisa bestetik.
Eta Z365 eremua (urte osoko Zinemaldia), hain zuzen ere, Zinemaldiaren Erakunde gisa identifikatzen dugun hori da.
Urte osoko zinemaldiaren testuinguru horren barruan, ikusten hasi ginen Tabakalerako ekosistemak hazkuntza-ahalmen handia zuela: ez dago beste lekurik mundu osoan non arte eta kultura garaikideko zentro baten kultura-proiektu bat (Tabakalera), zinema-pentsamendu eta -ikerketarako eskola bat (Elías Querejeta Zine Eskola), Filmategi bat (Filmoteca Vasca - Euskadiko Filmategia) eta zinema-jaialdi bat (Donostia Zinemaldia) proiektu partekatuetan biltzen baitira.
Diagnostiko horretan oinarrituta, eta betiere zinemaren inguruko prestakuntzari, talentu berrien bilaketari, proiektuen garapenari, ikerketari eta dibulgazioari dagokienez helburu nagusi berberak zituzten erakunde kideak ere aintzat hartuta, partekatutako hainbat proiektu abiarazi ziren Zinemaldia urtean zehar hedatzeko.
Hainbat urte eman ondoren elkarrekin lan egiten, sinergia eta elkarlan horiek fruituak ematen ari direla esan dezakegu gaur egun. Azken bi urteotan, azkenik, ikusi ditugu burututa urte osoko Zinemaldiaren baitako prestakuntza- eta garapen-programetan ibilbide luzea egin duten zinemagileen filmetako asko Zinemaldiko sailetan.
Horren adibide da, besteak beste, Kiro Russo: sortzaileak Nest sailean hasi zuen bere ibilbidea Nueva vida (2015) film laburrarekin, 2016an bere lehen film luzearen garapenarekin jarraitu zuen gurean (zehazki, Ikusmira Berriak egonaldietan); finean, 2021ean estreinatu zuen Veneziako Orizzonti sailean eta Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean. El gran movimiento (2021) filmarekin, gainera, Kiro Russo hautatu egin zuten bere herrialdean Oscar sarietarako ordezkari gisa, eta gauza bera jazo zen 2007an Laura Wandel Nesteko ikasle ohiarekin, zinemagile horrek ere bere herrialdea ordezkatuko baitzuen Playground (2021) film luzearekin, Cannesko Un Certain Regard sailean estreinatua eta geroago Zabaltegi-Tabakaleran erakutsia.
Euskal zinema nazioarteko fenomenoaren beste kasu arrakastatsu bat Arantza Santestebanena izango litzateke: 2018an Ikusmira Berriak ekimenean garatutako 918 gau (2021) filmak Doclisboa, Torino Film Festival eta Punto de Vista zinema-jaialdietako sari nagusiak irabazi ditu. Orobat, zuzendariak zineman egin zituen lehen urratsak Zinemaldia + Plus fokuaren barruan erakutsi ziren. Bertan, Irati Gorostidirekin batera zuzendutako Euritan (2017) film laburra eman zen; Gorostidi, bestalde, Ikusmira Berriak programako egoiliarra da ikasturte honetan, 2022an, Anekumen pelikularekin.
Elías Querejeta Zine Eskolako irakasle bihurtu berri diren tutore batzuk ere aurretik parte hartu izan dute programa partekatuetan, hala nola Jessica Sarah Rinlandek edo Helena Girónek eta Samuel M. Delgadok. Rinland 2020an hasi zen Monólogo colectivo film luzea garatzen, Ikusmira Berriak egonaldien barnean, eta hurrengo urtean Sol de Campinas (2021) film laburra estreinatu zuen Doclisboa jaialdian. Helena Girón eta Samuel M. Delgado ere Ikusmira Berriak programako egoiliarrak izan ziren, kasu honetan, 2017an; Eles transportan a morte (2021) garatu zuten, zeina Veneziako Mostrako Settimana Internazionale della Critica atalean estreinatu baitzen iaz, eta Zabaltegi-Tabakalera sailean emango geroago.
Partekatutako programek EQZEko irakasleen kidegoa indartzen dute, baina, horrez gainera, hazien hazkuntza arduratsuaren emaitzen isla bizia dira halako programetako ikasleak. Marina Palaciok EQZEko lehen promozioko ikasle gisa eratu zuen Ya no duermo (2020) bere film laburra, geroago Zabaltegi-Tabakalera sailean hautatua; hurrengo urtean Ikusmira Berriak egonaldietan sartu zen Palacio bere lehen film luzea –Y así seguirán las cosas– garatzen hasteko. Proiektu horrekin berarekin parte hartu zuen, baita ere, Noka programan. Era berean, Palacioren promozio bereko Jaume Claret egileak Ella i jo (2020) film laburra estreinatu zuen EQZEren ordezkari gisa Nest lehiazko sailean, eta gaur egun Ikusmira Berriak egonaldien zortzigarren edizioko egoiliarra da Estrany riu obrarekin. Bi zinemagile horiek, gainera, nola prozesuak hala lantaldea partekatu dituzte orain arte egindako proiektuetan, eta sortutako film laburrak nazioarteko zein estatuko hainbat jaialditan zirkularazi dituzte.
2021eko eta 2022ko ikasturte artean, Sorkuntzako ibilbidea aztertu duten hainbat zinemagilek nazioarteko zinemaldietan estreinatu dituzte euren filmak; halakoak dira, esaterako, Óscar Vincentelliren eta Luiza Gonçalves kasuak: La sangre es blanca FID Marseillen eta Un bananero no es casualidad Viennalen, hurrenez hurren. Aurten Maria Pugg (O banho), Mario Sanz (Ten minutes to midnight) eta Amanda Devulsky (Vermelho Bruto) zinemagileek IndieLisboa eta FID Marseille jaialdietan estreinatuko dituzte euren lanak.
Zinemaldiaren 70. urteurren honetan, Ikusmira Berriak programan garatutako bi film Sail Ofizialean lehiatuko dira, lehendabizikoz Zinemaldiaren historian: Mikel Gurrearen Suro eta Manuel Abramovichen Pornomelancolía, 2016ko eta 2018ko egoiliarrak, hurrenez hurren. Horiez guztiez gain, nabarmentzekoa da Elena López Riera ere edizio honetan izango dugula; Cannesko Quinzaine des Réalisateurs atalean izan ondoren, Zabaltegi-Tabakalera sailean estreinatuko du zuzendariak El Agua filma, 2018ko Ikusmira Berriak egonaldietan garatua. Elena López Riera EQZEko kide da, proiektuen tutore legez, azken ikasturteaz geroztik hona, eta duela gutxi Zinemaldia + Plus fokuan eman dira egileak zuzendutako film laburrak, atzerabegirako gisa. Estibaliz Urresola euskal zinemagilea ere izango dugu Sail horretan, Cuerdas bere film laburrarekin; Cannesko Semaine de la Critique atalean estreinatu zuen lana, 2019an Noka programatik igaro ondoren.
Ikerketaren eta dibulgazioaren alorrean, partekatutako programen eta proiektuen arteko joan-etorriak ere errealitate dira. Azken bi urteotan, Z70: historia posible guztiak proiektuaren esparruan, Zinemaldiak eta EQZEk bi argazki-erakusketa antolatu dituzte Kutxa Kultur Plazan; Zinemaldiaren artxibo historikoko material argitaragabea bildu da erakusketa horietan, eta Zinemaldiaren historia bisuala errepasatu da, horrela, eremuz kanpokoei arreta jarrita betiere. Era berean, eta Zinemaldia + Plus fokuarekin batera, Judit Elek zuzendariaren The Lady from Constantinople (1969) film hungariarra erreskatatu eta eman da, Zinemaldian Urrezko Maskorra lortzeko lehian aritu zen hirugarren emakumea zinemagile gisa.
Zine aldizkari akademikoaren hirugarren aleak Koldo Izagirreren lan zinematografikoa eta Antxon Eceizaren biofilmografia errepasatu ditu. Antxon Eceizaren funts pertsonala Euskadiko Filmategian gordetzeari esker, Z365 eremuko Maialen Belokik eta Irati Crespok koordinatutako txosten bat argitaratu ahal izan da, material argitaragabea bildu eta eskutitzak, eskuz idatzitako memoriak eta argazkiak ere barne hartzen dituena. Alea udazkenean jendaurrean aurkezteko ekitaldian, Zinemaldia + Plus fokuak Ke arteko egunak (1989) lanaren –Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu den euskarazko lehen filmaren– emanaldia hartuko du.
Aurtengo martxoan, urte osoko jaialdiak networkingerako topaketen hasiera ospatu zuen; topaketa horien xedea zera da, esponentzialki hazten hasi den eta jarraipen, zaintza eta laguntza profesionalerako sare zabal bat behar duen komunitate oso baten hariak batu eta ehuntzea, hain justu. Lehenengo ekitaldian, Ikusmira Berriak ekimeneko egungo egoiliarrak, Noka programako egoiliarrak eta Elías Querejeta Zine Eskolako laugarren promozioko ikasleak elkartu ziren, baita aurreko promozioetako ikasle ohiak ere, kontuan izanik Donostia etorkizuneko proiektuak garatzeko oinarrizko kanpamentu bihurtu dutela. Irailean, Zinemaldiaren esparruan eta aprobetxatuz industriaren parte handiena Donostiara etorriko dela egun horietan, Ikusmira Berriak eta Noka programetako egoiliarrak, EQZEko ikasleak eta ikasle ohiak, ECAMeko La Incubadora laborategiko egoiliarrak eta industriako hainbat profesional –adibidez, nazioarteko prestakuntza eta garapen programen arduradunak– elkartuko dituen komunitateari zuzendutako bigarren ekitaldia egingo da.
Hain zuzen ere, leku ezin aproposagoa izango da haziak arretaz ereitearen eta haztearen ondorioz talentua nola loratzen den ikusteko eta, elkarrekin konektatuta, komunitate zabal eta anitz honen berotasunean egindako lan guztiaren fruituak jasoko dituzte zinemagile, ekoizle, gidoilari eta ikertzaileek.
Jarraituko du...