"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Hard Truth Mike Leighek idatzi eta zuzendutako film dramatikoa da, eta Marianne Jean-Baptiste du protagonista. Biak bietara izan dira prentsaurrean eguneko agerraldirik goiztiarrenean.
Filmean azaldutako gatazkei buruz galdetuta, Mike Leigh argi mintzatu da. “Protagonista bizitzen ari garen garai gogorren ikurra izan daiteke nolabait. Dituen arazoak unibertsalak dira. Filma ikusten duzunean berak laguntza behar ote duen galdetzen diozu zeure buruari, baina guk ez dugu erantzunik ematen. Milioika pertsonak bizi dituzte arazo horiek beren bizitzetan, beren harremanetan. Pelikula ikustetik kalerakoan, ikusleak bere kabuz hausnartu dezan nahi dugu, erantzunak guk geuk eman beharrean. Ez da osasun mentalari buruzko dokumental bat”.
Filmak bi zati nabari ditu. Lehendabizikoan Pansy sumindu bat aurkezten zaigu, eta bigarrenean haserre edo depresio horren jatorrira garamatza zuzendariak; lehen zatian komediatik duen beste du bigarrenak dramatik. Horren gainean galdetuta, “bizitza komedia bat da”, esan du Leighek, “irrigarria, absurdoa. Tristea eta dibertigarria. Beraz, jendeak Pansyren erresuminekin barre egiten badu ondo dago. Gero irribarrea desagertuz doa pixkanaka, baina filmak erreala izaten jarraitzen du, eta hori da garrantzitsua. Zeren, altxa dezala eskua hileta batean barre egin ez duenak”.
Leighen iritziz, filmaren alderdi garrantzitsuena “errealitate organiko bat” sortzeko izan duten gaitasuna da. “Hitz egiten ari da, isiluneak daude, etenaldiak eta ekintza asko... baina dena da errealitate jarraitu bat, gertatzen ari dena da pantailan agertzen dena”, zehaztu du zuzendari beteranoak. “Familiarekiko komunikazioa oso arraroa zen mundu batean jaio nintzen. Horrek zerikusia du baldintza unibertsal batekin. Bi komunikazio mota ikus daitezke filmaren familietan. Bizitza komedia bat da, bizitza barregarria da. Tristea eta dibertigarria aldi berean, horrelakoa baita bizitza. Ez nau kezkatzen jendeak barre egiteak. Kezkatzen nau filma sinesgarria izateak eta publikoa identifikatuta sentitzeak”.
Bere antzezpen bikaina dela-eta, Jean-Baptiste protagonista izan da begirada guztien jomuga. “Marianne antzezle ona izateaz gainera oso ona da pertsonaiak eraikitzen, grina handiz egiten du lan eta benetan izan da atsegina lan honetan halako antzezleekin kontatu izana, gerora hori nabari egiten baita pantailan”, azaldu du Leighek.
Mariane Jean-Baptiste, Pansey protagonistaren papera egiten duena, papera barneratzeko prozesua nolakoa izan den azaldu du: “Entseguetan denbora asko eman genuen, pertsonaia zerotik garatu genuen eta geruzak eraikitzen hasi ginen pantailan ikusten duzuena lortu arte”.
Orduan, Mike Leighek bere miresmena erakutsi die Hard Truths filmean parte hartzen duten aktoreei. “Ezingo litzateke pelikula hau filmatu aktore eta antzezpen apartak izango ez balitu. Aktore harrigarriak dira eta kaleko pertsona arruntak antzeztea gustatzen zaie. Gozamena da talde honekin lan egitea, oso lan aberasgarria”.
Marianne Jean-Baptistek saritua izatea espero duen galderari erantzun dio. “Lan zirraragarria izan da, eta edozer gauza gerta daiteke. Baina horrela lan egitea berez irabaztea da. Uste dut paper honekin dagoeneko irabazi dudala”.
Filmaren izenburua gaztelaniara itzultzeak zeresana sortu du, eta Mike Leigh bera arduratu da hori argitzeaz. “Konfiantza osoa dut espainiar itzultzaileengan, eta esan didate Hard Truthsek ez duela itzulpen erraza, beraz, Mi única familia titulua errespetatzen dut argia delako. Hitzez hitz itzuliko balitz, inor ez litzateke etorriko ikustera”.
Sergio Basurko