"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemira Saria, Euskal Zinemaren Gala Handian banatzen dena, Donostia Zinemaldiak eta EPE-IBAIA ekoiztetxe-elkarteak euskal zinemaren nortasun, programa edo erakunde nabarmen baten ibilbideari ematen dioten ohorezko saria da. Orain arte hauek jaso dute: Imanol Uribe (2009), Álex Angulo (2010), Elías Querejeta (2011), Michel Gaztambide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramón Barea (2016), Julia Juaniz (2017), Ramón Agirre (2018), Jose María Txepe Lara (2019), Sara Bilbatua (2020), Kimuak programa (2021), Txema Areizaga (2022) eta Paco Sagarzazu (2023). Aurten, Zinemaldiak eta EPE-IBAIA ekoiztetxe-elkarteak Elena Irureta aktoreari omenaldia egitea erabaki dute.
Elena Irureta (Zumaia, 1955) aktore, gidoigile eta zuzendaria Antzerti Arte Dramatikoko Eskolaren lehen promozioan diplomatu zen, Donostian. Bere lehen lanak antzerkiari lotuta egon ziren, baita Arlequino servidor de dos amos, Las Troyanas eta beste antzezlanekin eta ETB euskal telebista publikoaren sorrerarekin ere, Bi eta bat eta Jaun ta Jabe telesailetan parte hartu baitzuen, besteak beste. Telebistan egin duen lanik luzeena El comisario telesaila da (hamaika denboraldi, 1999tik 2009ra).
Zinemari gagozkiola, hogeita hamar filmetan baino gehiagotan lan egin du, hala nola zinemagile hauen lanetan: Juanma Bajo Ulloa (La madre muerta eta Airbag), Julio Medem (La ardilla roja), Daniel Calparsoro (A ciegas), Ramón Barearen film luze (Pecata minuta) eta laburrak (Adiós, Toby, adiós) eta Iciar Bollain (hiru aldiz: Hola, ¿estás sola?, Flores de otro mundo eta Te doy mis ojos). Euskarazko zinemako lan garrantzitsuenetako batzuetan ere parte hartu du, hala nola hauetan: Aupa Etxebeste!, Zorion Perfektua, Urte berri on, amona, Igelak eta Agur Etxebeste!. Aitor Gabilondok sortutako Patria telesailean Bittoriren rola egin zuen (hala, berriz egin zuen lan Ane Gabarainekin Bi eta bat telesaila eta gero). Platino Saria, José María Forqué saria eta Feroz bat irabazi zituen Patrian egindako lanagatik.
Aktore gisa ez ezik, gidoi-idazketan ere egin du lan Iruretak (horren adibide da Ama, begira ezazu antzezlana, Kontxu Odriozolarekin batera), eta Hau da A.U. eta Beni eta Marini telesailak ere sortu eta zuzendu ditu Aizpea Goenagarekin.