"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
“Duela hiru urte Mass filma zuzendari berrien atalera ekarri nuen, baina zoritxarrez ezin izan nuen etorri eguneroko show batean niharduelako. Orain, nolako zinema-jaialdi bikaina den ikusita, damu naiz etorri ez izanaz. Eta zer esanik ez hiriaz: harribitxia da”, azaldu du hogei urtez baino gehiagoz aktore lanetan jardun duen Fran Kanzek.
Sail Ofizialeko epaimahaikide gisa atentzioa gehien eman diona, pelikulak “antzokian jenderekin batera ikustea” izan da. “Ametsa da horrelako jaialdi batean egotea, zinema-aretoak beti baitaude beteta”. Beste jaialdietan ez da halakorik gertatzen.
Kursaaleko aretoan sentitzen den energia paregabea dela deritzo, “ziurasko bakarrik Canessen sentitzen denarekin alderatu daiteke. Sundance nire ustez Estatu Batuetako jaialdirik onena da. Hala ere, han zinema-aretoak sakabanatuta daude, ez da hemen bezala dena bertatik bertara dagoela. Gainera aretoek ez dute hemengoen xarma eta, are okerragoa dena, jaialdia negu gorrian egiten da Utah-ko herriska batean, eta denok lumazko jakak jantzita ibiltzen gara”. “Ahal izango banu”, ziurtatzen du, “urtero Zinemaldira etorriko nintzateke”.
“Nire burua batik bat aktoretzat dudanez gero, halabeharrez jotzen dut filmak antzezlearen ikuspuntutik begiratzea, senez datorkizun joera da eta nolabait saihestezina”, aitortzen du epaimahaikideak. “Zuzendaritzara hobeto hurbiltzen irakatsiko didaten filmak bilatzen ditut”, hori dio ilunkaran itsas ertzetik paseatzera irteten den eta ibilian-ibilian egunean ikusitako filmak buruan berrikusten dituen epaimahaikoak.
Antzerkigintzan ere aritua da Kranz, esaterako, Broadwayn Mike Nicholsek zuzendutako Death of a Salesman (Saltzaile baten heriotza) antzezlanean, Phillip Seymour Hoffmanekin eta Andrew Garfieldekin batera. “Ideala litzateke filmak eta antzezlanak txandakatzea. Ordea, Los Angelesen bizi naiz eta zail dut New Yorkera harat-honat ibiltzea. Zortzi urteko alaba txiki bat daukat, Bea, eta hura da nire lehentasuna”, aitortu digu.
Donostian ere badabilen Andrew Garfield adiskidearekin pote pare bat jo izan dituen galdetu diogu. “Geroxeago gelditu gara, baina oso lanpetuta nabil: egunero hiru pelikula ikusi, ez dakit zenbat izarduneko jatetxeetan jan-edan; hau eromena da!”, barre egiten du Kanzek. “Ez dugu denbora asko izan Zinemaldiko urrezko kaiolatik kanpo gizarteratzeko. Mimatu egin gaituzte, baina lan egin dugu”, amaitzen du.