"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ez dago dena lortuta, ezta gutxiago ere. Trans errealitateek espazio batzuetan ikusgarritasuna irabazi duten arren, oraindik orain gizartearen arlo eta eremu guztietan hedatzea falta da. Baita zinemagintzan ere. Errealitate transmaskulinoen inguruko solasaldia antolatu zen atzo San Telmo Museoan, zinema iberoamerikarrean izan duen eboluzioa eta gaur egungo egoera aztertzeko. Azken hamarkadetan egoera apur bat irauli da, baina agerian geratu zen bezala, hau hasi besterik ez da egin. Dena irauli beharra dago.
“Oso gizon trans gutxi ari gara zinea egiten. Momentua da aldaketa eragiteko eta hazi bat landatzeko”. Hitzak Afiocco Gnecoo zuzendari eta gidoigilearenak dira. Zilarrezko Biznaga irabazi zuen joan den Malagako Zinemaldian Ciao Bambina filmarekin. Astebete barru, Este cuerpo mío lan berria amaituko du, Carolina Yusterekin batera zuzendutako film luze dokumentala. Trans maskulinitateak aztertzen ditu bertan, tartean, berea: “Gidoigileak, ekoizleak… zinemagintzaren arlo guztietan egon behar dugu, ez bakarrik aktore edo zuzendarien kasuan. Gainera, guri gertatzen zaigu batzuetan ez garela espazio jakin batzuetan egotera ausartzen, errudun sentiarazten gaituztelako hor egoteagatik”. Zuzendariak azaldu zuen beharrezkoa dela kuotak ezartzea, baita trans errealitateen kasuan ere.
Pelikula gehienetan gertatzen da: trans pertsonak bakarrik agertzen dira trans identitatearekin lotutako paperetan. Hau da, ez dira agertzen bestelako jardueretan: bulego batean lanean, piragüismoa egiten edota figurazio lanetan, beste barik. Trans pertsona agertzen bada, gidoian trans izaera duelako agertzen da, besterik ez. Horrekin hautsi beharra dago, Do Bofill casting-zuzendari eta aktorearen arabera: “Nahiz eta paperean ez agertu, bagara, bagaude. Ez da beharrezkoa gure trans identitatea idatzita egotea bertan egon ahal izateko. Identitate-koordinatzaile bat beharko genuke errodajeetan, intimitate-koordinatzailea dagoen moduan”.
Charli Bujosa Cortések bat egiten du hausnarketa horrekin, eta gaineratzen du: “Ez gara txiste edo drama bat. Bestelako erreferenteak ere falta dira”. Pedagogia egiten jarraitu behar dela aldarrikatu zuten hirurek, batzuetan –gehienetan– nekagarria izan arren. Baina muga batekin: “Amaitu dira 20 orduko azalpenak. Orain nahiago dut inbidia ematea, gu ere hona heldu garelako”.
Moderatzaile lanetan Emilio Papamija ikertzailea aritu zen, eta pertsona arrazializatu eta migratuen errealitate propioa ere gogoratu zuen: “Azalak nola ateratzen ditugun ere aztertu behar dugu, ez baita gauza bera makillajean, argiztapenean, kolorearen tratamendua post-produkzioan… ”. Kasu honetan ere, trans identitateen kasuan bezalaxe, nolabaiteko kuotak ezartzea aldarrikatu zuen, ikusgarritasuna emateko. Edo, gutxienez, errealitatea islatzeko.
Julen Nafarrate Aurrekoetxea