Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko Hizketaldiak ataleko mintzaldi-programa zabalak Jaume Claret Muxart, Gia Coppola, Claire Denis, Harris Dickinson eta Archie Pearch, Joachim Trier eta Jonás Trueba eta José Luis Guerin zinemagileen (besteak beste) sorkuntza-prozesuak nabarmenduko ditu bereziki, Alexandre Desplat eta Alberto Iglesias musikarien arteko topaketa bat sustatzeaz gainera. Beste saio batzuk ikus-entzunezko industriako diagnostiko feministei, 2000ko seriei edo Latinoamerikako LGBTIAQ+ filmen banaketari eta nazioartekotzeari buruzkoak izango dira. Ikus-entzunezko egonaldi eta laborategiei, sektoreko teknologia inklusiboei eta diktadura frankistako eskritura zinematografikoei buruzko jardunaldiak ere programatu dira. Elkarrizketak ACCIÓN zinema-zuzendarien elkartearen I. topaketan ere izango dira. Bertan, besteak beste, Pablo Berger, Isaki Lacuesta, Daniela Fejerman eta Julio Medem izango dira.
Pentsamendua eta Eztabaida arloak antolatutako atal bat da Hizketaldiak. Bertan, Donostia Zinemaldiak topaketarako, ezagutza sortzeko eta transmititzeko gune gisa duen izaera azpimarratzen du, bere buruari galderak egiteaz eta panorama zinematografiko aldakor baten aurrean etorkizuneko erantzunak ematen saiatzeaz gain.
Hizketaldiak
Larunbatean (hilaren 20a), hizketaldi bat egingo da Tabakalerako zinema-aretoan. Bertan, Harris Dickinson antzezle eta zuzendariak –ezaguna denak Triangle of Sadness (Ruben Östlund, Perlak, 2022) eta Baby Girl (Halina Rejin, 2024) filmetan egindako lanagatik– eta Archie Pearch ekoizleak Devisio Picturesen izandako esperientziaz hitz egingo dute. 2023an sortu zuten Devisio Pictures, Londresen eta New Yorken ditu egoitzak ekoiztetxeak, eta horren bidez ekoitzi du britainiarrak, izan ere, bere lehen filma zuzendari gisa, Urchin, Zabaltegi-Tabakaleran programatua FIPRESCI Saria eta gizonezko aktorerik onenaren Un Certain Regard Saria lortu ondoren Cannesen. Hizketaldian lehen film bat aurrera ateratzeko erronkak, sormen-prozesua eta eratu nahi duten konpainia izango dira hizpide.
Egun horretan bertan, azken hamarkadotan zinema-konpositore gisa ospe handiena lortu duten bi musikarik elkarrizketa bat izango dute Tabakalerako Z Aretoan. Alberto Iglesias donostiarrak (Hable con ella, La piel que habito, Madres paralelas) eta Alexandre Desplatek (The Grand Budapest Hotel, The Shape of Water, The King's Speech) euren ibilbideez eta partituren atzean dagoen sormen-prozesuaz hitz egingo dute. Paula Olaz konpositorea izango da moderatzailea.
Hilaren 21ean, María Zamorak –besteak beste, Alcarràs, La virgen roja eta Romería filmen ekoizleak– Joachim Trier zinemagile daniarrari egingo dio elkarrizketa Tabakalerako 1. zinema-aretoan. Perlak sailean programatutako Affeksjonverdi / Sentimental Value filmarekin Cannesko Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen Trierrek.
Astelehenean (hilaren 22a), Z Aretoak Egungo Ikus-entzunezko Industriari buruzko Diagnostiko Feministak jardunaldia hartuko du, 50/50 Berdintasunerako Lurralde arteko 2025erako Lantaldeak (GTI Grupo de Trabajo Interterritorial de Igualdad en el Audiovisual 50/50 para 2025) antolatutako saioa, AMMA, AAMMA, Cima, Dones Visuals, Hemen, Dona i Cinema eta Mia elkarteak, RTVEko Berdintasun Behatokia eta Málagako zinema-jaialdia bilduko dituena. Egun oso batean, honako hauek hartuko dute parte: Jule Goikoetxea idazle eta ikertzailea eta Silvia Albert Sopale antzezle eta antzerki-zuzendaria; Pilar Crespo AAMMAko (Ikus-entzunezko Hedabideen Emakumeen Andaluziako Elkartea) presidentea; Deborah Micheletti Dona i Cinema nazioarteko bi urtean behingoaren zuzendarikidea eta Sonia Estévez stop motion animazioko ekoizle eta zuzendaria; Beatriz Aparicio RTVEko Berdintasun Behatokiko Unitateko burua, eta Gemma Blasco eta Mireia Graell La furia filmaren zuzendari eta ekoizlea, hurrenez hurren.
Sorkuntza sustatuz: Espainiako egonaldi programen eta laborategien ikuspegi orokorra izango da Tabakalerako Zinema eta Ikus-entzunezko Laborategiak hilaren 24an hartuko duen hizketaren izenburua, eta hauek hartuko dute parte bertan: Inés Enciso Zinema Akademiako Garapen Saileko koordinatzailea, Rafa Alberola ECAM Industriako arduraduna, Mariona Claveria Kataluniako Zinema Akademiako gidoigintza-egonaldiko koordinatzailea, Juan Zavala DAMAko eduki-arduraduna eta Maialen Franco Donostia Zinemaldiko prestakuntza-programen arduraduna.
Ostegunean (hilaren 25a) ACCIÓN zuzendari-elkartearen I. topaketa egingo da Z Aretoan. Egun osoa iraungo du eta honako hauek hartuko dute parte: Pablo Berger, Isaki Lacuesta, Daniela Fejerman eta Julio Medem; Belén Macías, Ramón Salazar eta Juana Macías; Helena Taberna, Manuel Martín Cuenca eta Paula Palacios; eta Bill Anderson, Marine Francen, Jérôme Enrico eta Pilar Pérez Solano.
Hurrengo egunean, gune berean, Frankismoaren diktadurako zinema-idazkerak hizketaldia izango da. Carmina Gustrán izango da moderatzailea, Espainiak askatasunean betetako 50 urteak ospatzeko ordezkaria. Parte hartuko duten pertsonak Santiago de Pablo Historia Garaikideko katedraduna, Nicolás Sesma Landrin Grenoble Alpes Unibertsitateko irakasle titularra eta Valeria Camporesi Espainiako Filmategiko zuzendaria dira.
Hizketaldiak: Nest
Programak Nest Donostia Zinemaldiko film laburren ikasleen nazioarteko lehiaketaren esparruan programatutako lau hizketaldi ere biltzen ditu. Topaketa horiek guztiak Tabakalerako zinema-aretoan izango dira.
Astelehenean (hilaren 22a), Claire Denis zuzendari frantziarrak hasiko ditu hizketaldiak. Aurten bigarren aldiz lehiatuko da Sail Ofizialean Denis Le cri des gardes / The Fence filmarekin. Zinema garaikidearen ahots ezagun eta berezienetakotzat joa, Denisek bere ibilbide pertsonal eta eragingarria errepasatuko du; Beau travail (1999), Trouble Every Day (2001) eta White Material (2010) filmak (besteak beste) nabarmentzen dira Denisen filmografian.
Hurrengo egunean, Gia Coppola –iaz Donostian Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuena The Last Showgirl filmarekin– Zinemaldira itzuliko da. Zinegile estatubatuarra edizio honetako Epaimahai Ofizialeko kide ere bada, eta zinemari begiratzeko, sortzeko eta bizitzeko duen modua partekatuko du Nesteko publikoarekin eta ikasleekin.
Hain zuzen ere, Nest eta Elías Querejeta Zine Eskolako kide izan den zinemagile batek, Jaume Claret Muxart katalanak, Hizketaldiak programan parte hartuko du, asteazkenean (hilaren 24a), bere prestakuntzaz eta Estrany riu filmaren –bere lehen lanaren– ekoizpenaz hitz egiteko. Elias Querejeta Zine Eskolan (EQZE) sortu zen eta Ikusmira Berriak programaren parte izan zen film hau Zabaltegi-Tabakaleran ikusi ahal izango da, Veneziako Orizzonti sailean mundu mailako estreinaldia izan ondoren.
Nesten azken hizketaldian, hilaren 26an (ostirala), José Luis Guerin eta Jonás Trueba zinemagileak izango dira protagonista. Aurten Sail Ofizialean lehiatuko dira, hurrenez hurren, Historias del buen valle / Good Valley Stories ez-fikzioaren zuzendari eta ekoizlea. Guerin Donostiako lehiaketara itzuliko da Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi ostean En construcción (2001) lanagatik, eta Truebak –Nesteko epaimahaiaren buru izango denak– Sail Ofizialean ere parte hartu zuen La reconquista (2016) eta Quién lo impide (2021) lanekin.
Hizketaldiak: Industria
Zinemaldiko Industria sailarekin lankidetzan, Pentsamendua eta Eztabaida atalak ohiko serie-jardunaldia antolatu du, aurten 2000 Efektua. Belaunaldi baten erretratua izenburua izango duena. Isabel Vázquez gidoilariak moderatuta, hilaren 20an egingo da Tabakalerako Z Aretoan eta hauen partaidetza izango du: Xabier Zabaleta gidoilari eta ekoizlea, Cristina Merino Movistar Plus+en eduki originalen exekutiboa eta Andrea Herrera Catalá ekoizlea.
Hilaren 23an, San Telmo Museoan, LGBTIAQ+ bereizgarria. Latinoamerikako LGBTIAQ+ filmen banaketa eta nazioartekotzea hizketaldia izango da. Sandro Fiorin ekoizle brasildarra, Ignacio Juricic zinemagile txiletarra eta Pilar Toro Filmineko marketin- eta komunikazio-zuzendaria bilduko dira bertan.
Zinemaldia & Technology atalean –teknologiaren eta ikus-entzunezkoen arteko loturak sendotzeko xedea duenean–atalaren barnean, ostegunean (hilaren 25a), Tabakalerako Prisman, AAtik haratago. Teknologia inklusiboak ikus-entzunezko sektorean hizketaldia izango da. Anna Giralt Gris zinemagile eta ikertzaileak, Selva González ekoizleak eta Adriana Moscoso GESACeko zuzendari nagusiak hartuko dute parte bertan.
Hizketaldi horiez gain, Industria Sailak hainbat hitzaldi eta mahai-inguru antolatuko ditu hainbat gairen inguruan (hala nola ikus-entzunezko europarraren orainaren eta etorkizunaren gakoak). Orobat, laugarren urtez jarraian, Inbertitzaile Sortzaileen Topaketa (Spanish Screenings: Financing & Tech) antolatuko du eta, besteak beste, honako gaiok jorratuko ditu: Europako ikasketa-eredu berria, inbertsio pribatuaren lehentasunak eta Latinoamerikako edukien gorakada.
HIZKETALDIEN PROGRAMA
Larunbata 20, 13:00, Tabakalera - 1 Aretoa
Larunbata 20, 16:00, Tabakalera - Z Aretoa
Larunbata 20, 18:00, Tabakalera - Z Aretoa
Igandea 21, 10:00, Tabakalera - 1 Aretoa
Astelehena 22, Tabakalera - Z Aretoa
Jardunaldia: Egungo Ikus-entzunezko Industriari Buruzko Diagnostiko Feministak
Astelehena 22, 10:30, Tabakalera - 1 Aretoa
Asteartea 23, 10:30, San Telmo Museoa
Asteartea 23, 16:00, Tabakalera - 1 Aretoa
Asteazkena 24, 12:00, Tabakalera - Laborategia
Asteazkena 24, 15:30, Tabakalera - 1 Aretoa
Osteguna 25, Tabakalera - Z Aretoa
Jardunaldia: ACCIÓN-eko I. Topaketa, Espainiako Zinema Zuzendarien Bilera
Osteguna 25, 12:30, Tabakalera - Prisma
Ostirala 26, 11:00, Tabakalera - 1 Aretoa
Ostirala 26, 12:00, Tabakalera - Z Aretoa