Seigarren urtez jarraian, Donostia Zinemaldiak genero-ikuspegiaren txosten bat egin du, emakume profesionalek zinema-industrian duten onarpenaren eta inplikazioaren erradiografia ahalik eta zehatzena egiteko. Urtero dokumentu hau egiteari esker, emakumeak ikus-entzunezko ekoizpenetan zenbateko berankortasunarekin sartzen ari diren ikus daiteke. Aurreko edizioekin alderatuta, ia ez da aldaketarik izan, baina joera batzuk sendotu edo nabarmentzen hasi direla esan daiteke.
Txostenak Donostia Zinemaldiko Hautespen Batzordeak ikusitako film guztiak barne hartzen ditu; hau da, 4.500 baino gehiago. Horri esker, urteko ekoizpenaren ikuspegi orokorra daukagu. Genero-ikuspegitik, aztertutako zortzi kategorietan (zuzendaritza, ekoizpena, gidoia, argazkia, musika, muntaketa, soinua eta arte-zuzendaritza), kategoria guztietan gizonezko generoarekin identifikatzen diren pertsonak dira gehiengoa (% 57 eta % 75 bitartean), arte-zuzendaritzan izan ezik. Desoreka gutxien dituzten arloak, ordena honetan, ekoizpena, gidoia, muntaketa eta zuzendaritza dira.
Zinemaldian hautatutako ekoizpenen artean, egileen generoaren ehunekoak ikusitako filmetakoen antzekoak dira, baina hautatutako filmen lantaldeetan emakumezko zuzendari (% 39), gidoilari (% 39), muntatzaile (% 39), soinu-teknikari (% 20) eta arte-zuzendari (% 41) gehiago daude (ikusitako guztietan baino % 3-6 gehiago). Aldiz, emakumezko ekoizle gutxiago daude (% 33).
Oro har, emakumezko zuzendarien eta gidoilarien presentziak pixka bat gora egin du eta soinu-teknikarien kopurua oso-oso gutxi igo da (oso gutxitan gainditzen dute % 20a); ekoizleen eta muntatzaileen parte-hartzeak, berriz, behera egin du. Datu horiek denboraren ikuspegitik aztertu beharko dira, aldaketaren bat adierazten duten edo fenomeno puntuala diren ikusteko.
Esanguratsua da Perlak izatea —hau da, urte osoan nazioartean oihartzun handiena izan duten, Oscar sarietako izendapenetan agertuko diren edo zinema komertzialetan pantaila gehiagotan erakutsiko diren filmak hartzen dituen saila—, Culinary Zinema sailarekin batera —zinemari eta gastronomiari eskainia—, generoaren ikuspegitik ehuneko desorekatuenak dituen lehiazko saila. Ikusitako eta aukeratutako filmen zein gainerako sailetakoen datu orokorretatik urrun daude, gainera.
Nest sailaren kasuan —mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen film laburrak hautatzen ditu—, datuek adierazten dutenez, zinema-eskoletan parekotasuna dago; zuzendaritzan, ekoizpenean eta gidoian ez ezik, argazki-zuzendaritzan eta musika-konposizioan ere emakumezko kopurua gizonezko profesionalenen parekoa da etapa akademikoan. Nolanahi ere, oreka hori argi eta garbi hausten da profesionalizatzeko prozesuan.
Euskal ekoizpenen artean, azken urteetako joerari eutsi zaio: zuzendaritza eta gidoi kategorietan parekotasunera hurbildu da, eta emakumezko profesionalen parte-hartzea Espainiako batezbestekoa eta orokorra baino handiagoa da.
Pertsona ez bitarren ordezkagarritasunari helduta, horien presentzia txikia da Zinemaldiak ikusitako filmen guztizkoan (soinu-teknikarien % 1 eta zinemagileen % 2), baina bereziki nabarmena da atal batzuetan, zinema-eskolako hastapenei eta proiektu-fasean dauden edo work in progress diren filmei lotuta. Horrek aditzera eman dezake aldaketa dagoela zinema-industriako profesionalen belaunaldi berrietan: pertsona ez bitarrak daude aztertutako ogibide guztietan Nesten, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan eta Ikusmira Berriaken, bai eta WIP Latamen eta WIP Europaren kategoria artistiko ia guztietan ere.