"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Galako aurkezle Eneko Sagardoy aktoreak “zinemagintzako maisu ausart, original eta oso pertsonal” gisa deskribatu du sariduna. Ekitaldian, halaber, bi bideo proiektatu dira mantxakoaren filmografiako une ikoniko ugariak bistaratuz.
Tilda Swinton izan da hurrengoa hitza hartzen, zeinak zinemagilea goretsi duen “munduko su artifizial guztiak” merezi dituela esanez. Segidan, azken hogeita lau orduak zurrunbilo emozional batean bizi izan dituen Donostia saridun Pedro Almodovarrek Swintonen eskutik jaso du Zinemaldiaren sari nagusia.
Saridunak, argiro hunkituta, betaurrekoak kendu ditu bertaratutakoei zuzendu aurretik: “Arratsalde on! Eskerrik asko Pedro Sánchez hemen egoteagatik kultura babesten. Oso zaila da niretzat, baina zerbait esaten saiatuko naiz. Zinemak dena eman dit. Zinema bedeinkazioa da. Denak huts egingo didanean, filmak egiten jarraituko dut”. Bere hitzaldian, Almodovarrek esan du bere “zinemarekiko pasioak” norabide bat eman diola bere bizitzari, eta, ziurrenik, arrisku askotatik salbatu duela. “Nire adinean, Donostia Sariak adieraz dezake bide baten amaiera. Ez zait bururatzen bestelako bizimodurik, ez bada idaztea edo zuzentzea”, adierazi du, eta zinema egiten ez jarraitzea “ezereza” litzatekeela azpimarratu du.
“Zinema nire bizitza da eta aktore handiekin lan egiteko aukera izan dut”, amaitu du El Deseo ekoiztetxeko kide guztiei eskerrak eman ondoren.